Oraindik ere, 2008an baino argindar gutxiago kontsumitzen da

2015ean %2 handitu da aurreko urtearen aldean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2001ean baino %16,5 gasolio gehiago kontsumitzen da

xabier martin
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Argindar kontsumoa hazten ari da, EVE Energiaren Euskal Erakundeak ezagutzera eman duenez. 2008tik aurrera krisiak eragindako kraterra betetzen ari da, beraz, baina oraindik orduan baino argindar gutxiago kontsumitzen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEko hiru herrialdeen energia kontsumoari buruzko azterlanaren aurrerapenak utzi ditu beste izenburu batzuk. Kasurako, gas naturalak 2014ko kontsumoari eutsi dio 2015ean bi urtez jarraian behera egin ondoren, baina ohiko erabilerak (industria, merkataritza eta etxebizitzak) zentral elektrikoen alorrean izandako beherakada nabarmena konpentsatu duelako. Lehena %4,2 igo da, eta bigarrena (ziklo konbinatuko zentralak) %16 jaitsi.

Edonola ere, 2008tik kasik etenik gabeko gainbehera izan du gas naturalak, eta orduko 45.000 GWeko langatik 30.000 GWeko gutxienekora jaitsi da, heren bat alegia. Izan ere, zentral termikoetan gas naturalaren kontsumoa %74 jaitsi da 2009tik. Urte horretan kontsumitu zen gehien alor horretan.

Dieselak agintzen du

Bada, ordea, energiaren alor bat 2008ko kontsumoa gainditu duena 2015ean: erregaiak. Gasolioak bultzatu du gora gehien bat garraioan erabiltzen den atala. Izan ere, gero eta auto diesel gehiago daude euskal errepideetan, eta horrek emaitza zehatzak izan ditu kontsumoan: 2011tik %16,5 igo da gasolioaren erabilera hiru herrialdeetan; gasolinarenak, aldiz, behera egin du, %12 azken urtean, eta azken hamarkadan % 39 jaitsi da kontsumo hori, erosleen auto motaren joera zein den garbi utzita. Kopuru orokor horiez gain, erregaien %3,3 hazkundea jaso da 2015ean, eta jadanik 2008ko kontsumoaren gainetik dago, orduko 21.000 GWtan.

Argindarrari dagokionez, bigarren urtez jarraian kontsumoak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2015ean, eta orduko 15.634 GWkoa izan da, iaz baino % 2 handiagoa. Hala ere, kontsumoak 2000. urteko mailaren parekoa izan da gutxi gorabehera, eta % 16 txikiagoa 2008an baino.

Industriak hartzen du argindarraren kontsumoaren erdia baino gehiago (% 56); zerbitzu sektoreak %22a; eta etxeko zerbitzuak %17a; trenbide garraioa % 1 pasatxo da, eta petrolio findegiak %3. Industria sektorearen barruan, 2015ean siderurgia eta kimikaren alorrek % 1,1 eta % 1,3 egin dute behera, hurrenez hurren, aurreko bi urteetan gora egin ondoren.

Siderurgia sektoreak % 35eko kontsumo beherakada metatu du 2008az geroztik. 2015ean kontsumoan gora egin duten industriaren azpisektoreen artean, deigarria da eraikuntzak eta ontziolek % 30 inguru egin dutela gora; metalurgia ez burdinazkoak % 4,7 igo da; eta kautxuaren eratorriek % 2,7. Hirugarren sektorearen barruan, kontsumoak gora egin du Administrazio Publikoan (% 3,6), ostalaritzan (% 0,4) eta merkataritzan eta bestelako zerbitzuetan (% 3,2), azken urteetako joera negatiboa etenda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.