Turkiak G20koen bilera baliatu du Sirian «babes eremu bat» eskatzeko

Siriako inbasioa hasi eta bi astera, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak G20koen bilkura baliatu du Siriarako defendatu izan duen plana berriz ere mahai gainean paratzeko: mugan «babes eremu bat» sortzea. Ankarak zuzentzen dituen talde armatuek lortu dute Siriaren eta Turkiaren arteko muga kontrolpean hartzea kurduen Afrin eta Kobane barrutien arteko eremuan —100 kilometro luze den zerrenda bat—, eta, horren ondorioz, Erdoganek indartuta ikusi du bere burua proiektua berreskuratzeko. Txinako Hangzhou hirian elkartu dira Erdogan, Barack Obama AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, banaka. Obamak eta Putinek adostasunik lortu gabe bukatu dute bilera, nahiz eta negoziatzen jarraituko dutela erran. «Hala ere, Sirian gatazka baretzeko egin dezakegunaren inguruko jarrera batzuetan hurbildu gara», adierazi du Putinek.
G20ko bertze buruzagiekin egindako mahai inguru batean eman ditu azalpenak Erdoganek. Azken bi asteotako mugimendu militarrekin Turkiak gatazka horretan nolabaiteko ekinbidea hartu duela irudikatu nahi izan du, eta Obamarekin eta Putinekin eztabaidatutakoaren inguruan mintzatu da. Batetik, Erdoganek bi potentzien buruzagiei eskatu die aire eremua debekatua izanen duen lurralde bat ezartzeko Sirian, Turkiak sortu nahi duen «babes eremua» ezartzeko ezinbertzeko baldintza. Bertzetik, Turkiako presidenteak erran du Alepo hirian eta inguruan su-eten bat ezartzeko aukerari buruz mintzatu direla. Musulmanen Eid al-Adha ospakizuna hasi baino lehen ezartzea litzateke asmoa —hurrengo astean da hastekoa—. Erdoganek G20ko herrialdeei erran die babes eremu hori ezarrita «migratzaileen emaria» geldituko litzatekeela, Siriako errefuxiatuak bertan ezarriko lituzketelako.
Erdoganek, bertze behin, EI Estatu Islamikoarekin parekatu ditu PKK Kurdistango Langileen Alderdia, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia —Siriako kurduen indar nagusia— eta YPG Herriaren Babes Unitateak —Siriako kurduen miliziak—. Siriak Turkiarekin duen muga gehiena dago YPGen kontrolpean, eta 100 kilometrotan EI bidali berri du Ankarak. «Espero dugu gure hegoaldean ez egotea terrorearen korridorerik. Hori eragozteko, Turkia borrokan ari da, [AEBen] koalizioko indarrekin elkartasunez. Uste dut borroka hau irabaziko dugula».
EIren aurka borrokan ari diren indarrek luzaroan eduki duten helburua izan da muturreko talde islamista sunita Turkiako mugatik bidaltzea, horren bidez lortu baitu atzerriko borrokalariak eta hornigaiak sartzea eta ateratzea, eta petrolioa estraperloan saltzea. Turkiak zuzentzen dituen Siriako talde islamistek asteburuan lortu dute EI bidaltzea, Ankarak jakinarazi duenez. Alemaniak, Belgikak, Erresuma Batuak eta Frantziak lehentasuntzat aurkeztu izan dute Turkiako muga ixtea, Europako boluntarioei eragozteko Sirian sartzea edo atentatuak egiteko ateratzea, bertzeak bertze.
Hala ere, zorion eta poz mezu gutxi aditu dira nazioartean, eta oihartzun mediatikoa ere ez da zabala izan, Turkiak azken urteotan Sirian EIrekiko jokatu duen rolak eztabaida anitz sortu baitu. Kurduen miliziek helburutzat dute Afrin eta Kobane elkartzea eta horrekin EI lurralde horretatik bidaltzea, baina Turkiak hori eragotzi nahi du. Azken urteotan Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduak Turkiari leporatu dio EIri mugan laguntzea kurduen aurka jo zezan.
Potentzia nagusiek, berriz, adostasunik gabe jarraitu dute. «Desadostasunak negoziazio batean murriztea hagitz zaila da», adierazi du Obamak Hangzhoun. John Kerry AEBetako Estatu idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa elkartu ziren lehenik, eta ados paratu ez zirela iragarri ondoren elkartu ziren Obama eta Putin, ordu eta erdiz. Putinek baikor agertu nahi izan du, eta erran du «konfiantza handia» duela akordioa «egun batzuen buruan» lortzeko. Uztailean hasi zituzten negoziazioak, eta Alepon su-eten bat lortzea da eztabaidagai nagusia.
Gutxienez, 48 hildako Sirian
Turkiako mugako azken eremua galdu eta biharamunean, EIk bere gain hartu du Siriako hainbat hiritan egindako atentatu saila. Sana agentziaren arabera, gutxienez 48 lagun hil zituzten atzo lau hiritan, lehergailuz egindako erasoetan. Atentatu larriena Tartusen egin zuten, Mediterraneoan —35 hildako—. Gobernuaren eta kurduen milizien esku daude atentatuak jasan dituzten hiriak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.