Gutxiengoan egindako lehen ituna argitaratu dute aldizkari ofizialean

Jaurlaritzak babes ofiziala eman dio Arabako metalgintzan SEA, CCOO eta UGTrekin sinatutakoari

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideek uztailean adostu zuten eragin mugatuko hitzarmenak bultzatzea. J. FONTANEDA / ARP.
Oihan Vitoria.
2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Duela bi hilabete enpresetan eragin mugatuko hitzarmenak bultzatzeko indarrak metatu ostean, akordioaren sinatzaileak —Eusko Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT— hasi dira erabaki horren lehenbiziko fruituak jasotzen: Arabako metalgintzan gutxiengoan adostutako ituna argitaratu zuen atzo Arabako Aldizkari Ofizialak, ofizialki, hura izenpetu eta urtebetera. Finean, gauzapen praktiko bat baino ez da, beste urrats bat sinatzaileek hitzartutako bidean, baina badu aparteko karga sinbolikoa: aurreneko aldia da gobernu batek gutxiengoan sinatutako hitzarmen bat publiko egiten duela aldizkari ofizial batean. Jaurlaritzak, SEA patronalak, CCOOk eta UGTk babestu zuten ituna, baina argitalpenean ez dute aipamenik egin horien ordezkaritzaz: %30.

Itunaren berri eman zuten egunean agindu zuten sinatzaileek bi zatitan banatuko zutela lana. Batetik, CCOO, UGT eta Confebask eraginkortasun mugatuko akordioen atzetik arituko zirela horiek orokortzeko asmoz, eta Jaurlaritzak, berriz, bereziki hedapenean lagunduko zuela. Honela zehaztu zuten: «Sindikatuek eta enpresek sinatutako akordioak gordailuan sartu eta argitaratuko ditu, betiere legeak eraginkortasun orokorra aitortzeko ezarritako adierazgarritasunera iristen ez badira». Jaurlaritzak, justuki, hori egin du, aldizkari ofizialean argitaratuta.

Babes ofiziala eman die horrek orain arte gutxiengoan izenpetutako akordioei eta aurrerantzean eragileek hitzartu ditzaketenei. Giroa gori dago bi aldeen artean, eta keinu horrek are gehiago tenkatu du soka gehiengo sindikalaren —ELA eta LAB—, gobernuaren, patronalaren eta Espainian egoitza duten euskal adarren artean.

Horren isla, sindikatu abertzaleek heldu den astearterako egin duten deialdi bateratua: Gasteizko kaleak hartuko dituzte ELAko eta LABeko ordezkariek, gehiengo sindikala baztertzeko estrategia bat abian dagoela gaitzesteko eta «benetako negoziazio kolektiboa» galdegiteko. Lehendakaritzan amaituko dute mobilizazioa.

Hauteskunde sindikaletan lortutako ordezkaritzari muzin egitea egotzi diote sindikatuek Jaurlaritzari, «itun merkeen truke». LABek larritzat jo du «salbuespen egoera bati» normaltasuna eman nahi izatea, eta salatu du langileen gehiengoa «mespretxatzen» ari direla. «Lan harremanetan 30 urte egin dugu atzera», dio ELAk.

Garen patronala ere, kexu

Enpresari txiki eta ertainen aldeko Garen elkarteak ere kezkatuta hartu du Jaurlaritzak «bide luzerik gabeko» egitasmoak gehiengoaren bizkar sostengatzea. «Gobernuaren itxurakeria ezkutatzeko kea da». Ituna demokrazia faltaren isla dela uste du, eta enpresei ez diela «ezer onik» ekarriko.

Ohartarazi du eragin mugatuko itunek gatazkak sor ditzaketela, enpresariak nahastuko dituztela iritzita. «Konfrontaziora garamatza, inolako beharrik gabe». Legebiltzarrean legeak gehiengorik gabe onartzearekin parekatu du. Bat dator ELA: «Eskandaluzkoa litzateke gobernu batek parlamentuko %30aren babesarekin aurkeztuko balu lege bat aldizkari ofizialean. Bada, hori da Arabako metalgintzan gertatu dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.