Lehen trabak jaso ditu

Jadot ekologistarekin batzartu da Hamon, Frantziako ezkerra elkartzeko. PSko 90 bat diputatuk uko egin diote beren hautagaia babesteari

ander perez zala
2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Frantziako ezkerra batzeko lehen pausoa eman du Benoit Hamon PS Alderdi Sozialistaren presidentegaiak. EELV Europa Ekologia-Berdeak alderdiko presidentegai Yannick Jadotekin batzartu zen atzo, eta, aurrez espero bezala, trabak izan ditu. Aliantza ez da ezinezkoa izango, ordea.

Jadot argi mintzatu da aukera horretaz: «Erantzukizun historikoa dugu; egoak alde batzera utzi behar ditugu. Dinamika da balio duena; Hamoni ez diot eskatuko PS hiltzeko, zentzuduna izateko baizik». Herenegun, aldiz, Jadotek adierazi zuen Hamonek PSrekin «hautsi» beharko duela ezkerreko aliantza osatzeko; horrez gain, gaineratu zuen PSren presidentegaiak Vallsen eta ekologisten artean hautatu beharko duela. Dena den, atzo ez zuten aliantzari buruz hitz egin.

PSko idazkari nagusi Jean-Christophe Cambaledisek dei egin die alderdiei ezkerra batzeko, apirilaren 23an eta maiatzaren 7an egingo diren bozei begira. Alderdi Sozialistaz eta ekologistez gain, La France Insoumise da balizko aliantzako hirugarren aktorea. Jadotek ez du baztertu La France Insoumiseko Jean Luc Melenchonekin negoziatzea, baina iragarri du Europari buruz «argi» hitz egin beharko dutela, hor egongo delako desadostasunik handiena. Haren ustetan, herritarrek «itxaropena» nahi dute: «Berdin zaie EELV, La France Insoumise edo gainontzeko alderdi politikoak». Gai horren inguruan ere mintzatu da PCF Alderdi Komunistako idazkari nazional Pierre Laurent, eta adierazi du prest dagoela Hamonekin batzartzeko. PCFk joan den abenduan bozkatu zuen Melenchonen hautagaitza babestearen alde.

EELVko eurodiputatu Michele Rivasik eta Noel Mamerek hiru presidentegaiei eskatu diete ezkerreko frontea osa dezatela datozen bozetan, eskuinari eta eskuin muturrari aurre egiteko.

Liskarra alderdi barruan

Bitartean, PS barruan, Asanblea Nazionaleko 90 bat diputatuk uko egin diote Hamon babesteari—288 diputatu ditu PSk—. Frantziako presidente François Hollanderen eta Manuel Valls lehen ministro ohiaren aldekoak dira, eta, haien ustez, «ezker muturraren» programa du Hamonek.

Hala, PSren presidentegaiak gero eta zailago du alderdiko fronteak batzea. Hamon babestuko ez dutenek En Marche-ko presidentegai eta Hollanderen Ekonomia ministro ohi Emmanuel Macronen alde egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.