Zigor prozedura Txekia, Polonia eta Hungariaren aurka, asilo kuotengatik

Errefuxiaturik ez hartzeagatik salatu ditu Europako Batzordeak. 2015eko irailean adostu zuten EBko kideek denen artean bi urteren buruan 160.000 iheslari hartzea, eta 20.869 baino ez dituzte birkokatu

Hainbat iheslari Horgoseko (Serbia) kanpaleku batean, Serbia eta Hungaria arteko mugan, iazko uztailean. E. MOLNAR / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Bruselak belarrietatik tira egin die Polonia, Txekia eta Hungariari. «Europa ez da soilik funtsak jasotzea; garai zailak ere partekatu behar dira», adierazi zuen atzo, ohar bidez, Dimitris Avramapulos Europako Batasuneko Immigrazio komisarioak. Izan ere, EB Europako Batasuneko kideek Italiako eta Greziako kanpalekuetako errefuxiatuak hartzeko kuotak adostu zituzten duela ia bi urte, eta hiru herrialde horiek ez dute ia iheslari bakar bat ere hartu. Europako Batzordeak horregatik ireki die zigortzeko prozedura bat.

Kideek 2015eko irailean onartu zutena izan zen bi urteren buruan160.000 errefuxiatu hartu eta horiek birkokatzea, estatu bakoitzarentzako kuota batzuk zehaztuz. Kuota horiek kalkulatzeko, kontuan hartu zituzten herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordina, biztanleria, langabezia tasa eta gaiari dagokionez aurrez egindako ahaleginak.

Europako Batzordeak atzo jakinarazi zuen 20.869 birkokatu dituztela; duela ia bi urte aipatutako zifraren laurden bat ere ez. «Immigrazioa kudeatzeko hartutako neurriak bere fruituak ematen hasi dira», esan zuen Avramopulosek, atzo kaleratutako txostenean. Aipamen bat bera ere ez zion egin orain bi urte helburu gisa jarritako kopuruari, eta elkarkidetzarako deia egin zuen: «Europan immigrazioa kudeatu ahal izango dugu soilik elkarrekin lan egiten baldin badugu eta elkartasun eta erantzukizun espiritua baldin badaukagu».

Nabarmendu zuen Poloniak, Hungariak eta Txekiak ez dutela iheslari «bakar bat ere» hartu, ez dutela horretarako intentziorik, azkeneko urte erdian behin baino gehiagotan ohartarazi diela, baina ez dutela «ezer» egin. Beraz, errieta: «Utz iezadazue ezin argiagoa izaten: birkokatzeei buruzko Europako Batasuneko Kontseiluaren erabakia ez da aukera bat, betebehar bat baizik». Europako Batasuneko Kontseilua EBko estatuetako agintari gorenek osatzen dute.

Zigor prozedura ireki zaiela jakin ondoren, Bohuslav Sobotka Txekiako lehen ministroa mintzatu zen: «Birkokapen sistema legez kanpoko migrazioa hauspotzeko deia da». Areago joan zen, eta kuota sistemarengatik dagozkion 2.600 iheslarietatik bakar bat ere ez dutela hartuko azpimarratu: «Gure jarrera defendatzeko prest gaude, eta arrakasta edukitzea espero dut». Milan Chovanec hango Barne ministroari iruditzen zaio EBk ez dituela zigortuko «kuoten zentzugabekeriaz» ohartarazi zituen estatuak. «Horrek modu katastrofikoan zulatuko luke txekiarrek EBn duten konfiantza».

Oraingoz zigor prozedura ireki du Europako Batzordeak. Poloniak, Txekiak eta Hungariak bi hilabete dauzkate orain iheslariak zergatik ez dituzten hartzen justifikatzeko. Erantzuten ez badute edo erantzun horiek ez badute Europako Batzordea gogobetetzen, estatuek beste bi hilabete izango dituzte erantzuteko. Akordiorik ez baldin badago, Bruselak EBko Justizia Auzitegira jo dezake —lotesleak dira haren erabakiak—, eta herrialde horiek zigortu.

EBko kideek, 2015eko irailean, iheslariak hartzeko programa hasi zutenean, Hungariak, Eslovakiak, Errumaniak eta Txekiak horren aurka bozkatu zuten. Txekiak hamabi hartu ditu ia bi urteren buruan, baina lehengo astean programatik ateratzea erabaki zuen. Europako Batzordeak atzo emandako datuen arabera, Alemania eta Frantzia dira errefuxiatu gehien hartu dutenak: Alemaniak, 5.658, eta Frantziak, 3.478. Oraindik 11.000 errefuxiatu daude Grezian, 2.000 Italian, EBk onartutzat ematen dituenak, eta Avramopulosek pentsatzen du «egingarria» dela horiek irailerako birkokatzea.

GKEen salaketa Budapesti

Atzerritik urtero 23.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten Hungariako GKE gobernuz kanpoko erakundeek informazio hori beren dokumentu eta material publikoan iragarri beharko dute. Horixe erregulatzeko lege bat onartu du Hungariako Parlamentuak. Hango ia 180 GKE ez daude legearekin ados, eta komunikatu bat kaleratu dute: «Lege mingarria da, ez da beharrezkoa». Haiek diote gardentasunez funtzionatzen dutela eta diru sarreren jatorria publikatzen dutela. Viktor Orban presidenteak dio GKE askok George Soros magnatearen dirua jasotzen dutela eta «mafiek bezala» jokatzen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.