ELNk eta Bogotak su-etena sinatu dute, gerrillaren historian aurreneko aldiz

Herritarrak babestea du asmo akordioak. Urriaren 1ean sartuko da indarrean, 102 egun iraungo du, eta helburuak bete ahala berrituko dute

Kolonbiako Gobernuko ordezkaria, Ekuadorko Atzerri ministroa eta ELNko ordezkaria, atzo, Quiton. ROLANDO ENRIQUEZ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
ELN Nazioa Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak behin baino gehiagotan eduki dituzte bake elkarrizketak. Esaterako, bai 1990eko hamarkadan, bai 2000koan. Baina ez zuten akordiorik lortu. Oraingoan, ordea, bai. Historian lehen aldiz su-etena sinatu dute 1964tik diharduen gerrillak eta Bogotak. Quiton izan zen ekitaldia, atzo —han negoziatu dute—, eta elkarrekin kaleratutako dokumentuak dio «funtsezko helburu bat» duela akordioak: «Herritarren egoera humanitarioa hobetzea». Datorren urriaren 1ean sartuko da indarrean, 102 egun iraungo du, eta, Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidenteak adierazitakoaren arabera, hitzarmena berrituz joango dira, negoziazioko «gainerako puntuak betetzen diren neurrian».

Ezarritakoa konplitze aldera, gobernuak, ELNk, NBEk eta Eliza katolikoak batera lan egingo dute, eta, komunikatuak dioenez, «akordioa garatzeko protokoloak adostuko dituzte». Laugarren negoziazio saila urriaren 23an hasiko dute, Quiton, eta horretan su-etenaren gainontzeko aspektu «logistikoak» zehaztuko dituzte.

Israel Ramirez Pineda Pablo Beltran izan da ELNren negoziatzaile burua bake elkarrizketetan, eta Quiton egindako ekitaldian gogoratu zuen Kolonbian biolentzia pairatzen dutela lider sozialek. «Akordio honek hori arintzea du asmo». Izan ere, soilik aurten 101 ekintzaile hil dituzte Kolonbian. «Biolentzia horren kontra egingo dugu». Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jakinarazi zuen lehengo astean, Kolonbian, indarkeriaren eraginez, ia 118.000 pertsona desagertu direla azkeneko 78 urteotan. «Akordio hauek lagun dezatela Latinoamerika eta Karibea bake eskualde gisa eraikitzen. Hori da guk kontinenteari egindako ekarpena», nabarmendu zuen Beltranek.

Joan den otsailean ekin zieten elkarrizketei bi aldeek —iazko martxoan aurkeztu zuten agenda, baina gobernuak baldintza gehiago jarri zituen—, eta, publikoki behintzat, negoziazioetan aurrerapausorik ez zegoela zirudien. Bien bitartean, ELNk maiatzean atentatu bat egin zuen Bogotan —hildako bat eta dozenaka zauritu—; ekainean, Herbehereetako bi kazetari bahitu zituen astebetez; eta asteburuan onartu zuen Errusiako gatibu bat hil zuela apirilean. Santosek atzo telebistan egindako agerraldian jakinarazi zuenez, ELNk konpromisoa hartu du bahiketarik ez egiteko, oliobideei ez erasotzeko eta zibilen aurka ez egiteko. Bestetik, gobernuak bermatzen du gerrillarien kontrako ekintza militarrik ez duela egingo.

Landa guneetako gerrilla

Kolonbiako talde gerrillari handienen artean bigarrena da ELN, eta, Bogotaren arabera, 1.500 eta 2.000 gerrillari bitartean ditu orain. Herrialdearen iparraldeko departamenduetan du presentzia handiena, eta, batik bat, landa guneetako gerrilla bat da. Lurraren eskubidea, ingurumenaren babesa eta aberastasunaren banaketa justua ditu bere borroka arrazoi nagusiak. 1970eko hamarkadatik aurrera askapenaren teoriak eragin handia izan zuen gerrillan.

FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea zen herrialdeko gerrilla handiena. Joan den irailean sinatu zuen behin betiko su-etena gobernuarekin, duela ia hiru hilabete armagabetze prozesua bukatu zuen, eta alderdi politiko bilakatu zen joan den ostiralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.