ABRAk ohartarazi du berriro abiaraz dezakeela Arabako Mahastiak zigilua

Arabako Errioxako upategien elkarteak esan du Errioxako sor-marka ez dela betetzen ari eremuko ardoen sustapena egiteko konpromisoa
Lezako mahastiak, aurtengo bilketa hasi aurretik.
Lezako mahastiak, aurtengo bilketa hasi aurretik. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2017ko azaroak 14
Hainbat urteko desadostasunaren ondoren, ke zuria lortu zuten Arabako sor-markaren kontseiluan, aurtengo abuztuan. Arabako Errioxako ardoen jatorria modu argiagoan erakustea ahalbidetu duen akordio hori pitzadurak erakusten hasi da, ordea. Arabako Errioxako Upategien Elkarteak, ABRAk, esan du eremuko ardoak sustatzeko akordioa ez dela betetzen ari; Errioxako kontseiluak onartu du ez dagoela aurrekontu jakinik eremuko ardoen publizitatea egiteko, eta ABRArentzat sustapen hori oinarrizkoa da, Arabako Errioxako zigilua (eremukoa) eta herriko ardoarena (Guardia, Samaniego, eta abar....) arrakasta izan dezaten.

«Arabako Errioxan babes eremu berri bat [Arabako Mahastiak] eskatu dugun upategien nahi eta behar guztiak gogobetetzen ez zuen arren, abuztuko akordioarekin bat egin genuen ardura handiz, eta bi urtez zigilu berriaren tramitea geldirik uzteko konpromisoa hartu genuen», dio ABRAk helarazi duen ohar batek. «Abuztuko akordioa ez bada idatzirik jasotako terminoetan betetzen, hura ez dela betetzen ari ulertuko dugu, eta ABRA aske izango da hartutako konpromisoarekiko». Alegia, Arabako Mahastiak zigiluaren tramiteak berriro martxan jar ditzakeela, epe ertainera sor-marka berri bat egon dadin Arabako Errioxan.

176 upategiren eskaera

Errioxako sor-markari abisua eman dio, beraz, ABRAk, baina zaila ematen du abuztuko kontsentsutik ateratzea; besteak beste, eremu ardoen etiketa erabiltzeko eskaera arrakasta handia izaten ari delako; upategi txikien elkarteak berak eman ditu datuak: «Mahats bilketa oso goiztiarra izan den arren, sektoreak ilusio handiz hartu du etiketa berriak baliatzeko aukera». 176 upategik eskatu dute eremuko ardoa merkaturatzeko baimena. 143k Arabako Errioxaren etiketapean salduko dituzte beren botilak, denak edo haietako batzuk. 37 upategik herriko ardoa merkaturatuko dute; horrez gain, Arabako Errioxako 44 upategik mahasti bereziko ardoa saltzeko tramiteak hasi dituzte. «Eta eskaera gehiago jasoko ditu sor-markak aurrerantzean», dio ABRAk.

Elkarte horietatik kanpo dauden upategi askok eskatu dute eremuko ardoa egiteko baimena etiketa berria ipintze aldera. ABRAn 113 upategi baino ez daude, eta horietako den-denek ez dute eskatu etiketa berria. 176 upategiren eskaera dagoenez, 75 bat upategi egon daitezke ABRAtik kanpo eremuko ardoa edota herrikoa egiteko tramitea hasi dutenak. Ardoaren jatorriari helduta, gero eta gehiago dira balio erantsiaren bila ari direnak, ardo botilaren salneurria igotzeko esperantzarekin.

Datorren urtetik aurrera, beraz, Arabako Errioxako etiketa handiagoa eta argiagoa duten botila anitz egongo dira salgai. Etiketa horrek aukera emango dio kontsumitzaileari errazago ohar dadin erostera doan ardoa Arabako Errioxakoa ote den edo beste eremu batekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna