Ondorena prestatzeko lehian

Siriak, Errusiak eta Turkiak gogor erantzun dute AEBek kurduen miliziekin eta aliatuekin eratu nahi duten armadaren aurka. 30.000 kideko indar bat sortuko dute, EI «berpizteko aukera» eragozteko

SDF Siriako Indar Demokratikoetako miliziano bat Raqqan, iazko ekainean. YOUSSEF RABIE YOUSSEF / EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
EI Estatu Islamikoak Sirian kontrolpean zuen lurralde ia dena galdua du jadanik, iaz SDF Siriako Indar Demokratikoek eta Siriako armadak, bakoitzak bere aldetik, eman zizkioten kolpeen ondoren. Ia zazpi urte bete dira Siriako gerra hasi zenetik, eta, behin EI protagonismotik kenduta, gero eta argiago hasi dira azaleratzen alde nagusien eta horien nazioarteko babesleen arteko tentsioak. Azken eragilea AEBek herenegun jakinarazitakoa izan da: 30.000 kidek osatuko luketen armada bat entrenatzen hasi da, SDFk kontrolatzen duten eremuaren mugetan hedatzeko. Siriako Gobernuak, Errusiak eta Turkiak hagitz haserre erantzun zuten atzo. Damaskok «traidore» erran dieSDFri, eta Errusiak AEBei leporatu die Siria «hautsi» nahi izatea. Turkiak, berriz, erran du armada hori «suntsitu» eginen duela.

SDF 2015eko udazkenean sortu zen. Kurdistango YPG Herriaren Babes Unitateak dira koalizioko indar nagusia, eta EIren aurkako gerran arabiarren, asiriarren, turkmenen eta bertze etnien milizia txikiagoak batu zaizkie. AEBek zuzentzen duten nazioarteko koalizioaren laguntza izan dute. Hain zuzen, SDF izanen da indar berri horren oinarria. Thomas Veale koronelak azaldutakoaren arabera, Mugako Segurtasun Indarra izena edukiko du, eta bermatu du 30.000 kide horietatik 15.000 SDFn dauden miliziano kurduak eta arabiarrak izanen direla. AEBek diotenez, EI «berpizteko aukera» eragotziko du indar horrek. Turkiaren eta Iraken menpeko Kurdistango mugan hedatuko da, baita Eufrates ibaiaren ekialdeko hegian zehar ere; bertze aldean dago Siriako armada.

«Amerikarrek babesten dituzten milizia horietan parte hartuko duten siriar guztiak haien nazioaren eta herriaren traidoretzat hartuko ditu Siriak, eta horren arabera jokatuko du haiekin», adierazi zuen atzo Siriako Atzerri Ministerioak SANA agentzian argitaratutako ohar batean. Gainera, AEBen «okupazioa» bukatuko duela erran du —aire erasoak egiteaz gain, AEBek 2.000 soldadu inguru dituzte Sirian—.

AEBek Eufrates ibaitik ekialdera aliantza militar sendoa egin dute SDFrekin, baina ez diete aitortza politikorik eman miliziek kontrolatzen dituzten eremuetan sortu diren administrazio egiturei. Mugako indar hori eratzen laguntzeko asmoa agertuta, pauso garrantzitsua eman dute Ipar Siriako Federazio Demokratikoa egonkortzeko. «AEBen ekintzek erakusten dute ez dutela mantendu nahi Siriaren lurralde batasuna», adierazi zuen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Moskun egindako agerraldian. «Gainera, arazo bat sortzen du kurduen eta Turkiaren arteko harremanean».

Izan ere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eman du erantzunik gogorrena. «Armada terrorista bat» sortzea leporatu die AEBei, eta helburu militar zuzen bat ere paratu du: kurduen Afrin barrutia. «Dena prest dago. Operazioa edozein unetan has dezakegu», erran zuen atzo Ankaran. Siriaren ipar-mendebaldean dago Afrin, kurduen gainerako lurraldeetatik banatuta. Eufrates ibaitik ekialdera ez bezala, Afrinen YPGk ez du AEBen laguntzarik.

Sotxiko konferentzia

Mugimendu horiek denak une berezian gertatu dira, Errusiak, Iranek eta Turkiak asmoa baitute hilaren bukaeran Sotxin (Errusia) bake konferentzia bat egiteko Siriako Gobernuaren eta matxinoen artean. Baina AEBekin ez ezik, herrialde horiek haien artean ere gaiztotua dute giroa, Siriako armada Errusiaren laguntzarekin erasoaldi betean ari baita matxino islamista suniten menpe dagoen Idlib probintzia berreskuratzeko, eta horrek Turkia haserretu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.