Amets autonomoaren bukaera

Igandeaz geroztik, Turkiako bandera dago zintzilik Siriako Kurdistango Afrin hirian. Erdoganek Kurdistango muga osoa inbaditu nahi du Sirian eta Iraken. Kurduak garbiketa etnikoaren beldur dira

Inbaditzaileak Afringo barrutiaren legebiltzarrean, herenegun, Turkiako eta Siriako oposizioaren banderekin. EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Siria barneko Kurdistango Afrin barrutiak sei urtez eutsi dio burujabetzari. 2012an, Siriako armada eta estatuko indarrak erretiratu egin ziren, eta hango herritarrek administrazio eta milizia propioak eratu zituzten. Nahiz eta fisikoki bereizita egon Rojavako —Kurdistan mendebaldea, Siriaren barnekoa— bertze eremuetatik, horien administrazio egitura berberetan integratu zen, Ipar Siriako Federazio Demokratikoa sortzeko, eta iragan urtarrilera arte Siria osoko eremurik egonkorrenetakoa izan zen, gerra fronterik gabe. Herenegun bukatu zen Afrin autonomoaren ametsa, Turkiak eta hark babesten dituen talde armatuek barrutiaren inbasioa bururatzea lortu baitute. Dena den, zaila da iragartzea nola garatuko den gatazka hemendik aitzinera: kurduen miliziek erran dute erresistentziarekin jarraituko dutela, baina beldur dira ehunka milaka herritarrek ihes egin ondoren Turkiak ez ote duen Afrin kolonizatuko. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, berriz, atzo ere mehatxu egin zuen Siriako eta Irakeko Kurdistango muga osora zabalduko dutela inbasioa. «Koma bat paratu dugu orain, eta, jainkoak hala nahi badu, puntu oso bat paratuko dugu agudo. Ez gara hemen geldituko».

Herenegun eguerdian sartu ziren Turkiak babesten dituen miliziano islamistak Afrin hiriaren erdigunera. YPG Herriaren Babes Unitateek —kurduen miliziek— ez zieten gehiago aurre egin, erran zutenez, setio luze bat eta biktima zibil gehiago eragozteko. Hedabide batzuek argitaratu zituzten irudietan, miliziano islamistak ageri ziren Turkiako banderak zintzilikatzen, Kawa errementariaren estatua bat eraisten —kurduen heroi mitologikoa—, eta etxebizitzak eta komertzioak arpilatzen.

Hevi Mustafa Afringo administrazio autonomoko ordezkariak atzo Reuters agentziari adierazi zionez, kalkulatu dute hirian zeuden 350.000 biztanleetatik220.000 inguruk ihes egin dutela —barrutiko herritar gehienak Afrin hirian bizi ziren—. «Autoak dituzten herritarrak autoetan ari dira lotan. Autorik ez dutenak, zuhaitzen azpian», kontatu du Mustafak. Gurutze Gorria iheslari horietako batzuk artatzen ari da Afrin ondoko herrietan. Peter Maurer Gurutze Gorriko presidenteak Turkiari eskatu dio uzteko giza laguntza helarazten. «Turkiako Ilargi Gorriak Afrinen herritar kurduekin lan eginen duela sinestea hutsaren parekoa da», adierazi zuen Genevan (Suitza), Ekialde Hurbiletik itzuli berritan.

Etorkizuna, zalantzan

Erdoganek joan den astean adierazi zuen Afringo administrazioa ez zutela utziko Siriako Gobernuaren esku, eta atzo Binali Yildirim lehen ministroak erran zuen Turkiako soldaduak ez direla barrutian geldituko. Zeinek eta nola administratuko duten, beraz, ez dute argitu. Afringo jatorrizko biztanleen %85 inguru kurduak dira, eta, administrazio autonomoko ordezkariek adierazi dutenez, gehienek alde egin dute, Turkiako armadaren eta milizia islamisten beldur —arabiarrak eta turkmenak dira talde horietako kide gehienak—. SDF Siriako Indar Demokratikoak —YPG indar nagusitzat duen koalizioak— joan den astean salatu zuen Turkia herritar arabiarrak eta turkmenak ezartzen ari zela kurduek hutsik utzitako etxeetan. YPGk oraindik kontrolpean dauzka Afrin barrutitik kanpo, haren mugan dauden herri batzuk —2016an Siriako armada Alepo berreskuratzeko erasoaldian ari zela baliatuta islamistei kendutakoak—, baina Ahmad Othman buruzagi militar turkmenak atzo ohartarazi zuen berehala jotzekotan zirela harat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.