Siriak Israeli egotzi dizkio bere bi base militarren aurka egindako erasoak

Hama eta Alepo probintzietan daude, eta gutxienez 26 pertsona hil dira. Iranen miliziak han egon arren, ez dago argi hildakoen artean dauden

Pompeo AEBetako Estatu idazkaria eta Netanyahu Israelgo lehen ministroa, herenegun, bileraren ostean. T. COEX / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Israeli erreferentzia eginez, Siriako armadako bozeramaile batek atzo adierazi zuen «etsaia» zegoela igande gauean Hama (hegoaldean) eta Alepo (iparraldean) probintzietan egindako erasoen atzean. Erasoak misilak erabiliz egin ziren, bi base militarren aurka, eta gutxienez 26 pertsona hil eta 60 zauritu dituzte, Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Siriako armadak eta Iranen milizia xiiten esku zeuden gune horiek, eta han zeuden 200 misil suntsituta geratu direla gaineratu zuen. Iranek hainbat konboi bidali izan ditu base horietara Baxar al-Assad Siriako presidentearen indarrei babesa emateko, eta misil horiek suntsitzea litzateke erasoaren helburua. Israelgo Defentsa Ministerioak ez du adierazpenik egin gai horren inguruan.

Sirian egindako erasoak bi bileraren ostean gertatu dira: herenegun, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin mintzatu zen Ekialde Hurbileko «mehatxuez», batez ere Iranek eskualdean izan duen hedapen militarraz, Etxe Zuriak jakinarazi zuenez. Horrez gain, Netanyahuk egun berean jaso zuen Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkari berriaren bisita. Honako hau adierazi zuen Pompeok: «Borroka honetan Israelekin gaude. Iranen anbizio gaiztoei aurre egiteko, beharrezkoa da aliatu sendoen arteko lankidetza estua».

Oraingoz, ez dago argi hildakoen artean Irango milizien kiderik ote dagoen. Herrialde horretako hedabide batzuek hala adierazi duten arren, beste batzuek gezurtatu dute miliziano xiitak hil direla; Irango Guardia Iraultzailea ere izan ohi da base horietan, baina Teheranek gezurtatu du hildakoen artean daudela. Dena den, herrialdeko lider goren Ali Khameneik ohartarazpena bidali zien erasotzaileei: «Amaitu dira Iranen etsaiek kolpe egin eta ondoren ihes egiten zuten garaiak».

Bi herrialdeak gerran

Teknikoki, Israel eta Siria gerra egoeran dira 1949az geroztik. Urte horretan menia sinatu zuen Tel Avivek bere inguruko herrialde arabiarrekin, estatu juduaren sorreraren aurka agertu zirenekin, baina ez dute bakea sinatu.

Al-Assadek atzo gogorarazi zuen eskualdeko mapa aldatzen ari dela, baita Damaskoren aurka ari diren herrialdeen estrategia ere. Siriako presidentearen ustez, matxino islamisten bidez egindako zeharkako erasoak alde batera utzi dituzte, eta zuzeneko erasoei ekin diete, matxino horiek azken urteotan Sirian jasan dituzten porrotek bultzatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.