Mattarellak «gobernu neutral» bat proposatu du, edo bozak errepikatzea

Akordiorik gabe bukatu da Italian gobernua osatzeko hirugarren bilera sorta. M5S eta Lega prest daude uztailean hauteskundeetara joateko

Sergio Mattarella Italiako presidentea, atzo, bilera sortaren ondoren azalpenak ematen. ANGELO CARCONI I / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Italian gobernu berria osatzeko negoziazioek porrot egin dute. Gobernua osatzeko hirugarren bilera sorta egin zuten atzo alderdiek eta Sergio Mattarella Italiako presidenteak, baina ezin izan zuten akordiorik lortu. Joan den martxoaren 4an egin zituzten hauteskunde orokorrak, eta Mattarellari iruditzen zaio herrialdeak ezin duela «gehiago itxaron», gobernu bat eduki beharra daukala ezinbestean. Horregatik, eta irtenbide gisa, abendura arte aurrekontuak onartuko lituzkeen «gobernu neutral bat» osatzea proposatu du. Beste aukera bat ere jarri du mahai gainean, nahiz eta onartu ez duela gustuko: bozetara berriro deitzea. Hori bai: alderdiek ados jartzea lortuko balute, bertan behera geratuko litzateke gobernu neutral hori.

M5S 5 Izar Mugimendua eta Lega —eskuineko koalizioaren alderdi nagusia— izan ziren indarrik bozkatuenak hauteskundeetan, eta biek aldarrikatu dute gobernua eratzeko zilegitasuna. Ez batak ez besteak ez dute, ordea, horretarako formula egokirik topatu azken 60 egunotan. Beraz, datorren uztailaren 8an bozak errepikatzea proposatu dute. «Gauza batean, behintzat, ados gaude», nabarmendu zuen Luigi Di Maio M5S alderdi antikastaren buruak. Ados dago Matteo Salvini, Lega eskuin muturreko alderdiko liderra.

Jarraian, Di Maiok mezua zabaldu zuen Facebooken: «Hauteskunde kanpaina berri batean gaude gaurtik». Alderdi euroeszeptikoko burua, ordea, beste ideia batekin joan zen atzo hirugarren bilera sortara. Exekutibo berriko buru izateari uko egin, eta Legari planteatu zion «hirugarren bat» proposatzea lehen ministro izateko. Berria izan zen planteamendua, orain arte Di Maiok aldarrikatu baitu berak izan behar zuela lehen ministroa. Salvinik ez zuen proposamen hori onartu. Italiako presidenteak, bestalde, beste ideia bat zuen bi hilabetez luzatu den blokeoari irtenbide bat emateko: gobernu teknokrata bat osatzea, Mario Montiren aroan bezala (2011-2013). Ordu batzuk geroago, «neutral» deitu zion.

Gainera, Salvinik ere bazuen bere proposamena, atzo Mattarellarekin bildu aurretik: «Parlamentuan gehiengo bat osatu ahal izateko, presidenteak guri konfiantza ematea espero dut». Ez zen halakorik gertatu. Izan ere, hauteskundeetako emaitzak ikusita, Legak nekez bateratu ahal izango luke gehiengo hori.

Berlusconi, oztopo

Hauteskundeak egin aurretik, inkestek iragartzen zuten ez zela gobernurik izango euroguneko hirugarren ekonomian, eta iragarpen horiek ez dute hutsik egin. Botoetan eskuineko koalizioa nagusitu zen, baina legebiltzarrean —ez senatuan, ezta diputatuen ganberan ere— ezin izan zuen ordezkarien %40a ere bereganatu. Halere, bazirudien M5Srekin gobernu akordioa egin ahal izango zuela. Baina antikasta alderdiak baldintza bat jarri zion Salviniri: Silvio Berlusconi baztertzea. Eskuineko koalizioaren barruan dauden lau alderdietako bat da FI Forza Italia, Berlusconi buru duen alderdia. M5Sk ez zuen traturik egin nahi ustelkeria politikoaren erreferentziatzat duen horrekin. Eta Salvinik ez du Berlusconi alboratu nahi izan. «Bat eginda gaude oraindik», adierazi zuen eskuin muturreko liderrak atzo bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.