Armeniako Parlamentuak azken protesten buruzagia izendatu du lehen ministro

Nikol Paxinianek esan du trantsizioko gobernua eratuko duela. Alderdi Errepublikanoak oposizioan zegoen politikari liberala sostengatu du

Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroa izendapena ospatzen, atzo, Erevanen. HAYK BAGHDASARYANA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
1991n Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik independentzia lortu zuenetik izan duen krisi politiko larriena bideratzen ari dira Armenian. Parlamentuak Nikol Paxinian izendatu zuen atzo lehen ministro, azken hilabetean herrialdea astindu duten protesten buruzagia. Paxinianek 59 diputaturen babesa lortu du, orain astebete ez bezala oraingo honetan agintean egon diren errepublikanoen sostengua ere jaso duelako. Alderdi Errepublikanoak 105 ordezkariko ganberan 58 diputatu ditu, eta horietatik 11k bozkatu dute oposizioan aritu den politikari liberalaren alde —beste diputatuak, gehiengo osoa, oposiziora pasatuko dira—. Paxinianek Yelk, bere aliantzaren bederatzi botoak ez ezik, oposizioko beste bi alderdiena ere jaso ditu:Gagik Tzarukianen 31, eta Daxnaktuzitiunen zazpi.

Parlamentuaren osaketak eta zatiketak, hala ere, ez dute erraza egingo gobernabidea. Paxinianek adierazi du trantsizio politikorako gobernu bat osatuko duela —hamabost eguneko epea dauka horretarako— eta ondoren aurkeztuko duela programa politikoa —beste hogei eguneko epea izango du—. Ondoren hauteskundeetara deituko du.

Erevango Errepublikaren plazan ehunka lagun elkartu ziren atzo Belusezko Iraultzaren garaipena ospatzera. Apirila hasieraz geroztik kalera atera diren milaka herritarrentzat, gazteak gehienak, heroi nazionala bihurtu da politikari liberala —kazetaria da lanbidez—. Paxinian duela hilabete herriz herri zebilen, protestak sustatzen herrialdean «nagusi» zen «sistema ustela» amaitzeko. 2008an ere protestak sustatu zituen.

Erreforma politikoa

Armenian, hamar urtean lehendabiziko aldiz, errepublikanoak ez dira agintean egongo. Serzh Sarkisianek amore eman behar izan zuen joan den apirilaren 23an, lehen ministro izendatu eta sei egunera. Sarkisianek, presidente gisa hirugarren agintaldi bati ekiteko zailtasunez oharturik, konstituzioaren erreforma abiatu zuen 2015ean. Errepublika presidentzialista izateari utzi eta errepublika parlamentario bihurtu zen Armenia. Sarkisian presidente zen orduan, eta lehen ministro bihurtu zen, baina boterean gotortzeko estrategiak ez du ibilbide luzerik izan. Boterean betikotu nahi izatea egotzita kalera atera ziren herritarrak, eta, protesten ostean, dimisioa eman behar izan zuen. Paxinianek, berriz, indarra hartu du, eta errepublikanoek, azkenean, «batasun nazionalarengatik» onartu egin dute oposizioan zegoen politikaria gobernuburu izatea.

Armeniak 2,9 milioi biztanle dauzka, eta, txikia bada ere, kokaleku estrategikoa dauka. Errusiarekin harreman estua du, eta harekin harremanak «estrategikoak» izango dituela adierazi zuen atzo Paxinianek. Atzerri politikan lehentasuna izango duela esanez, sobietar errepublika zenarekiko errezeloak isilarazi nahi izan ditu. Nazioarteko erakundeekiko konpromisoari eutsiko diola ere esan du. Eta barne politikari begira ere lasaitasunerako mezuak helarazi ditu Paxinianek. Estatuaren aparatua ez duela desegingo hitzeman du, eta interes nazionalak lehenetsiko dituela. Pobreziari aurre egitea izango da haren erronka nagusietako bat; izan ere, pobrezia tasa %30 da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.