Zerga erreformak aurrera egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Aberatsenei egindako mesedea ikusi dute EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Helburu nagusia aberatsen ihesa geratzea dela ziurtatu du EAJk

Gipuzkoako Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iker Aranburu.
Donostia
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga sistemen harmonizazioak urrats garrantzitsua egin zuen atzo. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ontzat hartu zituzten errenta eta sozietate zergetan egindako aldaketak, eta atzera bota zuten ondare zerga berriari EH Bilduk eta Ahal Dugu-k jarritako osoko zuzenketak.

Arabako eta Bizkaiko batzar nagusiek dagoeneko onartu dute zerga erreforma, iazko azaroan hura hitzartu zuten EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. Motelago doa prozesua Gipuzkoan, besteak beste, lurralde hartan egin behar direlako aldaketa nagusiak. Izan ere, Bildu agintean izan zen urteetan onartutako erreformak indargabetu nahi ditu oraingo gehiengo politikoak.

Aberastasunaren gaineko zerga geratzen da koalizio independentistaren garaitik. PSErekin hitzartutako zerga hori ordezkatuko du orain Araban eta Bizkaian indarrean dagoen ondare zergak, sozialisten botoekin oraingoan ere. Ordezkapena geratzeko azken-aurreko saioa —osoko zuzenketena— oztopatu zuten atzo EAJren, PSEren eta PPren botoek. Batzordera igaroko da orain foru arau berria, eta haren onespenaren ondoren, ekainaren 6ko bilkuran onartuko dute batzar nagusiek.

Egun horretan da behin betiko onartzekoa errenta eta sozietate zergaren erreforma ere, atzo gainditu baitzuen ebazpenaren tramitea. Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak ziurtatu zuen erreformari esker 38,4 milioi euro gehiago bilduko dituela foru ogasunak. Erreformak hazkunde ekonomikoa «sendotuko» duela, enpresei lagunduko diela eta Gipuzkoara «talentua eta proiektuak» erakarriko duela gaineratu zuen.

Mesedea 38 aberatsenei

Analisi ezkorragoa egin zuen ezkerreko oposizioak. Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu zuen ondare zerga berriarekin lurraldeko 38 pertsona aberatsenek —12,8 milioi eurotik gorako ondarea dutenek— hamabost milioi euro ordaintzeari utziko diotela. «Nork behar dulaguntza, 38 aberatsenek, ala pobrezian dauden milaka herritarrek?». EH Bilduko ordezkariak gaineratu zuenez, ezkutu fiskala kentzeak —zergetan ordain daitekeen errentaren gehienezko kopurua— 875 laguni egingo die mesede.

Ildo horretatik iritsi ziren Imanol Gude Ahal Dugu-ko batzarkidearen kritikak ere: «Gehien duenak gutxiago ordaintzea da erreformaren helburua».

Aberatsen ihesa

«Aurreiritzi ideologikoetan oinarritzen den dialektika» erabiltzea egotzi zie EH Bilduri eta Ahal Dugu-ri Maria Eugenia Arrizabalaga diputatu jeltzaleak. Aipatu zuen helburu bakar bat duela ondare zerga berriak: aberatsenak Gipuzkoatik ez alde egitea. «Aberatsenak joan daitezke, eta joaten dira. Bizkaira edo Nafarroara, ezkutu fiskala dutelako, edota zuzenean Madrilera doaz, ezkutu fiskalaren beharrik ez dutelako, ondare zergatik salbuetsita daude- lako».

Sozietate zerga berriak tasa nominalak jaitsi ditu, %28tik %24raenpresa handientzat, eta %24tik %20ra txikientzat, baina zenbait zerga kenkari txikituko dizkie, eta konpentsa ditzaketen galerak mugatuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.