Aldundien zerga bilketa uste zena halako ia bi handitu da apirilera arte

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 4.442 milioi jaso dituzte, %7,9 gehiago. Nafarroak 206 milioi jaso ditu, %1,3ko interesarekin

Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera, otsailean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Urtearen herena igarota, esperotako zerga bilketaren herena jaso dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Zehatzago esateko, joan den urrian kalkulatutako 14.391 milioi euroetatik 4.442,1 milioi daude jada ogasunen kutxetan; %32,4 hain zuzen ere.

Urtarriletik apirilera, zerga bilketa %7,9 hazi da hiru lurraldeetan. Igoera handia da, esperotakoa baino handiagoa. Izan ere, iaz kupoari buruz Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioak ekarritako diru gehigarria alde batera utzita, Finantzen Euskal Kontseiluak kalkulatu zuen bilketa %4,5 handituko zela aurten.

Ogasunek inoiz baino diru gehiago bildu zuten iaz: 14.473 milioi euro, kalkulatutakoa baino 730 milioi gehiago. Jasotako diru gehigarriaren zati handi bat zorra arintzeko baliatu zuten, gastu arauaren lege espainiarrak debekatu egiten baitu gastu publikoa kopuru zehatz batetik gora handitzea.

Bizkaiko Ogasunaren bilketa ezagutzea falta zen berrestekourte amaierako helburuaren gainetik doala ogasunek apirilera arte zergen bidez jasotakoa. Bizkaiak 2.788,7 milioi euro jaso ditu, iazko lehen lauhilekoan baino 183,8 milioi gehiago (+%7,1). Apirileko bilketak jasotzen du dagoeneko beste bi aldundiekin egindako lehen doikuntza; horren bidez, Bizkaiak 209,9 milioi euro ordaindu dizkio Gipuzkoari, eta 81,8 milioi Arabari.

Bizkaian, errenta zergak bildu du gehien (1.211 milioi, +%5,7) eta atzetik du BEZa (1.073 milioi, +%6,6), baina sozietate zergak du bilakaerarik onena: 136 milioi eman ditu, iaz baino %36 gehiago.

Araban, kontrakoa gertatu da: %50,6 jaitsi da enpresek beren irabazietatik ordaindutakoa. Arabako Aldundiak garrantzia kendu dio, eta Espainiako araudiaren arabera ordaintzen duten enpresek aurreratutako diruaren jaitsiera «koiunturalari» egotzi dio. Lurralde horretan, %6,9 milioi handitu da zerga bilketa orokorra, 540 milioi euroraino.

Gipuzkoan, are hobeto doa bilketa, %10,9 gehiago bildu baitu lurralde horretako ogasunak (1.113,6 milioi euro). Edonola ere, Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak eskatu du zuhur jokatzeko, eta ondorio gehiegirik ez ateratzeko orain arteko igoera handiaren inguruan. Izan ere, errenta zergaren eta sozietate zergaren kanpainak oraindik ez dira bukatu, eta, udaren amaieran horien berri jakin arte, «goizegi» da bilketari buruz balorazio sakonago bat egiteko.

Nafarroaren finantzaketa

Hilero beharrean, Nafarroako Ogasunak hiru hilean behin ematen du bilketaren bilakaeraren berri. Maiatzaren hasieran jakinarazi zituen lehen hiruhilekoko emaitzak, eta ez dira hain onak. 482 milioi jaso ditu, iaz baino 191 milioi gutxiago (-%28,4). Ogasun departamenduak garrantzia kendu dio jaitsierari, eta azaldu du itzulketa handiak egiten dituela urte hasieran.

Nafarroako Gobernua, zergen bitartez ez ezik, zorraren bidez ere finantzatzen da. Alde horretatik, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak berri on bat eman zuen atzo: zor publikoa eta bankuen maileguak birfinantzatzeko egin dituen operazioei esker, hurrengo hamabi urteetan 150 milioi euro aurreztuko ditu. 206 milioi eskuratu ditu, batez beste %1,3ko interes tasarekin (aurretik, %5,49). Kutxabankek eman dizkio baldintzarik onenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.