Frantziak bakarrik utzi du Espainia defizit handiegia duten herrialdeen taldean

Bruselak Parisen aurka irekia zeukan prozedura ixtea gomendatuko du. Rajoyren gobernua aurten %3tik behera geratzea espero du oraindik

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, joan den astean, Eliseo jauregian. GONZALO FUENTES / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron etxeko lanak eginda joango da hilabete barru egingo den euroaren etorkizunari buruzko goi bilera erabakigarrira. Europako Batzordeak egiaztatu du Frantziak kontrolpean duela defizit publikoa azkenik, eta ez du uste epe ertainera helburuetatik desbideratuko dela. Hori dela eta, Bruselak Parisen aurka zabalik dagoen prozedura ixtea gomendatuko dio Europar Kontseiluari. Tramitea beteta, Frantziak bakarrik utziko du Espainia gehiegizko defizita duten herrialdeen multzoan.

Egonkortasun eta hazkunde itunaren arauak garbi daude: EBko herrialdeek defizit publikoari %3tik eta zorpetzeari %60tik behera eusteko konpromisoa dute. Muga hori urratzen dutenei prozedurak irekitzen zaizkie, eta kontu publikoak bideratzeko neurri zehatzak exijitzen zaizkie. Betetzen ez badituzte, zigor ekonomikoak izan ditzakete, Brusela ate hori zeharkatzera oraindik ausartu ez bada ere.

Frantziari 2009. urtean ireki zitzaion prozedura. Behin eta berriro epemugak atzeratzea onartu zaio, Europa austeritearen aldekoen eta kontrakoen gudu zelai bihurtu zen aroan. Antzeko bidea egin du Espainiak ere.

Macronek beharrezkoa zuen EBko agintari ekonomikoen zigilua. Beste ezer baino gehiago, sinesgarritasuna izateko gainerako herrialdeei erreformak exijitzeko. Alemaniak beti jarri du arauak betetzea eta kontularitza publikoaren zorroztasuna arriskuak partekatzeko edozein neurriren aurretik. Frantziako Gobernuak bultzada sinbolikoa lortu du, baina horrek ez du esan nahi nahikoa izango dela Berlin dagoen gotorlekutik mugiarazteko.

Bi atzeraldiko krisiak inoiz baino gehiago tenkatu du finantza publikoei buruzko eztabaida. 2011. urtean, batasuneko 28 herrialdeetatik 24 zeuden kontrolpean gehiegizko defizita izateagatik. Espainia da orain zerrendan geratzen den bakarra. Iaz, legezko muga betetzetik pausu batera geratu zen —%3,1 izan zuen defizita—, eta aurten mugatik jaistea dauka hitzartua.

Bruselak, oraingoz, agindutakoa gauzatzeko moduan ikusten du Espainia. Aurrekontuekin «oro har» defizit muga errespetatuko da. Haatik, batzordeari mesfidantza piztu zaio azken asteotan iragarritako neurriekin. Ohartarazi du ez direla lortuko ez iragarritako defizita ez egiturazko ahalegina. Madrilek %2,2ko helburua aurkeztu zuen, eta Bruselak uste du %2,7 izango dela, pentsioak igotzeko azken akordioak kontuan hartuta. 2019rako 7.000 milioiko egiturazko doikuntza egitea eskatuko dio, baina, behin herrialdea defizit prozeduratik ateratzea lortzen badu, horrelakoak gomendio hutsean geratzen dira.

Eurorako bazkide berriak

Bestalde, Europako Batzordeak eta EBZ Europako Banku Zentralak atzo argitaratu zituzten artean euroan ez dauden herrialdeen konbergentzia egoera aztertzeko txostenak. Hainbat arrazoi emanda ere, bi erakundeen ondorioa berbera da: orain ez dago herrialde bat bera ere euroarekin bat egiteko moduan.

Hautagaien artean, Errumaniak 2022. urterako ezartzea bilatu nahi du, eta Kroaziak 2025. urterako. Azken herrialde horrek, Bruselaren aburuz, konbergentzia irizpideak betetzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.