Ana Beltranen familiaren upeltegiak ia milioi bat euro zor dizkio Ogasunari

580 lagun eta enpresa ageri dira Nafarroako zordun handien zerrendan. Urralburu, Mentxov, Karpets eta eraikuntza enpresa handiak ageri dira
IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2018ko maiatzak 30
Urtebetean ia bikoiztu egin da Nafarroako zordun handien zerrenda. Iazkoan, 316 pertsona eta enpresa ageri ziren, eta zorra ia 238 milioi euro zen; aurtengoan, berriz, 580 ageri dira, eta zorra 270 milioira iritsi da. Azalpen nagusia da zerrendan agertzeko baldintzak aldatu egin direla: Ogasunari 250.000 eurotik gora pagatzeke zutenak ageri ziren iaz, eta 125.000 eurotik gora zutenak aurten. Zerrendan ageri diren izen ezagunen artean bi nabarmentzen dira: Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohia, eta Ana Beltran Nafarroako PPko presidentearen familiaren Bodegas Camillo Castilla upeltegia. Azken kasu horretan, gainera, zorra nabarmen handitu da azken urtean: 688.000 euro zor zituen iaz, eta 928.000 euro orain.

Nafarroako Ogasun zuzendari Luis Esainek atzo zabaldutako datuen arabera, 282 zordunek 250.000 euro arteko zorra dute, eta beste 298k, kopuru horretatik gorakoa. Esainek onartu zuen zerrendak ez duela disuasio neurri gisa balio izan, hura izan arren helburu nagusietako bat. Horrela, ordaintzeko hiru hilabeteko epea eman arren, zordun handi gehienek ez dute euro bakar bat ere itzuli.

Nafarroako Ogasunarekiko zorra bost urtean iraungitzen bada ere, zerrenda kaleratuta, epea urtebetez luzatzen da, eta, ordaindu ezean hurrengo urtean kaleratuko denez, etengabe iraun dezake. Esainen arabera, batzuek fede txarrez jarduten badute ere, krisiaren gordintasunak edo enpresa jardueran «abileziarik ez izateak» eraman dezake enpresa bat edo haren kudeatzailea zor handia pilatzera.

Hala, 580 zordunen artean, 126 pertsona fisiko daude, eta gainerako 454ak elkarte juridikoak dira. Aipagarria da zordunen %42,8 higiezin edo eraikuntza sektoreari lotuta daudela, eta 133,5 milioi euro zor dizkiotela Ogasunari. Beraz, burbuilaren leherketak bete-betean eragin zion sektore horri.

Behinola eraikuntzaren izen handiak izan ziren konpainiak daude zerrendan, eta gehienak jada likidazio fasean daude. Hor ageri dira Azysa (1,9 milioi), Contrucciones Juan Bautista Flores (3,1 milioi), Construcciones Aldabea (4,1 milioi), Ecay Andueza (4,2 milioi euro), Arian (1,9 milioi) Harinsa Navasfalt (3,1 milioi euro)... Azken horrek, hain justu, badu harremana Miguel Sanzen familiarekin, eta hura presidente zeneko garaian hainbat obra publiko esanguratsu adjudikatu zizkioten. 2008an, Dico eta Obrum-ekin bat egin zuen, baina krisiarekin harenak egin zuen.

Gainerako sektoreen artean honako hauek dira aipagarriak: ostalaritza (%8, eta 15,5 milioi euroko zorra); zerbitzu profesionalak (%7,6 eta 16,4 milioi euroko zorra); autogintzak eta ibilgailu salmenten alorrak 14,6 milioi euroko zorra dute, eta elikagai zein banaketa sektoreak, 14,5 milioi.

Izen ezagunak

Zerrendan denetariko kasuak badaude ere, aipagarria da Beltranen kasua. PPko buruak etengabe kritikatzen du Iruñeko gobernua, eta zerga erreformarekin herritarren poltsikoak eta enpresen kontuak zigortzea leporatzen dio. Haatik, haren familiaren Camilo Castilla Corellako upeltegiak ia milioi bat euroko zorra du Ogasunarekin. Beltranek berak gidatu zuen 1987tik 2012 arte, eta haren hiru ahizpak daude orain administrazio kontseiluan, Kon- kurtsoa eskatu zuen urrian.

Beste izen aipagarri bat Urralburu presidente ohiarena da. Ustelkeriarekin erlazionatutako politikari sozialistak 426.747 euro zor ditu, iaz baino %13 gutxiago. Aldiz, Denis Mentxov (373.672 euro) eta Vladimir Karpets (683.471 euro) txirrindulariek apenas jaitsi duten euren zorra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna