Sindikatu abertzaleen «aliantza estrategikoa» jomugan dauka LABek

Hauteskunde sindikalen atarian, Ainhoa Etxaideren sindikatuak «programa sinple baina indartsua» aurkeztu du.Indarrak batu eta abertzaleen arteko «estrategia» bat garatu behar dela azpimarratu du

Gorka Berasategi bozetako arduraduna, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia eta Sonia Gonzalez komunikazio idazkaria. BERRIA.
Bilbo
2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Helburu argi batekin abiatu du LABek hauteskunde sindikalen prozesua: «Borrokan sinesten duen sindikalismo abertzalea behar da, Euskal Herria aintzat hartzen duena». Horretarako, gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak indartu behar direla adierazi zuen LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek atzo, Bilbon, hauteskunde kanpaina aurkezteko agerraldian. «Aldaketarako» gero eta ordezkari gehiago behar direla azpimarratu zuen, eta erantsi zuen beharrezkoa dela sindikatu abertzaleen artean «itun sendoak» egotea. «ELA eta LABen aliantza estrategikoa komeni zaie euskal langileei».

Etxaideren ustez, Madrilen egoitza nagusia duen sindikalismoa indarra galtzen ari da. «Gaur egun, ez dago negoziazio kolektiboaren bitartez itunean oinarritutako sindikalismo bat egiterik. Gaurko politikak ez du aukerarik ematen, eta krisi honetan argi eta garbi geratu da bide hori amaitua dagoela». Sindikatua langileen egoera nolakoa den aztertzen ari da, eta uste du aldaketak bultzatu ezean egoerak okerrerantz egingo duela.

Etxaidek adierazi zuen ELA eta LABen arteko itun estrategiko bat ezinbestekoa dela egoerari buelta emateko. Aliantza horren bidez, sindikatuek egiten dituzten salaketak argi eta garbi azaltzeaz gain, eraiki nahi dituzten alternatibaknolakoak izango diren zehaztuko litzateke. Modu horretan, herrialdeak behar dituen itun motak, nola uztartuko diren eta zein eskaintzaren bidez zabalduko diren aztertuko litzateke aliantzan. Ezinbestekotzat jo du, eta LABek itun horren aldeko apustua egiten du. «LAB gehiengo sindikala indartzen jarraitzeko eta aliantza sindikalen eztabaida sustatzeko bermea da», gaineratu zuen idazkari nagusiak.

LABek bigarren indarra izan nahi du, eta horixe du helburu hauteskunde hauetarako. Modu horretan, ELA eta LABen arteko akordioaren bitartez, Euskal Herria aintzat hartu eta eredu berri bat eraikitzeko bide propioa egin nahi duen sindikalismoari «nagusitasuna» eman nahi dio.

Hauteskundeei hasiera

Hauteskunde sindikalek duten «balio politikoa» azpimarratu zuen Etxaidek, gainera. Datorren urteko ekainera arte, 17.000 ordezkari inguru (ordezkaritza osoaren %67) berritu beharko dira Hego Euskal Herriko lantokietan. LABek 3.000 ordezkari berrituko ditu, bere ordezkaritzaren %70. Batez ere, industrian eta sektore publikoan eragina izango du prozesu horrek.

Guk LABekin bat lelopean, «langileen eskubideak defendatzeko, pobrezia eta langabeziaren aurka aritzeko eta aldaketa politiko zein soziala ekartzeko» ekinbide gisa aurkeztu zen kanpaina. «Eskaintza sinple baina indartsua egiten dugu: boterea borrokatzea. Tresnak ditugu, bai indarrak biltzeko, bai antolatzeko eta baita geure burua indartzeko ere», adierazi zuen Sonia Gonzalez komunikaziorako idazkariak.

Sindikatuak hainbat erronkari egin nahi die aurre. Esaterako, ordezkari gutxi dituzten sektore eta eskualdetan portzentajeak hobetzea. Horrez gain, ordezkari diren gizon eta emakumeen arteko aldea murrizteko lanak egin, eta plangintza bereziak antolatuko dituzte emakumeak nagusi diren sektoreetan. Euskarak ere toki garrantzitsua izango du hauteskundeetan. «Ekitaldietan gure ordezkariak euskara erabiltzeko motorra izan daitezen saiatuko gara», azaldu zuen Gorka Berasategik, hauteskundeetako LABeko arduraduna.

Kanpainari hasiera emateko, ekainaren 19an, ekitaldi handi bat antolatuko du sindikatu abertzaleak Euskalduna jauregian. Bertan, publikoa duen jarrera eta ildoaren apustua berretsi eta proiektua zabal azalduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.