Independentziaren ordez «estatus berezi bat» eskatu dute matxinoek

Ukrainako Gobernuaren eta matxinoen ordezkariak Minsken bildu dira, gatazka bideratzeko.

Errusiazaleek Luhanskeko aireportua hartu dute; Kieven arabera, Errusiako tankeen laguntzarekin
Ukrainako armadako Azov batailoiko kideak, Mariupol hiria zaintzen.
Ukrainako armadako Azov batailoiko kideak, Mariupol hiria zaintzen. ALEXANDER ERMOCHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 2
Matxinoak prest leudeke Ukrainaren lurralde osotasuna errespetatzeko, beren eskakizunak kontuan hartuko balira. Minsken bildu dira lau orduz Ukrainako Gobernuaren eta matxinoen ordezkariak, Errusiaren eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen bitartekaritzarekin. Luhansk eta Donetsk eskualdeetako gatazka armatua modu baketsuan konpondu nahi dute horrela. Errusiazaleek haien eskakizunak beheratu dituzte: ez dute independentzia eskatu, «estatus berezi bat» baizik. Horrez gain, Kievek erasoaldia amaitzea nahi dute, eskualdean hauteskundeetara deitzeko. Ostiralean bilduko dira berriro.

Andrei Purgin Donetskeko Herri Errepublikako buruzagiordea da matxinoen ordezkaritzaren burua. Bileraren aurretik azaldu du zeintzuk diren matxinoen eskakizunak. Estatus bereziaz gainera, badituzte beste hainbat eskari: errusiera ofiziala izatea Donetsk eta Luhansk eskualdeetan; autonomia ekonomikoa izatea, Errusiarekin eta Aduana Batasunarekin harremana sakontzeko; eta gatibu hartutako milizianoak eta preso politikoak askatzea. Trukean, errusiazaleek «bakea mantentzeko eta Ukrainako espazio ekonomikoari, kulturalari eta politikoari eusteko esfortzu handiena» egingo lukete.

Leonid Kutxma Ukrainako presidente ohia aritu da gobernuaren ordezkari moduan. Kievek ez ditu aldatu bakerako baldintzak: matxinoek armak uztea exijitzen du, eta herrialdetik ihes egiteko aukera uzten die. Delitu larririk ez dutenei amnistia ezartzeko prest dago. Joan den astean Minskeko bilkuran adostu zuten Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Petro Poroxenko Ukrainakoak bi aldeen arteko hartu-emana sustatzea.

Bileran ez dute egin «aurrerapen handirik», Purginen hitzetan. «Lehen fasea da». Matxinoen buruzagiak onartu du bi aldeen arteko desberdintasunak «handiak» direla. Halere, nabarmendu du «negozia daitezkeen puntu komunak» bilatu behar dituztela. «Su-etena emateko urrats posibleak eta gatibu guztiak trukatzeko aukerak eztabaidatuko ditugu».

Mariupol helburu

Minskeko negoziazioek ez dituzte borrokak eten: matxinoek atzera eginarazi diote armadari. Luhanskeko aireportutik eta Georgievka hiritik erretiratzeko agindua eman dio armadari Kievek, ordu luzez borroka egin ostean. Ekainetik, armadak aireportuaren kontrola eskuratu zuenetik, borrokak etengabeak izan dira inguru horretan. Kievek salatu du Errusiako tanke unitate baten aurka egin dutela borrokan. «Artilleriaren zehaztasuna ikusirik, kanoikadak Errusiako armadako profesionalek bota dituzte», adierazi du Andrei Lisenko armadako bozeramaileak. Militarrek jakinarazi dute erretiratu aurretik «Errusiako zazpi tanke» suntsitu dituztela. Latuginon —Luhansk hiriburuko sarreran— eta Stxastie hiriko kanpoaldean ere «Errusiako soldadu asko pilatu» dira, bozeramailearen esanetan.

Ukraina ekialdeko gatazkaren norabidea irauli da egunotan. Izan ere, azken hilabeteetan Ukrainako armadak aurrera egin du, eta matxinoak Luhansk eta Donetsk hiriburuetan bakartu ditu. Baina joan den astean kontraerasoa jo zuten matxinoek, eta, Novoazovsk herria hartzearekin batera, beste fronte bat ireki zuten, Ukrainaren hego-ekialdean. Ordutik, aurrera egin dute, eta zazpiehun bat soldadu gatibu hartu dituzte, BBC telebistak dioenez. Kievek Errusiaren esku hartze zuzenarekin lotu du matxinoen arrakasta. Lisenkok azaldu duenez, Errusiako laurehun bat militarrez osatutako lau batailoi daude matxinoen kontrolpeko eremuan, artilleriaz eta hegazkinen aurkako sistemez hornituta.

«Ondoko herrialde batek zuzenean eraso egin dio Ukrainari. Guztiz aldatu du horrek borroka eremua», azaldu du Poroxenkok. Azken egunetako gertakariak direla eta, presidenteak iragarri du aldaketak izango direla armadako goi karguetan. Valeri Heletei Defentsa ministroak adierazi du matxinoak garaitu dituztela eta, ondorioz, Errusia «gerra handi bat» borrokatzera behartu dutela. «Tamalez, gerra horrek dozenaka milaka hildako eragingo ditu».

Mariupol Azov itsasaldeko hiri estrategikoa dute helburu matxinoek, Novoazovsk hiritik 40 bat kilometrora. Inguru hori kontrolatzeak aukera ematen die Azov itsasoko armadako ontziei eraso egiteko. Izan ere, Ukrainako armadako gerraontzi bat suntsitu dute matxinoek, artilleriarekin jota. «Miliziek etsaiaren lehen itsasoko porrota eragin dute», azaldu du Igor Strelkov errusiazaleen buruzagi militarrak. Eskifaiako zortzi kide erreskatatu dituzte, eta beste biren bila dabiltza.

Segei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak beste behin ukatu du Ukrainako gatazkan esku hartu izana. «Guk soilik irtenbide baketsu baten alde egingo dugu tragedia hau bukatzeko». EB Europako Batasunari eta ABEei eskatu die beste gatazketan jokatzen duten antzera jokatzeko: «Kievi eskatu behar diote zibilen aurka arma astunak eta aire erasoak ez erabiltzeko, eta eskola eta ospitaleen aurka ez egiteko».

Zigor gehiago

EBk, ordea, Errusiari ohartarazi dio zigor gehiago jarriko dizkiola. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak gaitzetsi egin du Moskuk «mugak aldatzeko nazioarteko legeak urratzea». Kantzilerraren ustetan, ez da herrialde bateko barne gatazka, baizik eta Ukrainaren eta Errusiaren artekoa. Europako Batzordeak astebetean prest izango ditu zigorrak. Errusiak, ordea, erantzun egingo die zigorrei: «Moskuk bere interesak defendatzeko eskubide osoa du», azaldu du Atzerri Ministerioak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna