Bakardadean eusten

EI Estatu Islamikoak Kobane hiriari ezarritako setioak hilabete egin duenean, Siriako kurduen YPG miliziek «egoera deitoratu baino zerbait gehiago» egiteko eskatu diote nazioarteari
Gizon bat, Kobanera begira ari direnei janaria saltzen.
Gizon bat, Kobanera begira ari direnei janaria saltzen. TOLGA BOZOGLU / EFE

Zekine Turkeri -

2014ko urriak 14
Dagoeneko hilabetean eutsi dio Kobaneko erresistentziak EI Estatu Islamikoaren erasoaldiari. Ez dago argi zenbat jende hil den. Oraingoan ere jakina zen sarraski bat gerta zitekeela; mundu guztiak ikusi zuen eta ikusten du oraindik ere egoera. «Nazioarteak EI gaitzetsi eta egoera deitoratu baino zerbait gehiago egin behar du», esan dio BERRIAri Nafiz Abdulaziz YPG Herriaren Babeserako Unitateen (Siriako kurduen milizien) ordezkariak. Gainerako estatuetako kurduek, gehienbat Turkiakoek, ozen egin diote deiadar nazioarteari Kobane ez dadin erori EIren menpe, zibilen sarraski bat gertatzeaz gain ondorio larriak eragingo baititu Rojava osoarentzat —Kurdistan mendebaldea da Rojava, Siriako zatia—.

Atzo EIren hiru eraso suizida jasan zituzten Kobaneko miliziek —horietako bat, bonba-kamioi batekin—, baina, YPGen prentsa bulegoaren arabera, hiriaren hegoaldetik zenbait eremu berreskuratzea lortu dute miliziek. AEBek zuzendutako nazioarteko koalizioaren hegazkinek ez diete laguntza erabakigarririk eman YPGei. «EIren aurka eratu den koalizioaren aliatu nagusiak dira Ekialde Hurbila anabasa bat bilakatu dutenak, eta EI bezalako piztiak horri esker indartu dira», azaldu du Abdulazizek. Til Koçerreko segurtasun arduraduna da. Irakeko mugan dagoen hiri bat da Til Koçer, eta YPGek iazko urrian bidali zuten EI. Abdulazizen ustez, Turkia izan da EIk indartzeko erabili duen «atea». «Piztia horiei bizitza arriskatuz aurre egin dieten bakarrak Herriaren Babeserako Unitateak izan dira». Abdulazizek oroitarazi du YPGek salbatu zituztela —PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin (Turkiako kurduen gerrillarekin) batera— yezidiak Irakeko Sinjar mendian, «ez AEBetako hegazkinek».

Hain zuzen, koalizioarekin oso kritikoa da Abdulaziz: «Berandu ibili dira. Orain hiru bonbardaketa eginda ez da aski; ekintza sinbolikoak baino zerbait gehiago behar dugu». Ordezkari kurduek aspalditik egindako eskaera bera egin du Abdulazizek: armak igortzea YPGei. Horretarako, Suruçeko pasabidea erabiltzeko eskatu du. Kobaneren ondoan dago Suruç, Turkiako eta Siriako Kurdistan banatzen dituen mugan. Til Koçerreko segurtasun arduradunak salatu du Turkiak pasabide hori erabili duela jihadistei laguntzeko. «Rojavan genozidio bat gerarazi nahi duenak armak eman beharko lizkiguke bide horretatik».

Hain zuzen, horixe eskatu dute Turkiako kurduek ere Kobanerentzat. Turkiako Poliziak indarrez erantzun die, eta Kurdistan iparraldeko —Turkiaren menpeko zatiko— sei probintziatan etxeratze agindua ezarri du. Ankarak azkenekoz duela 34 urte hartu zuen halako neurria, 1980ko estatu kolpea gertatu zenean. Astebeteko epean, mobilizazio horietan berrogei lagun hil dituzte. Poliziarekin batera, Kurdistan iparraldean Hezbollahek eraso die manifestariei eta BDP Bakea eta Demokrazia Alderdiari —Kurdistanen burujabetzaren aldekoari—. Kausa Askea alderdiari deitzen diote Hezbollahjainkoaren alderdia esan nahi du arabieraz, eta ez du zerikusirik Libanoko milizia xiitarekin; alderdiak Huda-Par akronimoa erabiltzen du—. Muturreko talde islamista bat da, eta 1990eko hamarkadan segurtasun indarrek armak eman zizkioten PKKri erasotzeko, eta hainbat sarraski egin zituen Kurdistanen. Turkiako eskuin muturrak ere eraso die kurduei. Bakarrik Antepen zazpi hil zituzten suzko armekin eta makilekin, azken hirurak herenegun.

Massud Barzani Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak ere eskatu du Suruçen igarobide bat irekitzeko Kobane laguntzeko, baina Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ez du nahi. Erdoganek dio EIren eta YPGen artean ez dagoela «ezberdintasunik», eta duela gutxira arte EIri ez zion «terrorista» deitzen ere. «Okerreko logika da hori», adierazi du Abdulaziz Til Koçerreko segurtasun arduradunak. «YPGak bere lurraldea eta bertako jendearen duintasuna defendatzen ari dira. EI indar okupatzaile bat da, eta sobera erakutsi du basakeria». Abdulazizek garbi du Erdoganen helburua Rojavako autonomia deuseztatzea dela. Horregatik, nazioarteko koalizioari mintzatu zaio: «Burutik ondo dagoen edonork erantzun dezala nor nahiago duen bizilaguntzat: YPGak edo EI?».

Kobane oraindik ere hiru aldetatik dago setiatuta, eta libre daukan bakarretik hildakoak eta zaurituak iristen dira Turkiako aldera. YPGetako hildakoen artean, batzuk iparraldeko kurduak dira. YPGetako zaurituak, berriz, Turkiako Poliziak berehala atxilotzen ditu, «terrorista» gisa hartzen baitituzte. Milaka kurdu hurbildu dira Kurdistango bi aldeen mugara, eta gazte askok Rojavara pasatzea lortu dute EIren aurka borrokara joateko.

Bihar, egun erabakigarria

Turkiako Gobernuaren jarrerak ere arriskuan jarri du PKKrekin iaztik indarrean dagoen su-etena. Gobernuak bihar aurkeztekoa du Abdullah Ocalan gerrillako buruarekin hitzartutako «neurri sorta demokratikoa». Ocalanek «gerra zibil bat» saihesteko deia egin du Imrali uharteko espetxetik —1999tik daukate preso—, eta jakinarazi du berak ere bihar argituko duela Turkiako Gobernuarekiko negoziazioekin daukan jarrera. BDPk, eta oro har kurdu gehienek, nahi dute gobernuak adieraztea gatazka bide baketsuetatik konpontzeko konpromisoak hartuko dituela eta Kobaneren bakartzea bukatuko duela.

Baina itxaropen handirik ez dago, Turkiako agintariek esan baitute soilik esku hartze militar bat babestuko dutela, eta hori kurduek okupaziotzat hartuko lukete. Turkiak aliatuekin Damaskoko erregimenari eraso nahi dio, eta, bide batez, Rojavaren autonomia bukatu. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko buruak —Siriako kurduen alderdi nagusikoak—, baina, gogor kritikatu du Turkiaren jarrera. «Gu 2004tik ari ginen borrokan [Siriako] erregimenaren aurka. Zerbitzu sekretuen egoitzetan torturatzen ari gintuzten, zuek Alepon, Damaskon eta Ankaran elkartzen zineten bitartean», adierazi dio Saleh Muslimek Turkiako Hurriyet egunkariari. Joan den hamarkadan Erdoganek bultzatuta Turkiak eta Siriak eratu zuten harreman estuari buruz ari zen. 2011n Sirian gatazka piztu ondoren, Erdoganek 180 gradutan aldatu zuen politika hura. «Orain esaten ari zatzaizkigute erregimenaren aurka 'hau eta hori' egin beharko genukeela. Guk gure lurretatik bidali genuen. Orain nahi duzue guk Damaskon borrokatzea haren aurka eta zuen ordez soldadu lanetan aritzea? Ez dugu hori egingo».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna