Trantsizioa bukatuko du

Essebsik irabazi ditu Tunisiako presidentetzarako hauteskundeak.

Nida Tunis alderdi sekularrak boterea segurtatu du garaipenarekin
Beji Caid Essebsiren jarraitzaile bat garaipena ospatzen, atzo, Tunisen.
Beji Caid Essebsiren jarraitzaile bat garaipena ospatzen, atzo, Tunisen. MOHAMMED MESSARA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 23
Beji Caid Essebsi politikari zaharra izanen da Tunisiako presidentea, botoen %55,68 irabazi ondoren. Hamar puntu baino gehiagoko aldea atera dio Moncef Marzuki arerioari —%44,32n gelditu da—. Presidentea hautatuta, 2011ko matxinadaren ondorengo trantsizio prozesua bukatzeko bidean paratu nahi dute Tunisian. Mehdi Jomaa lehen ministroak adierazi du Essebsik otsailean hartuko duela kargua «gehien jota», eta orduan aginduko dio parlamentuko indar nagusiari gobernua osatzeko —Essebsiren Nida Tunis da indar hori—. Bide orria horrekin bukatu beharko litzateke, baina ikusteko dago trantsizioa bera nola bukatuko den, Tunisiak egiturazko arazo politikoak baititu konpontzeko: sekularren eta islamisten arteko polarizazioa, muturreko talde islamista armatuek eremu batzuetan lortu duten presentzia, eta Essebsik eta haren alderdiak aitzineko erregimenarekin daukaten loturak herritarren sektore handi batean sortzen duen mesfidantza.

Lehenbiziko itzuliko emaitzek bigarrenerako Essebsi eta Marzuki utzi zituzten aurrez aurre. Igandeko bozketan, erroldan izen eman zuten 5,3 milioi herritarretatik %60k eman zuen botoa, Xafik Sarsar Hauteskundeetarako Instantzia Independente Goreneko presidenteak jakinarazitako datuen arabera. Essebsik hauteskunde arratsean bertan aldarrikatu zuen garaipena, zundaketen emaitzak kontuan hartuta, eta horrek Marzukiren haserrea eragin zuen. Adnan Manser Marzukiren bozeramaileak adierazi zuen zundaketa horiek «azpikeria psikologiko bat» eta «hauteskunde kodearen urraketa bat» zirela, eta Essebsiri egotzi zion «bake zibila arriskuan» paratzea. Dena den, atzo jakinarazitako emaitza ofizialek ez dute zalantzarako tarterik utzi.

Hauteskunde prozesuak jaso du nazioartearen oniritzia. PACE Europako Kontseiluko Batzar Parlamentariak Tunisiara bidalitako ordezkaritzaren buru Andreas Grossek adierazi du bozketa prozesua «eredugarria» izan dela. Barack Obama AEBetako presidentea Essebsi zoriondu duen nazioarteko lehenbizikoetariko buruzagia izan da, Tunisiak bizilagun duen Aljeriako presidente Abdelaziz Buteflikarekin batera. Essebsiren komunikazio arduradun Aida Klibik adierazi du berehala hasiko direla gobernua eratzeko negoziazioekin. «Ez daukagu minutu bat bera ere galtzeko».

Ezkerra, jokoz kanpo

Essebsik 88 urte dauzka, eta Tunisiak independentzia lortu aitzinetik hasi zuen ibilbide politikoa. Bere garaipenarekin, 2011ko matxinadaren ondorengo mapa politikoa egituratuta gelditu da. Boterea Nida Tunis alderdi sekularraren esku egonen da, presidentetza lortuta, eta parlamentuan gehiengoarekin; 217 jarlekutatik 86 dauzka, eta bigarrenak, Ennahda islamistak, 69 —109 behar dira gehiengo osoa lortzeko—. Nida Tunisen eta Ennahdaren arteko lehiatik ezkerra atera da kaltetuen, polarizazio horren ondorioz erreferentzialtasuna galdu baitu. Ezkerreko zenbait politikarik Nida Tunisen alde egin dute gainera, islamistak boteretik baztertzeko. Atzo bertan zenbait istilu izan ziren Poliziarekin, manifestari taldeak protestara atera baitziren Essebsiren aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna