Gerra ordaindu zuen hegaldia

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak eta Donetskeko matxinoek elkarri egotzi diote Malaysian Airlineseko MH17 hegazkina bota izana, tragediaren urteurrenean.

298 lagun hil zituzten, Donetsken
Loreak Amsterdamgo Schipol aireportuan, atzo, Ukrainan botatako MH17 hegaldian hildakoen omenez.
Loreak Amsterdamgo Schipol aireportuan, atzo, Ukrainan botatako MH17 hegaldian hildakoen omenez. REMKO DE WAAL / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko uztailak 18
Malaysian Airlines konpainiako MH17 hegaldiaren tragediak ez du oraindik ondorio argirik urtebete geroago, eta Ukrainako gatazkaren bi aldeek eta nazioartean dauzkaten babesleek bata bertzeari leporatzen diote oraindik hegazkina erortzearen ardura. Petro Poroxenko Ukrainako presidentearentzat «krimen» hura «mehatxu bat da nazioarte osoarentzat», eta berriro ere Errusia egin du erantzule. Donetskeko matxinoek, ordea, adierazi dute prest daudela «egia bila dabiltzanei laguntzeko, tragedia hau gertatzen utzi zuten agintari ukrainarrak zigor ditzaten». Herbehereetako Segurtasun Batzordea ari da egiten ikerketa ofiziala, iazko uztailaren 17an hildako 298 biktimetatik gehienak baitziren herrialde horretakoak. Ez du ikerketa bukatu, baina AEBetako CNN kateak argitaratu du ustezko zirriborro batean Ukraina hego-ekialdeko matxinoei leporatzen diela hegazkina botatzea Buk misil sistema batekin. Nazioarteko justiziara jotzeko asmoa ere badute Herbehereek eta bertze herrialde batzuek.

«Zoritxarrez, 298 pertsona zeramatzan hegazkin zibil hori eraso terrorista baten biktima izan zen, Errusiak lagundutako gerrillariek Ukraina ekialdean okupatzen duten eremutik egindakoa», adierazi du Poroxenko Ukrainako presidenteak, bere webgunean argitaratu duen bideo baten harira, Malaysia Airlines konpainiako MH17 hegaldiko tragediaren urteurrenaren harira. Poroxenkoren ustez, Errusiak eman zien matxinoei hegazkina botatzeko erabilitako «goi teknologiako armamentua».

Matxinoek kontrolatutako eremu batean erori ziren hegazkinaren zatiak, Hrabove herriaren inguruan (Grabovo, errusieraz), Donetsk probintzian. Biktimei herri horretan egin zien omenaldia atzo Donetskeko Herri Errepublikak (matxinoek aldarrikatutako estatuak). Matxinoek ere irmo eutsi diote haien bertsioari, eta Kievi leporatzen diote tragediaren erantzukizuna. «Krimen izugarria gertatu zen unetik, hura argitzeko ahal zuen laguntza guztia eman du Donetskeko Herri Errepublikak», adierazi du Aleksandr Zakhartxenko herri errepublikako buruzagiak. «Eta orain ere prest gaude egia bila dabiltzanei laguntzeko, tragedia hau gertatzen utzi zuten agintari ukrainarrak zigor ditzaten».

Ukrainako agintarien arabera, matxinoek hegazkina bota zuten aireko defentsako Buk sistema batekin, eta halako armamentua ematea leporatzen diote Errusiari. Matxinoek lehenagotik eta gero ere bota dituzte hegazkinak, baina beti ukatu dute Buk sistema daukatenik, eta diote haien armamentuak ezin duela misilik bota hegaldi komertzialen altueraraino. Frogatuta dago MH17 hegaldiak ezohiko bide bat hartu zuela Donetsk gainetik hegan pasatuta, berez hegaldi hori hegoalderago igarotzen baitzen; horregatik, matxinoek konspirazio bat salatzen dute, helburutzat lukeena hegazkin zibil bat bota eta errua haiei leporatzea. Herbehereetako ikerlariek irailean argitaratu zuten hegazkina «energia handiko objektu batzuek» jota erori zela.

Herbehereek Ukrainarekin, Malaysiarekin, Australiarekin, eta Belgikarekin batera Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskatu diote nazioarteko auzitegi bat eratu dezala kasua epaitzeko. Errusia, ordea, ez dago ados, eta betorako ahalmena du kontseiluan.

Lauko elkarrizketa, atzo

Nahiz eta Ukrainako gatazkaren konponbiderako ez den pauso handirik eman, harreman diplomatikoak ez dira eten. Poroxenko Ukrainako presidentea, Vladimir Putin Errusiakoa, François Hollande Frantziakoa eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra telefonoz mintzatu ziren atzo. Minskeko akordioa sinatu zuten lau herrialdeak dira. Hain zuzen, Errusiako Atzerri Ministerioak Ukrainari leporatu dio ez errespetatzea bezperan onartutako autonomia legearekin akordio hori. «Ez ditu kontuan hartu Donetskeko eta Luhanskeko ordezkarien iritzia eta Ukraina ekialdearen interesak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna