Apurra izanda ere, boterea Kornuallesi

Eskoziako prozesu independentistaren ondorenean, eskumen batzuk eman dizkio Londresek Kornuallesi. Hango kontseiluak uste du autonomia gehiago lortzeko lehen pausoa dela.

Lukas Barandiaran San Roman -

2015eko uztailak 28
Sei dira herrialde zeltak: Bretainia, Kornualles —Kernow, kornubieraz—, Gales, Man uhartea, Eskozia eta Irlanda. Denak zeltak izanik ere, haien arteko desberdintasunak franko dira, estatus politikoan, adibidez. Irlandak, zatituta bada ere, estatu propioa du; Eskozia, horretan dabil; eta Kornuallesek, berriz, ez du estatus politiko berezirik. Erresuma Batuko konderri soil bat gehiago da, baina, egunotan, gobernu zentraletik eskumen gutxi batzuk jaso ditu. Alta, Kornualleseko Kontseiluak dio hasiera besterik ez dela.

Gainontzeko nazio zeltekin alderatuta, kulturaren egoera ere makala da Kornuallesen: 526.000 biztanle ditu, eta horien artean soilik 3.000 kornubiera hiztun daude. Aspektu politikoari erreparatuta, Kontseiluak betetzen du eskualdeko administrazioaren eginbeharra, nahiz eta oso eskumen gutxi dituen. Indar nazionalistak ez dira gainontzeko nazio zeltetan bezain indartsuak, horren erakusle da Mebyon Kernow alderdi nazionalistak 123 kontseilaritik lau soilik edukitzea.

Kornuallesen ahalduntzearen jatorria beste herrialde zelta batean bilatu behar dugu: Eskozian. Azken urteetan iparraldeko bizilagunak bizitako proiektu subiranistak kinka larrian paratu du Londresko gobernua, eta olatu subiranista zabaltzeko arriskua ikusita, beste nazioak zaintzeko beharra ikusi dute Londresen; iragan maiatzeko hauteskunde orokorretan David Cameron lehen ministroak hainbat eskumen agindu zizkion Kornuallesi.

Agintzaria gorpuzteko, Kornuallesen lanean jarri ziren, eta Case for Cornwall agiria egin zuen kontseiluak, non boterea eta askatasunak eskatzen zizkion gobernuari. Negoziazioak, ordea, gobernuak zuzendu zituen, eta, uztailaren 17an, Cameronek Kornuallesi emandako eskumenak iragarri zituen Devolution Deal-aren (Itzulketa Ituna) bitartez.

Case for Cornwall agiriak eskaturiko boterea baino dezente gutxiago eman dio Kornuallesi: besteren artean, hango garraio publikoa kudeatu ahal izango du; osasun eta gizarte laguntza sistema bateratu bat garatzeko aukera edukiko du; ekonomiaren arloan, tokiko proiektu eta negozioentzako diru laguntzetarako erraztasunak lortuko ditu, eta lanbide heziketa sistema garatu ahal izango du; amaitzeko, Kornuallesko kulturari buruzko foro bat antolatuko dute. Cameronek esan du «aldaketa handi bat» dela Kornuallesentzat, «boterea haien eskuetan» uzten baitu. Hala ere, Cameron tokiko botere guneak ahalduntzeaz mintzatu da, eta horrek dakartzan onurak azpimarratu, baina Kornuallesen izaera bereizgarria alde batera utzi du, eta «nazio bakarraren» gobernupera azpiratu du.

Igorritako eskumenak sinbolikoak izanda ere, Kornuallesen begi onez ikusi dituzte, lehenengo aldia baita botereak ematen dizkiela Londresek. Baina askoren nahiak ase gabe utzi ditu; John Pollard kontseiluko buruak esan du «Case for Cornwall osoa lortzeko bide luzean» lehen urratsa izatea espero duela, eta kontseiluko kide ugarik berretsi dute hori.

Desadostasuna irmoki azaldu dutenetako bat Mebyon Kernow alderdia izan da: «Gobernuak ituna historikotzat jotzen duen bitartean, ezerezean geratzen da Eskoziak eta Galesek dituzten estatusekin alderatuta». Alderdiaren nahia «itun demokratiko eta anbiziotsua» lortzea baita, Kornuallesko Parlamentu propioa «barnebilduko duena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna