«Epeak beteko ditugu, baina ezin gara egutegiaren preso izan»

Puigdemontek Kataluniako Gobernuaren legegintzaldirako plana aurkeztu du, estatu egiturak helburutzat jarrita. Hemezortzi hilabeteko epea ezartzean «agian oker ibili» direla uste du

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako presidenteak atzo bete zituen legegintzaldiko lehen 100 egunak Generalitatean. Prentsaurrekoan aurkeztu zituen gobernuaren XI. legegintzaldiko asmoak, urtarriletik gaurko egunera bitarte eginiko urratsen balorazioarekin batera. Kataluniako presidenteak bilatzen duen biraketa sozialaren harira, guztira, 45 lege eta 750 neurri betearazle, araudi eta legegile aurkeztuko dituztela aurreratu zuen, berez hitzartuak zituzten datozen hamabost hilabeteetan. Azken egunetan prozesu subiranistaren egutegiaren inguruan suertatu diren zalantzak uxatzeko adierazi zuen Puigdemontek, bertzeak bertze, «hitzartutako epeak» betetzeko ahalegina egingo dutela, baina ezin direla «egutegiaren preso» izan. Horregatik, adierazi zuen agian «luzapen tekniko bat» behar izango dutela, baina hori ez dela «dramatikoa»; Puigdemonten ustez, «agian oker ibili» ziren hemezortzi hilabeteko epea finkatzean.

Epeak albo batera utzita, hiru ardatz nagusitan egituratzen da Puigdemontek 2017ko ekainera bitarte jorratuko duen gobernu plana. Batetik, alde soziala eta Ongizate Estatua; bertzetik, ekonomiaren aktibatzea, okupazioaren sustapenean oinarrituko dena gehienbat; eta, azkenik, gobernuaren erregenerazioa sustatzea. Aldez aurretik azpimarratuta, betiere, kontuan hartu behar dela atzo aurkeztutako programa behin-behineko legegintzaldi batean kokatzen dela.

Plan sozialari dagokionez, zehaztu zuen Junts Pel Si hautagaitzaren programan hitzartutako helburuez gain, eta CUPekin adostutako talka planean oinarrituko dela. Errenta minimoa hobetzea izanik helburuetako bat, estaldura handitu eta bideratzea mugatzeko ardura hartuko du Kataluniako Gobernuak bere gain. Era berean, jangelen diru laguntzak areagotzea, dagoeneko Osasun sailburuak aurreratu duen osasun publikoaren sarbidea ahalbidetzeko legea sortzea, eta etxe kaleratzeen kontrako taldeek garatutako herri ekinbidezko legea sendotzea izango dira gobernuaren lehentasunak aurrerantzean.

Puigdemontek adierazi du, hein berean, «ekonomiaren itomenaren eta Espainiako Estatuaren murrizketa berrien mehatxuen gainetik» egongo direla gobernu berriarentzat «gizarte politikak». Haren hitzetan, gizarte politiken sustapenaren beharrizana da, guztiaren gainetik, estatu propioa sortzeko beharraren adibiderik argiena.

Baina aipatutako erronkak aurrera eraman ahal izateko gogorarazi zuen berebiziko garrantzia izango duela datozen asteetan ga aurrekontuak onartzeak. Berez, Junts Pel Siren eta CUPen arteko akordioa betetzen bada, behintzat, ez litzateke arazorik izan behar.

Murrizketak, alde batera

Aurreko gobernuak, Artur Mas buru zuela, Katalunian eginiko murrizketen ondorioak bertatik bertara ezagutu ditu generalitateko presidenteak hilabeteotan. Era berean, azpimarratu du «Katalunia estatu propiora bideratzea» lehentasuna izanik, orain arte nagusitu diren murrizketa politikak alde batera utziko dituela.

Herri justuago bat eraikitze aldera, gainera, bereziki azpimarratu du pobrezia energetikoaren eta etxebizitzaren aldeko eskubideak sustatzearen garrantzia.

Pobrezia energetikoaren ildoan, duela astebete Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen argindarra eta gasa ordaintzeko arazoak zeuzkaten familiei zerbitzu horiek kentzea debekatzen zuen Kataluniako Gobernuaren dekretua. Puigdemontek atzo agindu zuen pobrezia energetikoaren aurkako legeak sendotzeko ardura hartuko duela bere gain.

Presidentearen erranetan, «inor ez da urik, argirik, gasik eta etxerik gabe geldituko, are gutxiago, Auzitegi Konstituzionalaren erruz». Errefuxiatuen gatazka erauzteko beharraren aurrean, Kataluniak duen «ardura» azpimarratu du, eta Europak egun duen krisirik larrienean eragile aktibo izatearen garrantzia ere aldarrikatu du.

Moncloako bilera

Kataluniako presidenteak gaur Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin Moncloan duen hitzorduaren harira, azaldu du lau helburu nagusi dituela. Batetik, Kataluniako prozesu subiranistaren egoera azaltzea, independentziaren aldekoen gehiengoa duen parlamentutik hasita. Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanaz ere hitz egitea, elkarrizketa sustatu eta erreferenduma mahai gainean jarrita. Bertzalde, Masek 2014an Rajoyri aurkeztu zizkion 23 puntuak ez bete izanaren inguruan hitz egitea; hirugarrenik, politikaren judizializazioa; eta, azkenik, gizarte eskubideen egoeraren inguruko hausnarketa egitea, errefuxiatuetatik hasi eta pobrezia energetikora bitarte.

Espainiako Autonomia Erkidegoen defizitaren banaketa, berriz, «bidegabekoa» dela uste du Puigdemontek, eta gai horri ere heldu nahi dio Madrilen. «Baikorra» dela erran du, eta ez du uste «Kataluniaren eskaerak hutsean geldituko direnik Moncloan».

Azpiegituren inguruan gobernuak dituen jomugak ere aurreratu zituen: «Mediterraneoko korridorea defendatuko duen talde katalana egituratuko da, azpiegitura erabat funtsezkoa baita». Aldirietako trenen inguruko kudeaketa behin eta berriz aldarrikatuko dutela adierazi zuen, «ez prozesu independentistarentzat, baizik eta biztanle guztien mesederako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.