7.500 iheslari hotzez eta blokeatuta daude Serbian; horietatik ehun, mugan

Belgradok laguntza humanitarioa «blokeatzen» duela salatu dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek. 62.000 iheslari daude Grezian

Zenbait errefuxiatu Roszken, Hungarian, mugatik hurbil. MSF.
ander perez zala
2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Zero azpitik hamar graduko tenperatura dute egunotan Serbian, eta sekulako elurtea. Egoera horretan bizi dira 7.500 errefuxiatu, horietatik ehun Hungariarekiko mugan. EB Europako Batasunak adostutako kuota sistemaren arabera, Belgradok 6.000 iheslari hartzea hitzeman zuen, baina soilik 3.140 bizi dira neguari aurre egiteko hornitutako eraikinetan, MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez.

«Kanpalekuetan bizi ez diren errefuxiatuak eraikin abandonatuetan daude. Serbiako agintarien orain arteko estrategia laguntza humanitarioa blokeatzea izan da», salatu du MSFk. Belgrado hiriburuan, Afganistango, Pakistango, Irakeko eta Siriako 2.000 errefuxiatu inguru daude abandonatutako eraikinetan, zero azpitik hogei graduko tenperaturarekin. MSFren arabera, azken hilabeteotan «larri» jaitsi da laguntza humanitarioa emateko aukera, eta soilik janaria eta mantak emateko aukera dute gobernuz kanpoko erakundeek. Belgrado laguntza humanitarioa «blokeatzen» duela salatu dutegobernuz kanpoko hainbat erakundek, tartean MSFk.

Serbiaren eta Hungariaren arteko mugan, berriz, ehun bat errefuxiatu daude, muga pasatzeko prest. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, hogei bat errefuxiatu daude Horgos (Serbia) eta Roszkeren (Hungaria) arteko mugan, eta beste 80 Kelebija (Serbia) eta Tomparen (Hungaria) artekoan.UNHCRko bozeramailea Mirjana Milenkovskik zehaztu du iheslari horiek ez dutela harrera zentroetara joan nahi, hori egiten badute Europako Batasunean sartzeko aukera galduko dutela uste baitute: «Ez dira mugituko. Beldur dira Serbiako harrera zentro batera joatea onartuz gero, han datuak eskatuko dizkietela eta gero ezin izango direla Europan geratu, deportatuko dituztela, alegia». Hala ere, badira laguntza onartu dutenak. Azken egunotan, 82 errefuxiatuk onartu dute harrera zentroetara joatea, Milenkovskik jakinarazi duenez. 5.600 dira guztira zentro horietan daudenak.

2016ko martxoan itxi zuten Balkanetako bidea, hainbat errefuxiatuk batasunera sartzeko erabiltzen zutena. Mazedoniako Gobernuak Greziako muga ixteko erabakia hartu zuen joan den martxoaren 9an, nahiz eta praktikan errefuxiatuek bi egun zeramatzaten muga zeharkatu ezinik. Eslovenia, Kroazia eta Serbia ere egun berean hasi ziren beren mugetan debekuak ezartzen. Hala, hainbat errefuxiatu blokeatuta geratu ziren herrialde horietan.

Europaren «zinismoa»

Grezian, berriz, 62.000 errefuxiatu daude blokeatuta. Beren egoera ere salatu du MSFk: «Gaitzigarria da euria eta elurra egiten duen bitartean gizon, emakume eta haurrek kanpin dendetan bizi behar izatea. Are gehiago, Europaren zin egite eta iragarpenak kontuan hartuta. Europaren zinismoa ordaintzen ari dira».

500.000 iheslari iritsi ziren Europara 2016an; aurreko urtean baino %72 gutxiago. EBren eta Turkiaren arteko akordioaren ondorio zuzena da: Ankarak Europarako mugak itxi zituen, errefuxiatuak Greziara ez sartzeko. Horrekin batera, dagoeneko herrialde horretara sartu diren iheslariak Turkiara bidaltzea adostu zuten bi aldeek, eta trukean, 3.000 milioi euro jasoko ditu Ankarak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.