Milizien eta militarren artean

Joan den urriaz geroztik gatazka militar handi batean murgilduta dago Kongoko Errepublika Demokratikoko Kasai eskualdea. Kamuina Nsapu matxinoen buruzagia iazko abuztuan hil bazuten ere, haren jarraitzaileek gerrari eutsi zioten, eta armadak bereizkeriarik gabe jokatu du.

Milizien eta militarren artean.
Oskar Epelde Juldain.
Nganza
2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
H ubert Nkole abadeak iturri ikusezin batetik ateratzen du indar sortzailea. Santa Teresa elizaren ondoko bere logelan iraun zuen martxo osoa, azken kolpe lepo-egile bat edozein une eta aldetik irits zekiokeenean, baina halabeharrezkoa zen Nganzako bihotzari eusteko, hark dioen bezala, «goizero elizako kanpaia entzutea». Martxoaren 14ko gauerdian, ustekabean militarrek Kamuina Nsapuren milizien etxeei eraso zieten: «Sarraskia!». Biharamunean, miliziano batzuek elizari su eman zioten haserre bizian; Kamuina Nsapu buruzagi handiak azken unean bidalitako mezu bati esker libratu zen Nkole txikiziotik. Mezuak zioen nazioaren ondasunak ez zirela txikitu behar. Militarren erasoa gidatu zuen «traidoreak» hanka egin zuen, eta milizianoek haren emaztea aurkitu eta bizirik erre zuten, aitaren aurrean.

Bortxakeriak gainezka egin ahala, auzotar gehienek etxeak itxi eta alde egin zuten norabait; apaiza, aldiz, ez zen mugitu, auzoan geratu zirenen patuaren lekukotza eman beharra zegoelakoan. Martxoaren 28an militarrek beste eraso bat egin zuten, bizirik geratzen ziren miliziano taldeak elkarren arteko iskanbiletan sartuta zeudenean.

Bakea manu militari ezarri ondoren, Nganzara itzuli diren herritarrek aurrerapauso pentsaezina eman dute Nkole apaizaren argiaz. Militarrengandik etxez etxe jasandako abusu eta kalteak salatu dituzte izen-abizenak jarrita. Kamuina Nsapuren elementuek ez zieten agindutako segurtasuna ekarri, baina militarrek tiroka hiltzeaz mehatxatu zituzten ondasunak harrapatzeko. Biktimak milizianoak ziren ala ez bereizteko denborarik ez zuten galdu soldaduek. Gainera, martxoaren 14ko gauerdiko sarraskian hildako milizianoen izen-abizenak zerrendatu dituzte. Ia denak hogeita gutxiko gazteak, hogei urtetara iritsi gabeak edo adingabeak ziren, neska-mutilak, ikasleak, eta langabeak.

Buruzagi mespretxatua

Kolonia garaitik estatuko botere zentralak bere alde dauden buruzagi tradizionalak (kapita-k) bakarrik onartzen ditu. Jean-Pierre Mpandi Kamuina Nsapu-k lau urte eman zituen bere buruzagitzaren aintzatespen ofiziala lortzeko ahaleginetan, baina Erdiko Kasaiko gobernadorearen bitartez, Barne Ministerioak maila txikiagoko kapita bati eman zion hari zegokion dokumentua. Gainera, gobernadorearen alderdi politikoaren lurralde ordezkari izendatu berria zen kapita hura. Kamuina Nsapuk, mendekuz, kapita haren herria erre zuen, gobernuak militarrak bidali zituen, eta, heriotza-nahaste horretan, buruzagiak «politiko-usadioko matxinada» sortu zuen.

Errealitate sozialean sustraitutako diskurtsoa egin zuen, herriak pairatzen dituen min eta ezintasunez mintzatuz, eta telefonoz telefono zabaldu zen. Demokrazia faltsutu zuten estatu agintarien aurkako haserre eta mehatxuek, bere jatorrizko lurraldetik haratago ere gazteen exodo moduko bat erakarri zuten, hil eta gaindi-ezinak bihurtzeko Kamuina Nsapuren su mistikoan bataioa hartu, buruan zapi gorria jantzi, aizto, aihotz edo eskopeta hartuta, estatuaren sinboloen kontra borroka egiteko.

Kamuina Nsapu iazko abuztuan hil zuten militarrek, baina harrezkero bortxakeria ero eta buru-moztailea nagusitu da Kasai zabalean. Hasieran, matxinoek herritar askoren elkartasuna zeukaten, baina militarren jazarpen-erasoak hasi zirenetik, oinazea areagotu besterik ez da egin. Makina bat herri hustu ziren; miliziarekin ados ez zeudenen buruak moztu zituzten, maiz estatuaren aintzatespenen politikeriak bizkortutako buruzagien arteko liskarretan moztu ere. Eskolak, elizak, herriak erre zituzten. Kamuinaren suan lortutako superbotereek ez zuten berpizkundea bermatzen. Zapi gorriak, milizianoen sinboloak, gorpuak erori ziren tokian geratu ziren. Inork ez zituen ukitzen. Laborariek eskuko tresnekin lanean jarraitu behar, diplomadunak ere bizikletak bultzatzen gasolina edo alkoholez beteta 120 kilometroan, astebeteren ondoren nekez hamar dolar irabazteko.

NBEren ikerketa

Etorkizunari begira, elkar antolatzea eta erabakitzea beharrezkoa dela erakutsi du odolezko ikasgaiak. Santa Teresa elizako kristauena bezalako jarrera ausart gehiago ere agertu dira. Militarrek Nganzan hildakoak 186 izan zirela bildu du tokiko talde batek txosten batean, eta hildakoen izen-abizenak ere zehaztu ditu. Eliza katolikoak berriki adierazitakoaren arabera, berriz, urritik 3.300 lirateke Kasai osoan hildakoak. Gertaera haien salaketek aldaketaren ataria izan nahi lukete, baina beldurrari aurre egiteko kemena ilundu egin da bortxakeriaren hedapenarekin. Segurtasunik eza nagusitzen ari dela esan ohi du oposizioak Joseph Kabila gobernatzeko gai ez dela erakusteko. Kabilak, berriz, hauteskundeak atzeratzeko arrazoitzat erabiltzen du indarkeria egoera. Urritik, bi aldiz izan da Kasai bisitatzen, azkenekoz duela bi aste. Agintariak gero eta kezkatuago daude Kasaik nazioarteko justiziaren arreta erakarri duelako. NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen bulegoak 42 hobi komun dokumentatu ditu Kasain. Giza Eskubideen Kontseiluak joan den astean aho batez onartu zuen Kasaiko gertakariak argitzeko ikerketa bat egitea —47 herrialdek osatzen dute kontseilua—.

Kongoko Errepublika Demokratikoko krisi armatuen zerrenda luzatu du Kasaik. Foku nagusietako batean, Kivu iparraldean, batzuek nekazarien ahalmentzea eztabaidatu nahi duten bitartean, besteek inportatutako armen bitartez ezin dela ezer egin bermatu nahi dute. Kongoko baliabide aberatsen ustiapen irrazionalak sortutako gatazkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.