Espainiako Gobernua: «Ez da sezesiorako erreferendumik izanen»

Madrilek dio prest dituela Kataluniako Parlamentuak onartzeko dituen legeentzako helegiteak. Rajoy Trumpekin elkartuko da hilaren 26an

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramailea, atzo, Madrilen. EMILIO NARANJO / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Kataluniako independentziari buruzko erreferendumerako atzerako kontua azken hilabetean sartu da. Jordi Turull Presidentetzako kontseilari eta gobernuko bozeramaileak erran du «denboraren kudeaketa» Generalitateak kontrolatzen duela, «urriaren 1ean botoa emanen dela bermatzeko». Turull Euskal Herrian izan zen, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin elkartu zen Bilbon. Espainiako Gobernuak, ordea, lasai dagoela irudikatu nahi izan du bertze behin: «Urriaren 1ean ez da sezesiorako erreferendumik izanen», adierazi zuen atzo Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak, Ministroen Kontseiluaren ondoren. Mendez de Vigoren arabera, Madrilek aztertuta ditu «egoera posible guztiak», eta prest ditu indar independentistek erreferenduma baino lehen onartu nahi dituzten legeen aurkako helegiteak.

Kazetariek Mendez de Vigori galdetu zioten Espainiako Gobernuak zein neurri zehatz hartuko dituen, baina bozeramaileak ez zuen erantzun. «Kataluniarrek lasai egon behar dute, kataluniar, espainiar eta europar izaten segituko dutelako». Erreferendumaren astean, hilaren 26an, Mariano Rajoy Espainiako presidentea Donald Trump AEBetakoarekin elkartuko da Etxe Zurian.

Erreferendum Legea eta Trantsizio Legea onartzeko ditu Kataluniako Parlamentuak. Heldu den asteazkenean, osoko bilkura eginen du, baina Turullek atzo ez zuen zehaztu bi legeak edo legeren bat eztabaidatu eta bozkatuko ote duten. Hala ere, ziurtatu zuen «72 parlamentarientzat [Junts Pel Si eta CUP koaliziokoentzat]» ez dela arazo bat izanen, «ohore bat baizik».

Katalunian erreferendumaren aurka lerratu diren alderdiek, ordea, presioa handitu nahi diote Generalitateari. Miquel Iceta PSCko buruak erran du «deskonexiorako legeak» bozkatzeko ordua ailegatzerakoan, haren alderdiko ordezkariek parlamentutik alde eginen dutela. Catalunya Si Que Es Potek asteartean erabakiko du jarrera. Koalizio horren kide da Espainiako Podemos alderdiaren adarra, eta ez duela Erreferendum Legearen aurka bozkatuko errana du. Diada egunean (hilaren 11n), ekitaldi bat eginen du «Kataluniaren burujabetza» aldarrikatzeko, En Comu Podem koaliziokideekin batera. Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak parte hartuko du.

CIAren ustezko abisua

CIAk Bartzelonan atentatu bat jasateko arriskuaz ustez mossoei bidali zien oharra dela eta, Mendez de Vigok Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eskatu dio «argitzeko» AEBetako informazio zerbitzuaren abisurik jaso ote zuten. Turullek, ordea, bukatutzat eman nahi izan du eztabaida. «Norbaitek iradoki nahi badu atentatua eragotz zitekeela, izan dezala adorea eta erran dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.