NDF: hazkundea indartu da, baina «baliteke susperraldiak ez irautea»

Funtsak kalkulatu du munduko ekonomia %3,6 haziko dela aurten, eta %3,7ra heldu datorren urtean. Inflazio apala eta ordainen igoera eskasa aipatu ditu susperraldia osatu ez den seinale gisa

Maurice Obstfeld NDF Nazioarteko Diru Funtseko ekonomialari kontseilaria. STEPHEN JAFFE / EFE.
Ivan Santamaria.
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
NDF Nazioarteko Diru Funtsak bere burua kontrolatzen ikasi du. Christine Lagarde funtseko buruak «baikortasuna» agindu zuen aurreikuspen makroekonomiko berrietan, eta hala izan da. Iazko hazkunde tasa krisiaren osteko txikiena izan ondoren, barne produktu gordinaren susperraldi globala indartu dela ondorioztatu du. Mundua aurten %3,6 eta heldu den urtean %3,7 haztea espero du orain. Datuetan islatu duen hobekuntzaren grina baretzen saiatu da mezuan, ordea. Susperraldiak osatu gabe jarraitzen du, eta «baliteke ez irautea», Maurice Obstfeld NDFko ekonomialari kontseilariaren hitzetan.

Ez da harritzekoa zuhurtzia saltzeko erabaki kontziente hori. Justu hamar urte pasatu dira krisi ekonomikoaren lurrikarak nazioartera lehen uhinak bidali zituenetik. Orduko hartan, finantza merkatuen nahasmenak bere hazkunde kalkuluak murriztera eraman zuen funtsa, baina ekonomiaren oinarriak «sendo» zeudela ziurtatu zuen. Katarro bat ikusi zuen pneumonia baten ordez, eta ez du berriro huts bera egin nahi, ekonomiaren aurrera begirako balorazioari dagokionez, behintzat.

Orain dela urte eta erdi eskas, hazkundearen ahuleziak eta finantza merkatuen ezinegonak trumoi hotsak piztu zituen berriz, bereziki Txinaren moteltzeari lotuta. «Egoera oso ezberdina da. Europan, Japonian eta AEBetan hazkundea bizkortu da. Finantza baldintza onuragarriak daude mundu osoan, eta turbulentzia gutxi espero da finantza merkatuetan», Obstfelden hitzetan.

Ez da guardia jaisteko edo konplazentziarako garaia, hala ere. Funtsak zenbait arazo ikusten dizkio martxan ari den susperraldiari. Hobekuntza ez da herrialde guztietara hedatu; inflazioa oso apala da, eta soldaten hazkundea, ahula; eta epe ertainera begirako aurreikuspenak nahiko eskasak dira. NDFko ekonomialarien aburuz, «arrisku serioak» ditu aurrez aurre ekonomiaren egonkortzeak, eta mezu zuzena igorri diete gobernuei: ireki den abaguneak leiho bat ematen du produktibitatea, inbertsioak edo lanpostu eskaintza handitzeko.

Eurogunea, hobera

Arazoak arazo, aurtengo lehen seihilekoa NDFk iragarria zuen baino hobeto igaro da. Eremu gehienetan gainditu da espero zen hazkundea. Bereziki adierazgarria da eurogunea. Aurten moneta bakarra duten herrialdeen blokea %2,1 haziko dela kalkulatu du. Tasarik handiena litzateke 2010. urtetik. Japonia, Txina, Ekialdeko Europa eta Errusia ari dira ekonomia globaletik tiraka, eta bultzada hori nahikoa da AEBetan, Erresuma Batuan eta Indian aurreikusi den moteltzea orekatzeko. AEBei dagokienez, zerga erreforma handi batek sustatu zituen joan den apirileko aurreikuspenak, eta, hori gabe, bere kalkuluak behera berrikusi ditu funtsak.

Arriskuen artean, NDFk moneta politika azkarregi gogortzeko tentazioaren aurka ohartarazi du. Inflazioak gora egingo duen seinale argiak izan arte itxarotea aholkatu die banku zentralei. Halaber, finantza mundua arautzeko ahaleginean atzera ez egiteko eskatu du, eta neurri protekzionistak «kaltegarriak» direla azpimarratu. «Barne desadostasun politikoak» ere aipatu ditu arrisku gisa, segur aski Trumpen agintaldia buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.