Katalunia

Puigdemont Junts Per Catalunyako zerrendaburua izango da bozetan

Hautagaitza bateratua baztertu, eta PDECatek izen berri bat erregistratu du hauteskundeetarako; independenteak batu nahi ditu hautagaitzara. Carles Riera izango da CUPen zerrendaburua
Carles Puigdemont eta Artur Mas, joan den urriaren 21ean, Bartzelonan.
Carles Puigdemont eta Artur Mas, joan den urriaren 21ean, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2017ko azaroak 14
Duela hiru egun eskas adierazi zuen Marta Pascal PDECaten koordinatzaileak: «Oraindik badugu denbora». Esan nahi zuena zen oraindik ere garaiz zebiltzala datorren abenduaren 21eko hauteskundeetarako subiranisten arteko zerrenda bateratu bat osatzeko. ERCk, ordea, zerrenda propioa aurkeztu zuen joan den larunbatean, eta Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea jarri du buruan. Eta CUPeko militanteen %64k aukeratu zuten, herenegun Granollersen, koalizioa alboratu eta bakarrik aurkeztea. PDECat ere bakarrik joango da bozetara, eta Junts Per Catalunya izena erregistratu du hauteskunde batzordean. Alderdiak militanteei bidalitako mezu bat aipatuz hainbat komunikabidek atzo kaleratutakoaren arabera, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidentea izango da zerrendaburua. Junts Per Catalunyak kartzelan eta Belgikan erbesteratuta dauden kontseilariak batu nahi ditu hautagaitzara; baita independenteak ere, ERCk bezalaxe.

Puigdemontek behin baino gehiagotan azaldu du hautagaitza «bakar eta transbertsal» baten buru izateko asmoa. Azkenean, bere alderdiaren hautagaia izango da —urtarrilean adierazi zuen ez zuela «inolako bokaziorik» Generalitateko presidentetzarako hautagaia izateko—. Ostiralean bukatuko da zerrendak ixteko epea, eta azken bizpahiru egunetan gertatutakoa aintzat hartuta, subiranistek nekez osatuko dute koaliziorik.

Pascal, David Bonhevi antolakuntza koordinatzailea eta Artur Mas Kataluniako presidente ohia Puigdemontekin bildu dira asteburuan, Bruselan. PDECatekoek alderdiko kideei bidalitako informazioan adierazi diete presidenteari lagunduko dion «zerrenda transbertsal bat» osatzeko lanean ari direla. Dena dela, zera zehaztu dute: «Alderdiak eskuzabala izan beharra dauka, baina, era berean, eroso sentitu beharra dauka abenduaren 21eko proposamen politikoarekin». Joan den larunbatean, ERCk nabarmendu zuen «fronte errepublikano bat» osatu nahi duela.

CUP, Dante-Fachinekin

CUPek ere bakarrik aurkeztea erabaki du, eta Carles Riera azken urtean parlamentuan diputatu izandakoa izango da zerrendaburua. Horren berri eman dute hainbat komunikabidek, alderdiko iturriak aipatuz. Herenegun egin zuten batzarrean antikapitalisten %91k hauteskundeetara aurkeztearen alde bozkatu zuten. «Hautagaitza ahalik eta zabalena» aurkeztuko dute, «apurtzailea, ezkerrekoa eta independentista». Anna Gabriel diputatuak laburbildu zuen alderdiaren asmoa: «Abenduaren 22an beharrezkoa da errepublika gauzatzen hastea».

Eta hautagaitza ahalik eta zabalena eratzeko ahaleginean, CUPekoak Albano Dante-Fachin Podemen buru ohiarekin bildu dira —iragan astean eman zuen dimisioa, Pablo Iglesias Podemoseko buruarekin hainbat tirabira izan ondoren—. Benet Salellas diputatuak eman du kontaktuen berria, eta pentsatzen du «posible» dela Dante-Fachin beren hautagaitzara batzea. Podemeko buru ohiak Som Alternativa plataforma erregistratu du, dagoeneko, hauteskunde batzordean. Salellasen hitzetan, ituna, behintzat, mahai gainean dago: «Antzeko programa baldin badugu, posible da aliantza bat».

Haustura Bartzelonan

PSCk Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea babestu ostean, Barcelona En Comuko kideek Bartzelonako Udalean sozialistekin zuten udal akordioa haustea erabaki zuten atzo. Hortaz, aurrerantzean gutxiengoan gobernatuko du Barcelona En Comuk. «PSCrekin haustea demokrazia kontua da», azpimarratu zuen Ada Colau Bartzelonako alkateak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna