Robert Mugaberen dimisioarekin, aro berri bat hasi dute Zimbabwen

Gaur dira izendatzekoak presidente berria. Mugaberen alderdiak boterea deszentralizatzeko prozesu bat abiatuko du. NBEk «lasaitasuna eta moderazioa» eskatu dizkie Zimbabweko herritarrei
Jendea Mugaberen dimisioa ospatzen, parlamentarien bileran, Hararen, atzo.
Jendea Mugaberen dimisioa ospatzen, parlamentarien bileran, Hararen, atzo. AARON UFUMELI / EFE

Iosu Alberdi

2017ko azaroak 22
Zimbabweko presidente Robert Mugabek dimisioa eman zuen atzo arratsaldean, armadako tankeak kalera irten zirenetik astebete igaro dela. Parlamentuko presidente Jacob Mudendak eman zuen berria, parlamentuko eta senatuko kideak presidentearen aurkako zentsura mozio bat eztabaidatzen ari ziren bitartean.

ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoak haren aurkako zentsura mozioa aurkeztea adostu zuen herenegun, eta atzo eraman zuen gaia Zimbabweko Batzar Nazionalera, senatuak eta parlamentuak batera eginiko bilerara.

Bilera martxan zela, ordea, parlamentuko presidenteak Mugabek bidalitako gutuna irakurri zuen. Mugabek adierazi zuen bere «borondatez» utzi duela kargua, «Zimbabweko herritarren onerako eta boterean trantsizio leun bat gerta dadin». Parlamentuak txalo artean jaso zuen erabakia, eta milaka herritar kalera irten ziren, Zimbabwek izaniko presidente bakarraren erabakia ospatzeko, 37 urte boterean egon ostean.

Dimisiorik eman ezean, zentsura mozioak kargugabetuko zukeen Mugabe. ZANU-PFk gehiengoa du bi ganberetan, eta oposizioko alderdi nagusiaren, MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduaren babesa zuen mozioa aurrera ateratzeko.

Mugaberen gutunak batzar nazionala harritu zuen, presidenteak uko egin baitzion ZANU-PFk, berak sortutako alderdiak emaniko ultimatuma onartzeari, eta ez zuen dimisiorik eman asteburuan, nahiz eta bere alderdiko buru izateari utzi zion, ZANU-PFko Batzorde Zentralak hala erabakita. Batzordeak Emmerson Mnangagwa izendatu zuen ZANU-PFko buru eta 2018ko hauteskundeetarako hautagai.

Mugabek, ordea, «normaltasunera itzultzeko» deia egin zuen ZANU-PFko lidergoa galdu ostean, eta alderdiaren abenduko kongresua zuzentzeko nahia adierazi.

Batzar nazionala bildu baino ordu batzuk lehenago, Mugabek bere gobernuko kabinetea biltzeko deia egin zuen, baina bertan behera geratu zen, ministro gehienak ez zirelako azaldu. Horiek deialdira ez agertzeko agindua jaso zuten.

Mnangagwa hautagai

Mugabek bidalitako gutunak ez du azaltzen nork hartuko duen presidente kargua, baina Mudendak azaldu zuenez, abiatu dituzte presidente berria gaur izendatzeko lanak. Estatuko konstituzioaren arabera, egungo presidenteordeak hartu beharko luke Mugaberen kargua. Phelekezela Mphoko da hori, baina Mphoko Grace Mugaberen alde dago, hots, Robert Mugaberen emaztearen alde.

Mnangagwa presidenteorde ohia eta gobernuko alderdiko lider berria da Mugaberen kargua hartzeko hautagai nagusia. Mnangagwak eta Mugabek elkarrekin hitz egin zuten herenegun, armadako buru Constantine Chiwengaren esanetan. Presidenteorde ohiak atzo —Mugabek dimisioa eman aurretik— argitaratu zuen bere lehen adierazpena azaroaren 6an kargugabetu zutenetik. Mnangagwak adierazi zuen ez zela Zimbabwera itzuliko «bere segurtasun pertsonala» bermatuta dagoela ziurtatu arte, eta Mugaberi kooperatzeko deia egin zion.

ZANU-PFko bozeramaile Kennedy Mandazaren arabera, ordea, alderdiak boterea «deszentralizatzeko» asmoa du: «Batzorde zentralaren erabakien artean dago botere erdigune bakarra egotearen kontzeptua deuseztatzea». Erabaki hori abenduko kongresuan berretsiko dutela azaldu zuen, Mugabek dimisioa eman eta gutxira. Azken gorabeherak alde batera utzita, alderdiak urte luzez izandako «lidergo indartsua» eskertu dio Mugaberi.

Mandazaren esanetan, «bere inguruko jendearen eraginak» eraman du aldapan behera Mugaberen agintaldia. Izan ere, «presidentearen inguruko gaizkileei» aurre egiteko atera zen armada kalera, militarren esanetan.

Mnangagwaren kargugabetzeak piztu zuen sua, azaroaren 6an. Hori Grace Mugaberen eta haren aldekoen presioak eragin zuen. Grace Mugabe eta Mnangagwa munduko presidente zaharrena ordezkatzeko hautagaiak ziren, eta lehenaren aldekoek gutxiengo zuriaren aurkako gerrako beteranoak bidetik kentzea zuten helburu, Mugabek aurrera egiteko.

May: «Bide berria ireki dute»

Nazioarteak ontzat eman du Mugaberen erabakia. Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk adierazi du Zimbabweri bide berri bat irekitzen diola Mugaberen dimisioak: «Zimbabwek bide berri bat egiteko aukera du, zapalkuntzatik aske». Mayk gehitu du Erresuma Batuak ahal duen guztia egingo duela Zimbabwen hauteskunde askeak egin daitezen eta haren ekonomia hobetzen laguntzeko.

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek «lasaitasunari eta moderazioari» eusteko deia egin die Zimbabweko herritarrei, Farhan Haq bozeramailearen bidez. Haqek gehitu du lider guztiek euren herritarrak entzun behar dituztela: «Gobernu forma guztien zutabea da hori, kontinente guztietan jarraitu beharrekoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna