NBEk Jerusalem Israelgo hiriburu izendatzearen aurka bozkatu du

128 estatuk Palestinaren aldeko ebazpena babestu dute. Netanyahuk «irrigarritzat» jo du Batzar Nagusiaren erabakia. «Munduaren nahia» erosten saiatzea leporatu die Turkiak AEBei

Riyad Al-Maliki Nikki Haleyen aurretik igarotzen, bozketaren aurretik, atzo, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak AEBetako presidente Donald Trumpek hartutako erabakiaren aurka egin du, eta Jerusalem Israelgo hiriburutzat ez onartzeko ebazpena onartu zuen atzo, aldeko 128 bozekin, aurkako bederatzirekin eta 35 abstentziorekin. Ebazpena, ordea, ez da loteslea.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, ez du erabakia onartu: «Israelek guztiz gaitzesten du ebazpen barregarri hau». PAE Palestina Askatzeko Erakundearen idazkari nagusi Saeb Erekaten ustez, berriz, boza «mundu duina» elkartuta dagoen froga da, «abusuaren eta larderiaren aurrean».

Ebazpenak Jerusalemen egoera negoziazio baten bidez konpontzearen beharra azpimarratzen du, eta «hiriaren demografia aldatzen duen» edozein erabakiren aurka egin. NBEren Segurtasun Kontseiluak hiriaren inguruan onartutako ebazpenak errespetatzeko beharra ere azaltzen du. Azkenik, Ekialde Hurbilean bakearen alde lanean jarraitzeko deia egiten du.

Israelek eta AEBek ez dute, beraz, babes handirik izan, bigarren horrek nazioarteari mehatxu egin arren. Guatemala, Honduras, Marshall irlak, Mikronesia, Nauru, Palau eta Togo agertu dira ebazpenaren aurka. Halere, eginiko presioek normalean NBEko bozetan egoten den abstentzio kopurua handitu dute. Besteak beste, Argentinak, Australiak, Kanadak, Mexikok eta Poloniak egin dute aukera horren alde.

Izan ere, Trumpek mehatxu egin zien herenegun Washingtonen erabakiaren aurka bozkatzeko asmoa zuten estatu kideei: «Nazio horiek guztiek milaka milioi dolar hartzen dituzte, eta gure aurka bozkatzen dute. Boz horiek begiratuko ditugu, utz diezaiegun gure aurka bozkatzen. Diru asko aurreztuko dugu. Ez digu axola».

AEBek NBEn duen enbaxadore Nikki Haleyek ere jarrera bera defendatu zuen atzoko eztabaidan. «Egun hau gogoratua izango da», egin zuen mehatxu. Estatu batek AEBei laguntza finantzarioa edo politikoa eskatzen dietenean bozkatu dutena kontuan hartuko dutela azaldu zuen, baita NBEren aurrekontuetan ekarpena egiteko orduan.

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek, ordea,AEBetako dolarrengatik ez saltzeko eskatu zien 193 estatuei, batzarraren eztabaida hasi aurretik. «AEBei demokraziaren sehaska deitzen diote… Demokraziaren sehaska munduaren nahia dolarrekin erosten saiatu da», adierazi zuen.

Batzarrak onartu duen ebazpena astelehenean AEBek Segurtasun Kontseiluan betoa jarri zionaren antzekoa da. Batzarrarenak ez bezala, kontseiluaren ebazpenak lotesleak dira.

Kasu hartan, kontseiluko gainontzeko hamalau kideek alde bozkatu zuten, baita Erresuma Batuak, Frantziak eta Japoniak ere, hirurak AEBen aliatuak. «Betoak ez digu geraraziko», adierazi zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministro Riyad al-Malikik atzoko bozketaren aurretik, eta ebazpenaren aldeko botoa eskatu zuen: «Historiak izenak gogoratzen ditu. Alde zuzenean daudenen izenak, eta gezurrak esaten dituztenenak».

Milaka errefuxiatu

Jerusalemen inguruko gatazkaren erdian, Libanon dauden errefuxiatu palestinarren erroldaren berri eman du estatuko presidente Saad Haririk. Orain arteko datuek milioi erdi palestinar inguru zeudela aurreikusten zuten, baina 174.422an jarri du zifra, besteak beste, Libanoko Gobernuak eta Libano-Palestina elkarrizketa batzordeak eginiko txostenak.

Horiek hamabi kanpamentutan eta horien inguruan pilatuta dauden 165 aglomeraziotan bizi dira. Gehienak, %50,5 inguru, estatuaren hegoaldean daude, Sidon eta Tiro hirietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.