Siriako oposiziorik eta kurdurik gabe hasi da Sotxiko konferentzia

Hainbat talde biltzen dituen HNC plataformak salatu du Errusiaren egitasmoak NBEk abiatutako bake elkarrizketak ahulduko dituela

Sergei Lavrov (Errusia) eta Nasser Hariri (HNC) elkarri bostekoa ematen, iragan astean, Moskun. SERGEI CHIRIKOV / EFE.
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako bederatzigarren elkarrizketa sortaren ostean, Siriako bake prozesua berpizteko hamaikagarren saioa abiatu zuten, atzo, Sotxin (Errusia). Errusiak, Iranek eta Turkiak babestutako Siriako elkarrizketa nazionalerako kongresuaren asmoa da bake elkarrizketak berrabiaraztea eta Siriarako konstituzio berri bat idazteko prozesua martxan jartzea. Sotxiko konferentziak bi egun iraungo du, eta negoziazio garrantzitsuenak gaur egingo dituzte. Errusiako Gobernuak jakinarazi duenez, 1.600 ordezkari gonbidatu ditu elkarrizketetara. Arrazoi ezberdinak medio, atzo ez ziren Sotxira joan Siriako oposizioko hainbat taldek osatzen duten HNC koalizioa eta kurduen erakunde nagusiak, eta esan dute ez dutela parte hartuko konferentzian.

HNCko ordezkariek Vienako bake elkarrizketetan jakinarazi zuten Sotxiko konferentziari boikot egingo ziotela. Haien ustez, Sotxiko konferentziak NBEk babestutako bake elkarrizketak «ahulduko» ditu. Hala ere, antolatzaileek ziurtatu zuten ez zituztela baztertuko NBEk sustatutako elkarrizketak, eta NBEk erabaki zuen Staffan de Mistura Siriarako mandataria Sotxira bidaltzea.

Kurduei dagokienez, haien administrazio autonomoko ordezkariek esan dute ez direla Sotxin izanen «Afrinen aurkako Turkiaren inbasioak jarraitzen duen bitartean». Turkiak ez du nahi Mendebaldeko Kurdistango alderdi nagusiak, PYDk, elkarrizketan parte hartzea.

HNC koalizioaren eta kurduen boikotaren inguruan, Kremlineko bozeramaile Dmtri Peskovek adierazi du ez duela «eragin handirik izango», eta konferentziak aurrera jarraituko duela. Bozeramailearen esanetan, partaide batzuk falta izanak «ez dio kenduko duen garrantzia». Onartu du, hala ere, ez dela «berehalako» aurrerapausorik lortuko: «Soilik pazientziaz eta arreta handiz lan egiten badugu lortuko dugu aurrera egitea».

Netanyahu eta Putin bilduta

Vladimir Putin Errusiako presidentea ez da izango Sotxiko konferentzian. Atzo, ordea, Siria izan zuen hizpide Benjamin Netanyahu Israelgo presidentearekin, Moskun izandako bileran. Zehazki, herrialde horretan Iranek duen presentziaz aritu ziren. Iranek, Errusiak bezala, Siriako Gobernuaren alde egin du, eta bere indar armatuak eraman ditu hari laguntzera. Israelgo armadak, berriz, ehun bat aire eraso egin ditu Sirian gerra hasi zenetik, hango armadaren eta aliatuen aurka.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.