Aurrekontuena «aitzakia» bat da tarifa elektrikoaren ituna eteteko, Tapiarentzat

Erkorekaren ustez, akordioa martxan jartzeko «mekanismoak» daude. Cebekek «mingarritzat» jo du egungo tarifak indarrean jarraitzea
Alvaro Nadal eta Arantxa Tapia, artxiboko argazki batean.
Alvaro Nadal eta Arantxa Tapia, artxiboko argazki batean. JUAN HERRERO / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko otsailak 14
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiaren ustez, euskal enpresentzako tarifa elektriko berria ezartzea ez litzateke arazo izan behar Espainiako Gobernuarentzat. Sailburuak Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalen hitzak kritikatu ditu Onda Vascan, eta adierazi 2018ko Espainiako aurrekontu orokorrak ez egotea ituna ez betetzeko «aitzakia» bat dela.

Nadalek aurtengo aurrekontuen onarpenarekin lotu zuen tarifa elektrikoaren ezarpena, herenegun. Izan ere, PPk EAJrekin lotu nahi du horien onarpena, baina jeltzaleek uko egin diote horren inguruan negoziatzeari, Katalunian 155. artikuluak indarrean jarraitzen duen bitartean.

Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekaren ustez, tarifa elektrikoak eta aurtengo aurrekontuek ez dute loturarik, eta, beraz, ez dago «arrazoi objektiborik» akordioa martxan ez jartzeko. Beharrezko «mekanismoak» existitzen direla azaldu du, eta erabiltzen ez badituzte «egin nahi ez dutelako» dela.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek ere Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du. Gonzalezen esanetan, ituna 2017ko Espainiako aurrekontu orokorrekin lotua dago, eta «akordioak betetzeko daude».

Egungo tarifarekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.250 enpresak inguruko beste erkidegoetakoek baino tarifa garestiagoa ordaintzen dute argindarragatik. Desabantaila hori murrizteko lortu zuten akordio bat EAJk eta PPk iaz, eta tarifa berria 2018. urtea hastearekin jarri behar zuten indarrean. Baina ez da halakorik gertatu.

Enpresa horiek 30.000 volteko sareei lotuta daude, Iberduero konpainiak bere garaian ezarri zuen sareko lotura motarengatik. Sare horretan dauden enpresek 28 euro ordaintzen dute megawatt-ordua. Aldaketarekin, 16 euro ordainduko lukete.

Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak bat egin du Jaurlaritzaren eskaerarekin. Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusiak akordioa betetzeko eskatu dio Nadal ministroari, eta «beste baldintza batzuekin» ez lotzeko esan. Azpiazuk adierazi du tarifa elektriko berriaren helburua «mingarria den elementu bat» amaitzea dela, batez ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragiten duena.

Europa, begira

Tapia sailburuak borondate politikoa kokatu du auzia konpontzeko beharrezko elementutzat. Halere, bada beste elementu bat ere, Nadal ministroak herenegun ezagutarazi zuena. Europako Batzordeak informazio espediente bat helarazi dio Espainiako Energia Ministerioari, akordioak lehiaren arauak hausten dituen jakiteko.

Kataluniako arartekoak jarri zuen helegitea, eta Batzordea ikertzen hasi da. Halere, Arantxa Tapiak argi du Bruselaren eskaerari Espainiak «erantzun egoki bat» eman behar diola: «Akordioa behar adinako gogoekin defendatzen ez bada, baliteke salaketa horrek aurrera egitea».

Erkorekak ere itunaren defentsa egin beharra azpimarratu du, tarifa aldaketaren arrazoia «desabantailak» kentzea dela argudiatuz: «Hori ederki defenda daiteke Europako Batzordearen aurrean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna