«Hitzaren gerrillariak» ondutako kronikak

Zekine Turkeriren 'Uda batez Kurdistanen' liburua aurkeztu dute. Irak, Turkia eta Siriako lurralde kurduetako gerra garaiko bizipenak biltzen ditu
Eneko Gartzia, Kristina Berasain eta Urtzi Urrutikoetxea, atzoko aurkezpen ekitaldian.
Eneko Gartzia, Kristina Berasain eta Urtzi Urrutikoetxea, atzoko aurkezpen ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2018ko apirilak 11
Bizia, gogorra, eta testuinguruaren argazki zehatza eskaintzen duena. Hala definitu du Urtzi Urrutikoetxea kazetariak Turkiako Kurdistanen jaiotako Zekine Turkeri kazetariaren Uda batez Kurdistanen (Elkar) liburua. Irakeko, Turkiako eta Siriako Kurdistanen 2014ko udan bildutako bizipenen kronikak bilduta osatu du liburua Turkerik; atzo aurkeztu zuten, Donostiako Elkar liburu dendan. Urrutikoetxeaz gain, aurkezpenean izan ziren Xabier Mendiguren editorea, Kristina Berasain BERRIAko kazetaria eta idazlearen laguna, eta Eneko Gartzia, itzultzaileetako bat. Liburuaren egileak ezin izan zuen bertaratu.

Saddam Hussein Irakeko presidentearen agintaldia amaitu ostean herrialdeko kurduek lortutako autonomia zabalaren nondik norakoak ikusteko abiatu zuen bidaia Turkerik. Alabaina, Estatu Islamikoaren erasoaldiak asmoa aldarazi, eta gerra frontetik gertu bizi ziren kurduen bizimodua biltzeari ekin zion. Borroken lehen lerroan egon gabe, baina gerraren eragina gertutik ezagutuz: «Iraken hasi eta Sirian jarraituta, kurduen izen-abizenak, familiako kontuak eta istorio pertsonalak bildu ditu», zehaztu du Urrutikoetxeak. Gerra erreportajeak osatu ditu Turkerik, egoerak hala behartuta. Hala, Rojavako egoeraren zertzeladak eskaintzen ditu liburuak: «Han garatu zen kurduen konfederalismo demokratikoaren ideia», azaldu du Urrutikoetxeak.

Kurdua izaki, gainontzekoak iritsi ezin diren lekuetara iristeko ahalmena izan du Turkerik. Berandu iritsi zitzaion, ordea, kontzientzia nazionala. Unibertsitatean izan zen hori, Istanbulen, Zientzia Politikoak ikasten ari zela: «Gainerako ikasle kurduen bidez jakin zuen lau mugetan sakabanatuta zegoen herri batekoa zela, herri kurdua lau estatutan sakabanatuta zegoela, eta zergatik zegoen debekatuta jaioterrian Kurdistan hitza esatea», azaldu du Berasain lagunak.

Urrutikoetxeak egin du liburuaren hitzaurrea. Nazioarteko gaietan aditua da, eta ondo ezagutzen du Kurdistango egoera. Hango egoera politikoa bildu du hitzaurrean. Iruditzen zaio liburuak zubi lanak egiten dituela: «Euskaldunak izanda, konplizitate handia biltzen duzun eremu batera eramaten zaitu».

Kurduen arteko ezberdintasunak ere agerian uzten ditu testuak, eta horrek irakurlearen jakin-mina ase dezake: «Batzuk kontserbadoreak, besteak ezkertiarragoak... Gazteen eta emakumeen rolak ere azaltzen ditu, esaterako». Hain justu, presentzia nabaria dute emakumeek liburuan, eta «emakume borrokalariei» eskainia dago.

Turkian, egoera txarra

Kazetaria da Turkeri —Egunkaria-ko eta BERRIAko kolaboratzaile izan da hogei urtez—, eta «hitzaren gerrillari» gisa definitu du Berasainek. Alabaina, 2016an utzi zuen kazetaritza, Recep Tayyip Erdogan presidentearen aginduz Turkeriren lantokia —IMC telebista katea— itxi zutenean. Turkian egoera txarra bizi dutela dio, 170 kazetari baitaude kartzelan, eta 41 atxilotu baitituzte martxoan. Iragan astean, bere ibilbidea abiatu zuen kurduerazko egunkaria hamaikagarrenez itxi zuten, eta 27 kazetari atxilotu: «Ilusioa eta itxaropena pizten diren aldiro, kolpea etortzen da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna