Eusko Label eta Haziren beste marka ofizialen salmenta %7 handitu da

Orotara, 152 milioi eurotik gorako fakturazioa izan dute 2017an. Haziko arduradunek Euskal Sagardoaren merkaturatzea nabarmendu dute

Asier Arrese Haziko zuzendaria eta Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordea, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Urtea orokorrean ona izan da Hazi fundazioak kudeatzen dituen marka publikoentzat. Orotara, haien fakturazioa %7 handitu da aurreko urtearen aldean, eta 152 milioi eurotaraino iritsi. Fakturazio horren zatirik handiena—145 milioi euro— Eusko Label markatik etorri da; emaitza %6 hobetu da. Euskal Baserriko elikagaien fakturazioa ere hazi egin da iaz, %62, bost milioi euroraino. Aldiz, Euskal Herriko Kantauriko Kontserben salmentak %13 jaitsi dira 2017an, bi milioi euroraino. Haziren iritziz, beherakada hori harrapaketen aldakortasunaren eta markaren ikusgarritasun txikiagoaren ondorio da.

Atzo goizean aurkeztu zuten fundazioaren memoria Asier Arrese Haziko zuzendariak eta Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta elikagai politikako sailburuorde eta Haziko presidenteak. Eusko Label produktuen artean Arabako Patatak, Euskal Baserriko Txerriak eta Euskal Baserriko arrautzak izandako ibilbideak azpimarratu zituzten. Arabako Patatak hiru ekoizle irabazi ditu, eta azalera %15 handitu, orotara 3,5 milioi kilotik gora patata ekoizteko. Euskal Baserriko Arrautzak ere bilakaera ona izan du, 20,6 milioitik gora arrautza merkaturatuta. Euskal Baserriko Txerriaren ekoizle kopuruak ere gora egin du %25.

Euskal sagardoa

Bere egitasmoen artean, Hazik sagardoaren adibidea nabarmendu du. Iazko ekainean merkaturatu ziren Euskal Sagardoa jatorri izeneko lehen botilak. Ehuneko ehunean bertako sagarrarekin eginak ziren —115 sagar mota eta 200 hektarea sagasti—, eta iaz 1,32 milioi litro sagardo joan ziren sor-markara; aurten, fundazioak kopuru hori handitzea espero du.

Basque Label harategien egitasmoa indartzeko ere balio izan du joan den urteak, 21 harategi gehiago atxiki baitira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira 32 dira orain. Arreseren arabera, «marka berri honekin harategi tradizionalen irudia eta kontzeptua aldatu nahi da, eta agerian jarri harategiek euskal abeltzainekin eta kalitatezko produktuekin duten konpromisoa».

Lan orokorragoetan, Hazik plataforma informatikoak garatzeko lanarekin jarraitu du, «abangoardia teknologikoan egongo diren tresnak eskuratzeko». Izan ere, fundazioaren egiteko bat da elikaduraren balio katea osatzen duten enpresen lehiakortasuna eta kudeaketa hobetzeko irtenbide teknologikoak ematea. Horretan ibili da 2017an, baita sektoreko erakundeen arteko «komunikazioen egituraketa hobetzen» ere.

Bittor Orozek ere balio katearen garrantzia aipatu zuen. Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburu eta Haziko presidentearen ustez, «sektorea bere katebegi guztietan egituratzeko aukera handia dugu orain». Orozen arabera, «garai ona da produktu berriak sortzeko, eraginkorrago eta iraunkorrago izateko, jarduera eta negozio eredu berriak sortzeko eta inbertsioak eta turismoa erakartzeko gastronomiaren eta elikaduraren ekosistemara».

Bestalde, Hazik azaldu zuen laster Eusko Labelekin landutako produktu berriak merkaturatuko direla: Arabako Patata aurregosiak, Eusko Labeleko behi haragiarekin egindako haragi-bolak, biribilkia saltsan, haragia arrautza-irinetan, lasagna eta sukalkia; eta Ibarrako Piparrarekin egindako piper saltsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.