Katalunia

Puigdemontek Torra independentea aukeratu du presidentegai izateko

JxCko diputatua behetik gorako prozesu konstituziogile bat hastearen eta errepublika ezartzerakoan korrika ez egitearen aldekoa da. Presidentegaia izendatzeko bilera sorta egingo du gaur Torrentek

Quim Torra JxC Junts Per Catalunyako diputatua, Kataluniako Parlamentuan. ALBERT SALAME / VILAWEB.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak oztoporik jartzen ez baldin badu, Quim Torra JxC Junts Per Catalunyako diputatua (Blanes, 1962) Kataluniako Generalitateko hurrengo presidentea bilakatuko da datorren astean. Carles Puigdemont presidente kargugabetuak JxCren presidentegaia dela jakinarazi zuen atzo, Berlindik egindako adierazpen instituzional batean. Beraz, presidentegaia ofizialki izendatu ahal izateko bilera sortara deitu du gaurko Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak. Telefonoz hitz egingo du legebiltzarreko talde parlamentarioetako buruzagiekin. Hainbat komunikabidek JxCko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, astelehenerako deituko du inbestidura saiora, nahiz eta, subiranistek gehiengo osorik ez dutenez, bi bozketa, bi osoko bilkura beharko dituzten presidente berria hautatzeko. 48 ordu geroago egingo dute bigarren saioa. Torraren izendapenak ia sei hilabeteko blokeo politikoa hausteko balioko du ziurrenik.

Hautagai berria Puigdemonten sokakoa da, eta joan den abenduaren 21ean Espainiako Gobernuak inposatutako hauteskundeetara independente moduan aurkeztu zen JxCren zerrendan. Abokatua eta editorea da, eta Kataluniaren independentzian sinesten du, errepublikan, baina pausoak ondo neurtu zalea da. Vilaweb agerkari digitalean duela lau egun argitaratutako eskutitz batean, hau adierazi zion Clara Ponsati Eskoziara erbesteratutako kontseilari ohiari: «Presa edukitzeak ez zuen esan nahi korrika egitea, baizik eta lerro zuzenari jarraitzea eta Kataluniako herriaren subiranotasuna gauzatzea. Horrela bakarrik aurre egin ahal izango zaio Espainiaren erasoari».

JxC eta ERC Esquerra Republicanak osatutako gobernu programaren diseinuan parte hartu du. Programa horren arabera, eta Puigdemontek sarritan aldarrikatu bezala, errepublika Erbesteko EremuAskea deitutakoan eraikiko dute, Kataluniako Parlamentua «eztabaida errepublikanoaren agora» bihurtuz. Prozesu konstituziogilea ere hizpide du dokumentuak, eta Torrak inoiz esan izan du hori «behetik gora» egin behar dela. Gizarte zibilaren rolaz kontziente da presidentegai berria. Ez zen alferrik izan zen ANC Biltzar Nazional Katalaneko (2012) kide, eta Omnium Culturaleko behin-behineko presidente (2015). «Helburua berriro fokatu behar da», esan zuen duela bi hilabete egin zioten elkarrizketa batean. Ez duela korrika egin nahi, alegia.

Izan ere, nahiz eta parlamentuan gehiengoa eduki, subiranistek botoen %47,5 atera zuten azkeneko bozetan, eta hori bizkarrean daramaten «harlauza bat» iruditzen zaio. Horregatik uste du «oinarri soziala zabaltzea» dagokiela.

Atzera begira jartzen denean, pentsatzen du urriaren 27an, Puigdemontek independentzia aldarrikatu zuenean, «errepublika defendatzea» zegokiela. «Matxinada une bat zen, eta ezin zitzaizkion mugak jarri». Halere, bere buruari galdetzen dio ea zertarako balio duen urrira begiratzeak eta beren buruak «jipoitzeak». Hori bai, aitortzen du «komunikazio akatsak» egon zirela orduan, eta herritarrak «desanimatuta» egon daitezkeela. Horren harira, eta ikusirik 2015-2017ko legegintzaldian, JPS Junts Pel Si Koaliziopean, elkar hartuta joan zirela, harrituta dago JxCren eta ERCren arteko harremanak ez direlako «estuagoak».

Pixkanaka joan nahi du Torrak. Berak ere egokia iruditu zitzaionean eman zuen politikarako pausoa. Baina ziur dago abaguneak aprobetxatzeko daudela. «Momentu egoki bat daukagunean, 3.000 pertsonak prest egon behar dugu kartzelara joateko», esan zion Vilaweb-i, orain bi hilabete.

Prozesu subiranistak bizi du, eta 2016an Els últims 100 metres liburua kaleratu zuen, non errepublikaranzko azkeneko zatia deskribatzen duen. Liburuak idazten ditu, baina editorea ere bada 2008tik, A Contra Vent argitalatxea sortu zuenetik.Ordura arte, enpresa pribatuan lan egin zuen 20 urtez, Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi eta gero. Ipurterrea izaki, artikulugilea izan da Kataluniako hainbat hedabidetan, eta 2012tik 2015era Bartzelonako Born Kulturunea zuzendu zuen.

Haren izena presidentegai izateko azkeneko hilabeteotan egin diren kinieletan zegoen. Elsa Artadi JxCko bozeramaileak indarra hartu zuen joan den astean, eta zerrenda horietan Josep Costa, Toni Morral eta Marc Solsona ere agertu izan dira, besteak beste.

Puigdemontek Torra aukeratu du, eta horren berri emango die gaur, Berlinen, PDeCATeko zuzendaritzako kideei. Atzo egindako adierazpenean nabarmendu zuen orain Kataluniako Parlamentuan datorren aroa «behin-behinekoa». Pasa den urtarrila amaieran bera izan zen presidenteagaia, baina Espainiako Estatuak betoa jarri zion, eta hori berretsi du azkeneko bi asteotan. Ondoren Jordi Sanchez izan zen hautagai bi aldiz —martxoan eta apirilean—, baina inbestidura saioak ez ziren egin, Pablo LLarena Auzitegi Goreneko epaileak ez ziolako kartzelatik ateratzeko baimenik eman. Jordi Turull ere izan zen presidentegai, eta egin zuten haren inbestidura saioa martxoaren 22an. Ez zuten aukeratu, ordea, CUP abstenitu egin zelako bozketan. Ezin izan zuten bigarren saioa egin, Llarenak kartzelara bidali zuelako hurrengo egunean.

Rivera eta 155a

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak atzo esan zuenez, presidente berria egonda ere Konstituzioaren 155. artikuluak indarrean jarraitu beharko luke Katalunian, gobernu berriak ez baldin badu «legea» eta estatutua «errespetatzeko» konpromisorik hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.