Iraken okupazioaren aurka erresistentzia gidatu zuen klerikoak irabazi ditu bozak

Moktada al-Sadr Bagdaden eta hegoaldeko lau eskualdetan nagusitu da. Haidar al-Abadi lehen ministroaren koalizioak porrot itzela jasan du

Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hauteskundeen behin-behineko emaitzak baieztatzen badira, panorama politikoa guztiz irauli da Iraken. Moktada al-Sadr kleriko xiitak zuzentzen duen koalizioak irabazi ditu larunbatean egindako legebiltzarrerako bozak: Sairum. Al-Sadrek komunistekin osatutako koalizioak gutxienez milioi bat boto eskuratu ditu, hegoaldeko lau eskualde xiitetan nagusituta. Bagdad hiriburuan, beste zerrenden botoak halako bi lortu ditu: 413.638. Legebiltzarrerako 329 eserleku daude jokoan, eta, hainbat informazio iturriren arabera, klerikoaren koalizioak 54 eskuratu ditu.

Al-Sadrek Ameriketako Estatu Batuen okupazioaren kontrako erresistentzia gidatu zuen; Al Mahdi miliziaren bidez borrokatu zen okupazio indarren kontra. Washington bezainbeste kritikatzen du, baina, haren ekialdeko aurkari historikoa: Teheran.

Bagdadeko Tahrir plazan milaka lagun elkartu ziren atzo goizaldean, klerikoaren garaipena ospatzera. Azken urteetan ustelkeriaren kontrako borrokaren ikur ere bihurtu da Al-Sadr. 2016an, parlamentuko saioa eteteko protestak gidatu zituen, eta, orduko hartan ere, komunisten babesa izan zuen. Haren itzala, baina, haratago doa. Gaur egun, haren aitak sortutako giza laguntzarako sarea ere zuzentzen du. Bagdadeko Sadr Hiria auzo txiroan oso errotuta dago sarea, eta litekeena da han lortu izana babes zabalena.

Haidar al-Abadiren porrota izan da, dena den, klerikoaren garaipena bezainbeste nabarmentzeko kontua. Lehen ministroa bozak irabazteko faborito zen, eta, behin-behineko datuen arabera, haren koalizioaren gotorleku izan diren hegoaldeko eskualde xiitetako bakar batean ere ez da nagusitu. Bagdaden, berriz, bosgarren lekuan geratu da Al-Daua. Alderdia bi koaliziotan aurkeztu da; batean Al-Abadi, eta bestean, Nuri al-Maliki —Irakeko lehen ministro izandakoa bere aurkariaren atzetik geratu da—.

Al-Abadik bere egin zuen Estatu Islamikoaren kontrako borrokaren garaipena, baina, badirudi horrek ez diola egin uste zuen mesedea; boz gehien lortutako alderdietan hirugarrena izan da.

Hadi al-Ameriren Al-Fath koalizioa da muturreko islamisten kontrako borrokari etekina atera diona; izan ere, bigarren lekuan geratu da, lau eskualdetan boto gehien eskuratuta, tartean Basoran. Al-Ameri Badr milizia xiitaren idazkari nagusia izandakoa da —Iranen babesa izan du—.

Irakeko Hauteskunde Batzordeak gaur jakinaraziko ditu behin betiko emaitzak. Irakeko hemezortzi eskualdeetatik hamarren emaitzak baino ez zituen zabaldu atzo, eta, boto guztiak zenbatuta, baliteke emaitza aldatzea, bereziki aintzat hartuta atzerriko botoak eta militar eta polizienak ez direla zenbatu oraingoz.

Parte hartzea

Parte hartze txikia izan da, hala ere, hauteskundeen gakoetako bat. Datu ofiziala gaur jakingo da, baina parte hartzea %44,52 izan da, duela lau urteko bozetan baino hamabost puntu txikiagoa. Estatu Islamikoa herrialdetik kanporatu osteko lehen hauteskundeak ziren larunbatekoak, eta agerian geratu da gaur egun, ustelkeriak eragindako axolagabetasunetik haratago, bestelakoak direla herritarren kezkak, bereziki gerraren zauriak ixtea eta segurtasunari aurre egitea.

Orotara, 24 milioi herritar zeuden deituta botoa ematera. Parlamentua hamabost eguneko epean osatuko da, eta, ondoren, hilabeteko epea izango dute presidentea izendatzeko. Horrek boz gehien duen zerrendari emango dio gobernua eratzeko eginkizuna, beste hilabete bateko epean. Zerrenda bakar batek gehiengoa izan ezean, beste hamabost egun izango dituzte alderdiek negoziatu eta gobernu koalizioa osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.