Aberatsena, pobreena

Arabako Errioxa da biztanleko barne produkturik handiena duen EAEko eskualdea, baina, aldi berean, batez besteko errentarik txikiena duena

Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Nola da posible eskualde bat izatea aberastasun sortzailerik handiena, eta, aldi berean, biztanleko errentarik txikiena izatea? Arabako Errioxari gertatzen zaion paradoxa da, ekonomia baten produkzio eta ondasun banaketa geografiko batzuetan kapritxosoari zor zaiona. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleko beste inork baino ekarpen handiagoa egiten dio Errioxak barne produktu gordinari, baina aberastasun horretatik eskualdean geratzen den zatia, errenta, EAEko urriena da.

Euskal Estatistika Erakundeak, Eustatek, atzo argitaratu zuen barne produktu gordina eskualdeka eta udalerrika aztertzen dituen azterketaren eguneratzea. 2015. urteari dagozkion datuak dira. Kalkuluaren oinarria gaurkotzearekin batera, eragiketaren berri urtero emango du estatistika erakundeak.

Arabako Errioxarena bezalako kasuak ulertzeko, kontuan hartu behar da BPGaren eta errentaren arteko desberdintasuna. BPGak produkzioarekin du zerikusia, aberastasunaren sorrerarekin. Hau da, industria eta zerbitzu indartsuenak dituzten eremuetan handiagoa izango da. Errentari dagokionez, pertsonekin eta bizilekuarekin du lotura.

Zamudioren adibidea paradigmatikoa da. Biztanleko barne produkturik handiena duen udalerria da, alde handiz gainera—367.000 eurotik gora biztanleko, EAEko batez bestekoa 31.000 euroren bueltan dagoenean—, eta emaitza horren jatorria Bizkaiko Parke Teknologikoaren kokapena da. Produkzio handi horrek ez du jarraipenik errentan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udalerrietatik 153.a da Zamudio, eta errenta pertsonalean batez bestekotik behera dago.

Industria eta zerbitzuak

Udalerrien eta eskualdeen egitura ekonomikoaren izaera eta norabidea aztertzeko aukera ematen dute Eustaten datuek. Biztanleko BPGrik handiena duten hamar udalerritik zazpitan industriarekin lotutako jarduerak nagusi dira. Hala ere, krisiari lotuta industriaren eta eraikuntzaren beheraldia gertatu da, zerbitzuen mesederako. Hogei eskualdeetatik soilik hiruk eutsi diote eskulangintzak produkzioan zeukan pisuari. Pisu galera bost puntutik gorakoa izan da Bidasoa beherean, Durangaldean, Urola kostan, Arratian, Plentzia-Mungian, Aiaraldean, eta Mendialdean. Arrasateko egoera aipatzekoa da: 2008tik 2015era hamar puntu galdu ditu industriak, horietatik bost 2012tik 2015era, Fagor Etxetresnak erori ondoren. Biztanleko BPGa beste hamar puntu erori da lau urtean.

Enpleguan ere, eskualde bakar bat dago 2008an baino hobeto—txikiena, Arabako Ibarrak—, eta lanpostuen %10 baino gehiago galduta segitzen dute Mendialdeak, Arratiak, Enkarterriak, Gorbeialdeak, eta Aiaraldeak.

Hiriburuetako ekonomien argazkia ere atera da azterketan. Bilbon eta Donostian zerbitzuen nagusitasuna indartu da: ehun eurotik 89 hirugarren sektoreak ekoizten ditu. Gasteizen proportzioa txikiagoa da, industriak ia %20 delako oraindik. Higiezinei lotutako jarduerak egiten du ekarpenik handiena Bilbon eta Donostian, eta bigarrena da Gasteizen, merkataritzaren atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.