Urteko kontraturik handiena lortu du CAFek, 87 tranbia salduta Oslon

Norvegiako hiriburuko garraio operadorearentzat beste 60 tranbia gehiago egiteko aukera ere jasotzen du kontratuak

CAFek Oslorako egingo dituen Urbos tranbietako bat. CAF.
Irune Lasa. Xabier Martin
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
CAFek urteko eskaerarik handiena jaso du, eta Europa zaharretik iritsi zaio albiste ona, azken hilabeteek erakutsitako joera berretsiz. Izan ere, Beasaingo tren konpainiak tranbien merkatuan aurtengo lehiaketen artean bolumen handiena zuen kontratua irabazi du. Osloko (Norvegia) hiri garraioko operadoreak, Spoveienek, CAF aukeratu du bere sareko tranbiak egiteko. 87 tranbia izango dira, baina aukera zabalik dago, gero beste 60 tranbia gehiago saltzeko. Sporveien eta CAF orain hasiko dira kontratua negoziatzen, eta baliteke 200 milioi eurokoa izatea.

Urbos gamako tranbiak dira CAFek Oslorako egingo dituenak, eta Norvegiako hiriburuko tranbia sareko sei lineatan dabiltzan tranbiak ordezkatuko dituzte. Zoru baxuko tranbiak dira Urbosak, eta Oslon bakarrik ez, beste zenbait hiritan ere ibiliko dira laster, hala nola Amsterdamen (Herbehereak), Flandrian, Luxenburgon eta Birminghamen (Erresuma Batua). Urbos gama munduko lider bihurtu da zoru baxuko tranbien merkatuan, CAFek orain gutxi irabazitako lehiaketa horiei esker.

Dagoeneko Naonedeko (Bretainia) kaleetan dabiltza Urbosak, eta horien antzekoak izango dira Beasaingo enpresak Oslorako egingo dituenak. 34 metro luze izango dira unitateak, seina ate bikoitzekin. CAFen arabera, «Norvegian ohikoak diren baldintza klimatiko gogorrei aurre egiteko ezaugarri bereziak izango dituzte, baita azken belaunaldiko sistemak ere». Gipuzkoako multinazionalak nabarmendu du Urbos tranbiak diseinatuta daudela unitatearen bizitza osoan ingurumeneko inpaktua gutxitzeko, «sorrera, fabrikazioa, energia kontsumotik hasi, eta birziklagarritasunera arte».

Eskari zorroa, handitzen

CAFek Norvegian lortzen duen bigarren kontratua da hau. Gaur egun, proba fasean daude Flytoget enpresak eramango dituen Oaris plataformako abiadura handiko unitateak. Horiek Gardemoen aireportua eta Oslo erdigunea lotuko dituzte express zerbitzuan.

Horiek horrela, Beasaingo tren konpainiaren eskari zorroak handitzen jarraitzen du, 2018. urtearen lehen zati honetan hainbat kontratu lortuta: metro unitateak egingo ditu Napoli (Italia), Bartzelona (Katalunia) eta Amsterdamerako (Herbehereak). Tranbiak Luxenburgo, Friburgo (Alemania) eta Lunderako (Suedia); eta orain egun gutxi lortu du Galesen diesel trenak egiteko kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.