NBEk batzorde bat osatuko du Israeli egotzitako gerra krimenak ikertzeko

Giza Eskubideen Kontseiluak Tel Aviv gaitzetsi du Gazako erasoaldiarengatik, baina Netanyahuk «parodia» deitu dio ikerketa hasteko erabakiari.

Abbasek Hamasen eskakizunak babestu ditu
Israelgo armadak suntsitutako Al-Xamaa meskita, atzo, Gaza hirian.
Israelgo armadak suntsitutako Al-Xamaa meskita, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko uztailak 24
NBE Nazio Batuen Erakundeak batzorde bat osatzeko erabakia hartu du, Israelek Gazan gerra krimenak egin ote dituen ikertzeko. Palestinako Estatuak, herrialde arabiarrek eta OIC Lankidetza Islamikoaren Erakundeak aurkeztu zuten eskaera NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan; 47 kideetatik, 29k babestu dute, hamazazpik abstentzioa eman dute, eta soilik AEBek bozkatu dute aurka, «borrokak» gelditzeko balio ez duela argudiatuta. John Kerry AEBetako Estatu idazkaria Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruarekin elkartu zen atzo, Egiptok joan den astean egindako proposamenaren haritik su-etena lortu nahian. Abbasek, ordea, bultzada bat eman dio Hamasi, alderdi islamistaren bi baldintza nagusiak babestuta: Gazako blokeoaren amaiera, eta Israelek ekainetik atxilotutako 1.200 palestinarren askatasuna.

Israelek ez du kontuan hartu ere NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak hartutako erabakia, eta Netanyahuren bulegoak agiri batean erran du ikerketa hastea «jende zintzoak baztertu beharreko parodia bat» dela. Kontseilua Genevan (Suitza) elkartu aitzinetik, are probokatzaileago agertu da Israelek AEBetan duen enbaxadorea; Ron Dermerrek Washingtonen emandako hitzaldi batean erran du Bakearen Nobel saria Israelgo armadari eman beharko lioketela, «ezin imajinatuzko autonkontrolarekin borrokatzen» ari delakoan.

Errealitatea da, ordea, Israelgo armadak ia 700 palestinar hil eta 4.000 zauritu dituela Gazan, hamabortz eguneko erasoaldian —Berun urtua operazioak iraun zituen hiru astetan (2008-2009) hildakoen erdi inguru—, eta, NBEren arabera, horien %80 inguru zibilak direla. Horregatik, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak Israel gaitzetsi du. Abstentziora jo dutenen artean Europako herrialdeak daude nagusiki, adierazpenak ez dituelako aipatu Hamasek suziriekin egindako erasoak. Ebazpena aurkeztu dutenak ez zeuden prest bi aldeak parekatzeko. Navi Pillay NBEren Giza Eskubideen goi mandatariak, ordea, gaitzetsi ditu «Hamasek eta bertze talde armatuek zibilen guneetara diskriminaziorik gabe egindako erasoak».

Kerry: «Norabide onean»

Giza Eskubideen Kontseiluaren erabakia orban diplomatiko bat izan liteke Israelentzat, baina eragin liezazkiokeen ondorioak aski mugatuak lirateke, bertzeak bertze, praktikan Mendebaldearen babesa daukalako, nahiz eta kritika batzuk jaso. Hala ere, menia bat lortzeko ahaleginetan ari dira Mendebaldeko diplomatikoak. «Norabide onean» doazela erran zuen atzo Kerryk, Abbasekin elkartu ondoren, eta Netanyahurekin bildu aitzinetik. Abbasek eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak, baina, bat egin dute Hamasekin. Yasser Abed Rabbo PAEko ordezkariak erran du Hamasen eskakizunak «herri palestinar osoarenak» direla. PAEk jarrera horri eutsiz gero, negoziazioetan bultzada emanen lioke Hamasi. Khaled Mexal alderdi islamistaren buruzagi historikoak bart iluntzean Qatarretik berretsi zuen blokeoa «erabat» kendu arte ez dutela menia onartuko, baina «su-eten humanitario bat» onartzeko prest agertu zen.

Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak, berriz, garaipentzat jo du nazioarteko hegazkin konpainiek Israelerako hegaldiak eten izana, herenegun suziri bat Ben Gurion nazioarteko aireportura ailegatu ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna