Lau t'erdikoa, kolokan

Pablo Berasaluzeri ebakuntza egin diote bi behatzetan eta ezingo du jokatu hiru hilabetean.Urrutikoetxeak ordezkatuko du gaur, Gasteizen

Pablo Berasaluze atsekabe aurpegiarekin, tanto bat huts egin ondoren. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Pablo Berasaluzek luxazioa izan du ezker hankako bi behatzetan eta bi eta hiru hilabeteren artean egongo da pilotalekuetatik kanpo. Ondorioz, ezingo du jokatu Andre Maria Torneoko finalerdia, ezta udako beste feriak ere. Eta zalantzan da lau t'erdiko txapelketan parte hartzeko garaiz sendatuko den. Zerrendaburu ez denez, urrian hasi beharko luke.

Berasaluzek Beran (Nafarroa) jokatzen ari zela izan zuen lesioa, herenegun. Titin eta Rezustaren aurka ari zen, Zubietarekin batera. Aurrelariak, Titinek txokora bidalitako pilota bat itzultzera zihoala, irrist egin eta behatzak bihurritu zituen oinarekin pareta bete-betean jota. Frontoian bertan egindako lehen mediku azterketan bazirudien behatzen bat apurtuta izan zezakeela. Behin ospitalean, Asegarceko medikua bertan zela, aurreikuspen txar horiek bete ziren. Erradiografiek hankako behatz luze eta nagiak hautsita zeuzkala baieztatu zuten, eta ebakuntza egin zioten. Orain, bizpahiru hilabete pasatu beharko ditu frontoietatik kanpo.

Lesio hau azke urte eta erdian izan duen bigarrena da. Iaz, apirilaren 28an, orpazurda hautsi zuen, Bilboko Bizkaia frontoian Albisurekin batera Irujo eta Zabaletaren aurka binakako txapelketaren finala jokatzen ari zenean. Bost hilabete behar izanzituen lesiotik osatzeko.

Oraingo lesio honen erruz, gaur ezingo du jokatu Gasteizen. Andre Maria Zuriaren torneoko lehen finalerdian aritzekoa zen, Albisurekin Olaizola II.a eta Beroizen aurka. Gasteizkotik ez ezik, udako beste torneoetatik ere kanpo geldituko da, gutxienezhilabete eta erdi beharko du sendatzeko, eta gero, berrindartzen hasiko da. Hortik aurrera lau t'erdikoa izango du helburu.

Gaurko finalerdiari dagokionez, Mikel Urrutikoetxeak beteko du Berasaluzeren lekua. Udako bigarren torneoa izango da Zaratamoko aurrelariarentzat. Sanferminetan ez zuen bere onena eman eta irudia garbitzeko aukera izango du. Litekeena da ez izatea udako haren azken aukera.

Berasaluzeren lesioarekin, hiru dira hasieran Gasteizko torneoan parte hartu behar zuten aurrelariak eta azkenean jokatzeko moduan egongo ez direnak. Atzo jokatu zen lehen finalerdian bertan bi aldaketa izan ziren. Irujok ezker eskuan mina zuela eta, Ezkurdiak hartu zuen haren lekua. Beste bikotean, Xala ez zen bere lesiotik sendatu eta Altuna III.ak jokatu zuen Zubietarekin.

Zarauzko torneoa bueltan

Zarauzko Torneoa udako egutegira itzuliko da aurten. Abuztuaren 15, 16 eta 17an jokatuko da. Aurten gainera, aspaldian ez bezala, hiru jaialdi izango ditu. Iaz ez zen jokatu, eta 2012an jaialdi bakarra izan zuen. Berrituta dator, gainera, lehenengo finalerdia, Azkoitian jokatuko baita Andramari egunez, hilaren 15ean. Irujo, sendatzen bada, eta Tolosa Altuna III.a eta Rezustaren aurka arituko dira. Bigarren finalerdia Zarautzen jokatuko da, hurrengo egunean. Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak Bengoetxea VI.a eta Albisurekin neurtuko dituzte indarrak. Finala hilaren 17an, Zarautzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.