AEBek Estatu Islamikoaren aurkako aire erasoak egin dituzte Iraken

2011n tropak erretiratu zituenetik, Washingtonek lehen aldiz zuzenean esku hartu du Iraken
Erasoa egin duten AEBetako gerra hegazkinak, Persiar golkoko hegazkin ontzian.
Erasoa egin duten AEBetako gerra hegazkinak, Persiar golkoko hegazkin ontzian. EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 9
Washingtonek zuzenean esku hartu du gatazkan. AEBetako armadak Estatu Islamikoaren aurkako aire erasoak egin ditu Irak iparraldean. Arbileko defentsei erasotzen ari ziren talde jihadistaren artilleria posizioak hartu dituzte jomugan. Kurdistango Eskualde Autonomoko hiriburua da Arbil, Estatu Islamikotik ihes egindako milaka lagunen aterpea. «AEBetako herritarrak daude tokitik gertu», adierazi du Pentagonoko bozeramaile John Kirbyk. AEBetako petrolio konpainien egoitzak daude hirian. Etxe Zuriak esan du Irakek batasuneko gobernua ezarriko balu jihadistei aurre egiteko tropak bidaltzeko prest legokeela.

Barack Obama AEBetako presidenteak aire erasoak baimendu ondotik ekin diote bonbardaketei, Irakeko gutxiengoen aurkako «genozidioa» geldiarazteko. 2011n utzi zuten AEBetako tropek herrialdea, eta ordutik ez dute operazio militarretan zuzenean parte hartu. «Munduak iratzarri egin behar du Estatu Islamikoaren mehatxua dela eta», adierazi du John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. Frantziak babesa erakutsi dio Washingtoni.

«Aire erasoek ez dute eraginik izango», esan dio Estatu Islamikoko borrokalari batek Reuters albiste agentziari. «Hegazkinek estrategikotzat dituzten posizioei erasotzen diete. Baina guk ez dugu horrela funtzionatzen. Hiri gerrilla gara».

AEBetako esku hartzeak ez du eragotzi jihadistek Irakeko urtegi handiena hartzea. Informazio nahasia izan da egunotan urtegiari buruz, kurduek zein islamistek aldarrikatu dute azpiegituraren kontrola. Ninive probintziako segurtasun arduradunak onartu du peshmergek urtegia utzi dutela.

Galdutako herriak berreskuratzeko Estatu Islamikoaren aurkako gerran bete-betean sartu dira Kurdistango indarrak. Sinjar, Zummar, Rabia eta Maxmur inguruetan borrokatzen dute, eta Arbil hiriburutik 45 kilometrora. Kirkuk eta Diyala probintzietako frontea, berriz, lasaiago dago. Rudaw hedabidearen arabera, Estatu Islamikoko borrokalari askok fronte hori utzi eta Mosulera jo dute.

AEBetako hegazkinek giza laguntza ere jaurti dute yezidi errefuxiatuak dauden eremura, haien egoera arintze aldera. Erresuma Batuak ere bidali die giza laguntza, baina baztertu egin du aire erasoak egitea. Bestalde, NBEk esan du «giza korridoreak» prestatzen ari dela iheslariak arrisku eremutik ateratzeko. Izan ere, muturreko talde islamistek yezidien —kurduen arteko gutxiengo erlijioso bat— eta kristauen hainbat hiri hartu ondotik alarma gorriak piztu dituzte nazioartean: nahiz eta kopuru ofizialik ez argitaratu, Irakeko hedabideek diote milaka lagun hil dituztela. Horrez gain, NBEren arabera, beste 200.000 iheslari mendietan inguratuta daude, jateko eta edateko baliabide eskasekin. Horietako asko gosez eta desidratazioz hil dira.

Ekainean Estatu Islamikoak, matxino talde sunitek lagunduta, Mosul hiria hartu eta Iraken eta Sirian dituen lurraldeak batu zituenean, kurduek etekina atera zioten egoerari, eta eremu autonomotik kanpoko aspaldi aldarrikatutako lurraldeak hartu zituzten, Kirkuk hiriburu historikoa, kasurako. Bagdaden esku hartzerik gabe gobernatu dute ordutik eskualdea. Bi hilabetean defentsa jarrerari eutsi diote kurduek. Estatu Islamikoak ordea, aurrera egin du, eta nabarmen utzi ditu orain gutxi arte jihadistei eusteko indar bakarrenetarikotzat jotzen zirenak.

Kritika asko jaso dituzte peshmergek kurduen herriak defendatzeko gai ez izategatik. Batez ere, Sinjar babesgabe uzteagatik. Hainbat ofizial kargutik kendu dituzte islamistei amore emateagatik. «Gu baino arma boteretsuagoak dauzkate. Irakeko soldaduei hartutako AEBetan eginiko ekipamendua dute», azaldu dio Al-Monitor hedabideari Halgurd Khidir Zahir peshmergen buruzagi batek.

Sirian, aurrera

Bestalde, Siriako Raqqa probintzia ia osoa kontrolatzen du Estatu Islamikoak. Al-Tabaqa aireportu militarretik kanporatu du armada, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez. Herenegun, aireportuaren ondoko base militar bat hartu zuten islamistek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna