Hong Kongen gobernuaren bulegoak hartzen saiatuko dira bihartik manifestariak

Protestak gogortu egingo ditu Ikasleen Federazioak.

Txinak babestu egin du gobernuko burua, eta kargua uztea baztertu du Cy Leungek
Manifestariak, atzo, Hong Kongeko Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean.
Manifestariak, atzo, Hong Kongeko Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean. ALEX HOFFORD / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 1
Hautagaiek Txinaren galbahetik pasatu beharrik gabe, Hong Kong hirian zuzenean aukeratu nahi dute agintari berri bat 2017an. Eta Ocupy Central mugimenduak bildutako manifestariek hamar egun daramatzate kalean protestan. Txinako erregio administratibo bereziko hainbat eremu okupatu dituzte, eta bihartik aurrera «indar gehiagoz» egingo dute protesta. Ikasleen Federazioko buruzagi Chow Wing Hongek iragarri du «gobernuaren bulegoak okupatzen» saiatuko direla.

Gaur Alderdi Komunista agintera iritsi eta Txinako Herri Errepublika sortu zuteneko 65. urtemuga ospatuko dute, eta, jai egunarekin, manifestari kopurua handitzea espero dute protesten antolatzaileek: «Eutsi egin behar dugu, eta gaitasuna badaukagu». 1989an Pekingo Tiananmen plazan gertatu zen gisan, Hong Kongera ere Txinako armada bidaliko duten zurrumurrua zabaldu zen manifestarien artean.

Astelehen gauean, 100.000 manifestari artean bildu ziren Hong Kongeko kaleetan; atzo goizaldean kopurua nabarmen jaitsi zen arren, arratsalderako berriro hiriko bide nagusiak itxi zituzten. Asteburuan Poliziak emandako erantzun gogorrak dei efektua eragin zuela ikusirik, istiluen aurkako indarrak gobernuaren eraikinak baino ez dituzte babestu, eta giroa asko lasaitu du horrek.

Cy Leung Chun-yongek, Hong Kongeko exekutibo buruak, manifestarien eskariei muzin egin eta ez duela kargua uzteko inolako asmorik esan zuen atzo. Protestek Pekin ez dutela Hong Kongerako erreforma politikoa aldatzera eramango argudiatu zuen.

Txinako Gobernuak, bestalde, babesa agertu die Hong Kongeko agintariei, eta protestak «zuzenbide estatuaren eta herri segurtasunaren kontrako sabotajea» direla esan zuen atzo Atzerri Ministerioko eledun Hua Chunyinek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna