Suak muga gurutzatu du

Gutxienez 21 lagun hil dira Turkian eta haren mendeko Kurdistanen, Kobaneren alde izandako protestetan.

Siriako kurduen hirian, aire erasoek Estatu Islamikoari traba egin diote lehenbiziko aldiz
Kurdistango Diyarbakir hirian gertatu dira azken bi egunotako istilu larrienak.
Kurdistango Diyarbakir hirian gertatu dira azken bi egunotako istilu larrienak. SERTAC KAYAR / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 9
«Gaizkileek ahalegin osoz eraso duten arren, etxez etxe distantzia laburrera borroka egin dugu granadekin, eta ez diegu aitzinatzen utzi. Hiriaren inguruan kokatu dituzten artilleriarekin eta tankeekin zibilen eremuak bonbardatzen segitu dute». YPG Herriaren Babeserako Unitateak miliziak atzo eguerdian Siriako kurduen Kobane hiriko borroken inguruan argitaratutako oharraren zati bat da hori. Kobaneko iturrien arabera, muturreko egoeran jarraitu du hiriak, baina atzo kurduek aspaldiko partez arnasa pixka bat hartzeko aukera izan zutela dirudi, iturri batek baino gehiagok adierazi baitute IS Estatu Islamikoak karrikaz karrika egindako aitzinatzea eten behar izan duela AEBek zuzendutako koalizioaren aire erasoen ondorioz. Kobanen, beraz, borroka bizirik dago, eta Turkian horrek piztutako sua, berriz, itzali gabe; are gehiago, hedatzen: herenegun hasitako protestetan hildakoak gutxienez 21 dira, eta kurduen burujabetzaren aldeko eragileek dei egin dute etxeratze aginduei jaramonik ez egin eta karriketan protestan segitzeko. Mendebaldeko potentziek, ordea, atea ireki diote Turkiaren asmoari —Siriako mugan «babesgune bat» sortzeari—.

Turkiako Hurriyet egunkariaren arabera, gutxienez Turkiako 22 hiri handitan piztu dira istiluak ISren eta Ankarak erakunde horrekin duen jarreraren aurkako protestetan. Tankeak ere ikusi dira irudietan. Istanbulen 98 lagun atxilotu dituztela jakinarazi du Huseyin Avni Mutlu gobernadoreak. Istilu bortitzenak, ordea, Turkiaren mendeko Kurdistanen gertatu dira. Sei probintziatan etxeratze agindua ezarri dute agintariek, baina KCK Kurdistango Herrien Konfederazioak —burujabetzaren aldeko eragileak biltzen dituen plataformak— karrikak ez uzteko deia egin die herritarrei. «Gibelera emandako pauso oro garesti ordain dezakegu ondorengo egun eta hilabeteetan», adierazi du, Kurdistango Firat agentziak bildu duenez.

Istilu latzenak Diyarbakirren izan dira —Turkiaren mendeko Kurdistango hiri nagusian—: gutxienez hamar lagun hil dira, Mehdi Eker Nekazaritza ministroak jakinarazi duenez —Diyarbakirrekoa da—. Kurdistango eta Turkiako hedabideen arabera, liskar hilgarriak burujabetzaren aldeko kurduen eta Kausa Askea alderdiko jarraitzaileen artean izan dira —nagusiki kurduek osatzen duten muturreko talde islamista bat da, Huda-Par akronimoarekin ezaguna—. Firat agentziak jakinarazi du bortz manifestari desagertuta daudela eta horien kideek adierazi dutela Huda-Parrek bahitu dituela.

AKP, karrikak gaiztotzen

Huda-Parren eta burujabetzaren aldeko kurduen —bereziki PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren jarraitzaileen— arteko ezinikusia 1990eko hamarkadatik dator, baina azkenaldian piztu egin da, Huda-Par ISren alde lerratu baita. ISren aurka mobilizatu diren kurduentzat, ordea, Huda-Parren eta manifestazioei eraso dieten talde islamisten gibelean Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP Justizia eta Garapena alderdia dago. Emrullah Isler AKPko diputatu eta lehen ministrorde ohiaren adierazpenek are gehiago puztu dituzte susmoak. «Zer egin du gaizki burua hautsi dioten gizon horrek?», idatzi du Twitterren, Diyarbakirren hildako Huda-Parreko kide baten argazkiari buruz. «Estatu Islamikoa ez da ailegatzen hori egin diotenen mailara. ISk hil egiten du, baina ez du torturatzen». Iskanbila sortu ondoren ezabatu egin du txioa, baina gero bertze bat idatzi du PKK gerrilla Al-Qaedarekin, ISrekin eta Al-Nusra Frontearekin konparatuz.

Hain zuzen, hori da Erdoganek markatu duen irizpidea: PKK eta Siriako kurduen YPG milizia ISren maila berean paratzea. Mugaren bi aldeetan Kurdistango burujabetzaren alde dauden eragileek uste dute Turkiak IS lagundu duela, Siriako kurduen autonomia oztopatzeko, Turkiakoentzat eredu bilaka ez dadin. Erdoganek «segurtasun eremu bat» ezarri nahi du Siriako muga okupatuta, eta, kurduen ustez, autonomia zapuzteko aitzakia bat da hori. Plan horrek, ordea, fronte bat ireki lekioke Ankarari, Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagi historikoak Imraliko espetxetik ohartarazi baitu Kobane ISren menpe eroriz gero gerrillak bertan behera utziko duela su-etena Turkian.

François Hollande Frantziako presidentea, ordea, mugan «babesgune bat» ezartzearen alde agertu da, Eliseoak jakinarazi duenez. Phillip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroa eta John Kerry AEBetako Estatu idazkaria ere aukera hori aztertzeko prest agertu dira. Kezkagarriak, halaber, Martin Dempsey Pentagonoko buruaren eta John Kirby bozeramailearen adierazpenak, erran baitute haien ustez Kobane «erori» eginen dela. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia Ankarara joan zen atzo gobernuko ordezkariekin biltzeko, eta Massud Barzani Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak baimena eskatu dio Erdogani Kobanera peshmergak bidaltzeko.

«Mugimendu baikorrak»

Kobaneren setioaren 23. egunean, baina, YPGek bakarrik jarraitu dute defentsan, arma arinekin ISren arma astunei aurre eginez. AEBek zuzendutako koalizioak, ordea, zertxobait aldatu du jarrera. «Atzo [herenegun] arte aire erasoek ez zuten emaitzarik eman», adierazi dio Saleh Muslim PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko (Siriako kurduen indar nagusiko) buruak Firati. «Lehenago egin behar zituzten, baina, hala ere, espero dugu mugimendu baikor horiek aurrerantzean ez amaitzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna