Putinen zain, Kieven

Zibil boluntarioak, gerrarako prestatzen. Donbasseko frontera joateko gogoz daude batzuk, baina gehienen beldurra errusiazaleak «eta Putin» Kieveraino iristea da.
Oksen Liovyi boluntarioak gidatzen duen boluntario batailoia, Kiev ondoko baso batean, gerrarako prestatzen.
Oksen Liovyi boluntarioak gidatzen duen boluntario batailoia, Kiev ondoko baso batean, gerrarako prestatzen. J.M. LOPEZ

Antonio Pampliega -

2014ko abenduak 24
Elurrak krask egiten du boten azpian. Kontu handiz mugitzen da, oharkabean pasatzeko. Arbolak eta zuhaixkak lagun ditu, etsaiaren begiradatik ezkutuan ibiltzeko. Borreroak nahikoa du altxatu eta isilpeko hitz batzuk egitea, eskuadroi osoa basoan hedatzeko. Egurrezko Kalaxnikov bat darama eskuan. Izei sendo baten enbor ondoan makurtu da Oksen Lisovyi, bere posiziotik 20 metrora dagoen bidexkari adi. «Gerrarako prestatu beste erremediorik ez daukagu, separatistei aurre egiteko. Vladimir Putinek Kieveraino etorriko zela agindu zuen; haren zain gaude gu, hemen bertan ehortziko dugu».

Desafio kutsu nabarmena dute Oksenen hitzek. 42 urteko irakasle ukrainarra da, eta asteak daramatza zibilentzako autodefentsa eskolak hartzen. Kiev ondoan, industrialde abandonatu batean, ehunka boluntario gerrarako prestatzen ari dira: borroka taktikak, arte martzialak, benetako tiro probak. Oksen da lehen lerroan boluntarioen batailoietan borrokan jardun duten bakanetakoa. Gerran hilabete bat egin, eta Kievera itzultzea erabaki zuen; baina borrokarako prestatzen jarraitzen du: «Gerrak Donbasseko muga zeharkatzen duenean, boluntario sartuko naiz berriro».

Oksenen posiziotik bertan dago Iaroslav, 32 urteko igeltseroa. Benetako AK-47 bat dauka, baina muniziorik gabea. Arnasa hartzen duenero, lurruna dario ahotik. Bihotz taupadak bizi-bizi. Arnasa sakon hartuz saiatzen da lasaitzen. «Lagunak baditut Donbassen borrokan, eta prest izatean ni ere hara joango naiz». Oksenek eta Iaroslavek «abertzale soilak» direla diote, «Ukraina Errusiaren mehatxutik babestea» beste ideologiarik ez ei dute.

Pelotoiak, Oksen buru duela, bidexkan lasai datorren beste boluntario talde baten kontra jo du. Ta-ta-ta-ta-ta-ta. Segada ondo atera da. Etsai guztiak hil dituzte, eta taldean gehienak onik daude. Baina benetako gerran... egurrezko armek edo balarik gabeek ez dute balio.

Irakasleak, unibertsitate ikasleak, igeltseroak, soldadu ohiak... Ukrainar abertzaleek prest egon nahi dute, unea iristen denerako. «Errusiazaleen balizko erasoaldi bati aurre egiteko prestatzeko datoz gehienak ikastaro hauetara, baina badira Donbasserako bidea hartzen dutenak ere, lehen lerroan dauden batailoiekin bat egiteko», dio Boris Biditxevek, autodefentsa ikastaroko zuzendariak.

Donetsk eta Luhansk aldera joan nahi dutenentzako «hiru asteko ikastaro trinko bat» daukate. Instrukzioa amaitzean, fronterako sobera prestatuta daudela dio, harro, Biditxevek: «Ukrainako armadaren errekrutatze zentroek soldadu berriak ere guri bidaltzen dizkigute, formatu ditzagun; hemen, kuarteletan baino prestaketa hobea jasotzen dute». Gerrarako eskolak emateko baimen guztiak dituztela zehaztu du; industriagunea ere, Ukrainako agintariek doan utzi diete.

Biditxev boluntarioak adoretu nahian ari den bitartean, bigarren plano batean dago Olga Turitsa. Errespetuz eta loriaz begiratzen dio 23 urteko gazteak. Besoan daraman ikur gorri batek bereizten du ikasleengandik: Taktika. Instruktorea baita: «Nire herria defenditzeko ari naiz prestatzen. Gerra hau ez genuen geuk hasi, eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko, errusiarrak gu inbaditzera noiz etorriko zain. Ukraina ez da gehiago errusiar inperioaren parte izango».

Yoga irakaslea, 'sniper'

Jatorriz Odesakoa (Ukrainako hego-mendebaldean), boluntario taldeko tiratzaile edo sniper onena da Olga, baina metro eta erdira ere iristen ez den boluntario hau, ohiko bizitzan... yoga irakaslea da. Barre txikia ere atera zaio: «Kideak aho zabalik geratzen dira, nire lanbidearen berri izatean. Baina frankotiratzaile bihurtzeko asko lagundu dit yogak». Gorputzez gorputzeko borroka eta gerrillako taktikak ere menderatzen ditu: «Nire ezagutzak Ukraina babestu nahi duten abertzaleen esku jarri nahi izan ditut. Inoiz baino batuago egon behar dugu».

Olga ez da boluntario taldeko emakume bakarra. Anastasiak, 29 urtekoa, diseinatzaile grafikoa izateari utzi eta astebururo, kamuflajeko arropak jantzi eta jostailuzko armak hartzen ditu. «Neure burua defenditzen eta armak erabiltzen ikasi nahi dut, errusiarrak Kieveraino iritsiko balira. Horregatik eman nuen izena autodefentsa ikastaroan». Baina gerrarako gogo handirik ez daukala onartu du: «Unea iritsiz gero, ez dakit borrokako lehen lerrora joateko adorerik izango nukeen».

Erabat doakoak dira ikastaroak, eta udaberrian hasi zituzten, hasieran arrakasta handirik gabe. Baina Ukraina ekialdean gatazka gogortu ahala, gero eta zibil gehiagok eman dute izena. «Hasieran dozena bat izango ziren. Orain, astebururo ehundik gora biltzen gara. Edozeinek eman dezake izena, betiere Ukrainako Poliziari ikastaroan parte hartzeko baimena eskatu ostean», ohartarazi du Biditxevek.

Garai nahasiak dira Ukrainarentzat, eta, herrialdeak piztu den sukar nazionalistak bultzaturik, irakasleak, diseinatzaileak, kazetariak, igeltseroak nahiz zerbitzariak pauso bat aurrera eman eta gerrarako prestatzea erabaki dute, autodefentsa taldeetan. Garaia iritsiz gero, separatisten kontra borroka egiteko. Haien zain daude Kieven.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna