Draghiren ustez, EBZ zuzen ari dela erakutsi du inflazioaren gorakadak

Hazkunde aurreikuspenak bere horretan utzi ditu banku zentralak, susperraldiaren erritmoak abiadura galdu duela iritzita

EBZko presidentea, Mario Draghi, atzo Frankfurten egindako agerraldian. FRANK RUMPENHOST / EFE.
Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ekonomiari bilioi bat euro baino gehiago punpatzeko erabakiari buruz zalantzarik ez du EBZ Europako Banku Zentralak. Euroguneko inflazioa %0,3 izan zen maiatzean, joan den urtarrilean hondoa jo eta -%0,6 izan ondoren. Norabide aldaketa ikusita, hartutako bidetik ez mugitzeko erabakiari eusten dio EBZk.

«Akaso, merkatuak harrituko zituen inflazioaren igoerak. Gu ez gaude harrituta. Ez da espero baino handiagoa izan. Hartutako erabakietan indartzen du gobernu kontseiluaren jarrera», Mario Draghi EBZko presidentearen hitzetan. Hileroko bilera egin zuen atzo EBZk, eta ondoren agerraldi publikoa egin zuen Draghik.

Ekainarekin, aurreikuspen makroekonomikoak eguneratu ditu banku zentralak. Inflazioari dagokionez, 2015. urterako kalkulua igo dute. Prezioen hazkundea %0tik %0,3ra pasatu da. 2016. eta 2017. urteetarako, berriz, ez da aldatu: %1,5 eta %1,8, hurrenez hurren.

Prezioek gorako bidean hasi bezain pronto hasi zaizkio lehenbiziko oharrak iristen Draghiri, bereziki Alemaniatik. Herrialde horretan oso kritikoak izan dira bonuak erosteko programarekin, eta atzo horri buruzko galdera ugari erantzun zituen EBZko presidenteak.

Hasieran, 2016. urteko irailera arte eutsiko dio bankuak dirua punpatzeko erabakiari. Argi utzi zuen, hala ere, dibisa politikari eusteko asmoa dutela epe ertainera begirako inflazioak ezarritako helburuarekin bat egin arte — agindua da %2ren azpitik baina kopuru horretatik hurbil—.

Borondate hori berretsi zuen Draghik, egungo dibisa politika aldatzeko balizko estrategiak eztabaidatzen hasi diren edo ez galdetuta. «Hortik oso urrun gaude. Oraindik bide luzea geratzen zaigu horra iristeko. Ez dago arrazoirik bidea aldatzeko». Bonu erosketen erritmoa azkartzeko aukera ere utzi du zabalik, beharrezkoa balitz.

Hazkundea, berdin

Hazkundeari dagokionez, martxoan egindako aurreikuspenari eutsi diote bankuko ekonomialariek. Aurten euroguneko barne produktu gordina %1,5 haztea espero dute; datorren urtean, %1,9, eta 2017. urtean, %2. EBZk uste du susperraldiaren erritmoak abiadura galdu duela bereziki gorabidean dauden herrialdeen arazoek eraginda.

Diruaren prezioa inoiz baino txikiagoa da —%0,05—, eta bolada luze batean hala egoteak egonkortasun arazoak sor ditzakeela onartu zuen Draghik. Hala ere, zor merkatuetan izan diren azken gorabeherei garrantzia kendu zien. «Ezegonkortasun handiagoa izatera ohitu beharko dugu», ohartarazi zuen.

Edonola ere, EBZko agintariak ziurtatu zuen ez dutela burbuila arriskutsurik ikusi sektore eta merkatuei buruz egindako gainbegiratzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.