Siriako armadak hiru hilabetean galerak izan ditu hiru frontetan

Daraa probintziako base militar nagusia eta Jordaniako mugaren kontrola galdu ditu gobernuak.

2012az geroztiko egoera ahulenean egonda ere, fronte batzuetan aitzinera egin edo eustea lortu du

Mikel Rodriguez -

2015eko ekainak 11
Siriako armada 2012az geroztik jasan gabeko galerak izan ditu aurten. Gutxienez zortzi fronte nagusitan ari da borrokan Siriako Estatua desegin edo gutxienez Baxar al-Assad presidentea agintetik bota nahi duten taldeen aurka, eta azken hiru hilabeteotan hirutan egin du gibelera. Azken galera handia hego-mendebaldean jasan du. Hegoaldeko Frontea koalizioak Daraa probintziako base militar handiena hartu du, eta horrekin anitz sendotu du bere posizioa, duela bi hilabetetik Jordaniako mugako Nasib pasalekua ere kontrolatzen baitu. Dena den, ez dirudi baiezta litekeenik armada erabateko ahulgunea jasaten ari denik edo erretiratze egoeran dagoenik, bertze fronte batzuetan eusten ari baitzaio EIri eta bertze taldeei, eta Qalamunen (Libanoko mugan) erasora ari da Libanoko Hezbollah milizia xiitak lagunduta.

52 Brigada izeneko basea da Hegoaldeko Fronteak Daraan hartutakoa. Reuters agentziak argitaratutako argazkietan ikus daitezke zenbait matxino Siriako bandera berde-zuri-beltzak baseko paretetan zintzilikatzen —oposizioaren zati batek hartutako ikurra da hori—. Hegoaldeko Frontea dozena bat talde baino gehiagok osatzen dute, batzuk ideologia islamista sunitaduna. Mendebaldearen babesa dute, eta Jordanian base logistikoak dauzkate hango gobernuaren babesarekin. Hegoaldeko Fronteak dioenez, armadak 52 Brigada erabiltzen zuen «zibilen aurka» aire erasoak egiteko. Orain, koalizio armatu horrek basetik Jordaniarako mugarako bide osoa dauka kontrolpean. Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Hegoaldeko Fronteak basean lortutako garaipena baliatu du Daraaren ekialdean dagoen Al-Sweida probintziara hedatzeko erasoaldia, Al-Zalah aireportu militarra hartzeko. Ingalaterratik jarduten duen erakundea da behatoki hori.

Siriako Gobernuak ez du Daraako basearen galera baieztatu. Sana agentziak publikoak argitaratu du armadak Daraan aurre egin diela «terroristei», eta horiek Jordaniatik laguntza jaso dutela. Gerra hasi zenetik, gobernuak normalki ez ditu berehalakoan berretsi edo gezurtatu galeren inguruko berriak. Iragan martxoan ipar-mendebaldean Idlib hiria galdu ondoren, Al-Assadek handik bi astera aipatu zuen gertakari hori Suediako Expressen egunkariari emandako elkarrizketa batean. Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Frontearen eta haren aliatuen esku gelditu da Idlib hiria eta izen bereko probintzia osoa. 2013an Raqqa galdu zuenetik, lehenbiziko aldia izan da gobernuak probintzia oso bat galdu duena.

Daraa eta Idlib garrantzi handiko guneak dira gobernuarentzat. Idlibek hegoaldean du Al-Nusraren hurrengo helburua: Latakia. Biztanleen gehiengoa alauia den probintzia bakarra da Latakia. Xiismoaren adar bat da alauismoa, eta Al-Assad bera alauia da. Gobernuak babes zabala du alauien artean, eta muturreko islamista sunitek heretikotzat dituzte. Daraa, berriz, Damaskotik hurbil dago. Hiriburua gerraren hasieratik ongi zaindu du armadak, nahiz eta atentatuak jasan dituen eta kanpoaldeko landa eremuetan borroka latzak izan diren. Hiriburutik kilometro eskasera dago palestinarren Yarmuk kanpalekuko frontea. Puntu bereziki larria da gobernuarentzat, EIk Siriaren hego-mendebaldean kontrolpean duen toki bakanetakoa baita. Nazio Batuen Erakundearen arabera, EIk kanpalekuaren %60 inguru kontrolpean du, eta Al-Assaden alde nahiz aurka lerratuta dauden talde palestinarrak ari zaizkio aurre egiten muturreko talde islamista sunitari. Armadak inguratuta dauka Yarmuk.

Qalamunen, Hezbollahekin

Hala ere, gobernua ahulen dagoen zatian, herrialdearen ekialde zabalean, EIren aurka jasan ditu galera handienak: maiatzaren bukaeran, armadak Palmira hiri historikoa eta Al-Walid, Irakeko mugan kontrolpean zuen azken pasalekua galdu zituen bi egunen buruan. Gaur egun, militarrak Deir ez-Zor eta Al-Hasaka hirietan ari zaizkio eusten EIri.

Bertzelakoa da egoera herrialdearen bertze puntan, Qalamunen (Libanoko mugan, Damaskotik ipar-mendebaldera). Hassan Nasrallah Hezbollaheko buruak atzo Beiruten emandako hitzaldi batean adierazi zuen eskualdea milizia xiitaren eta Siriako armadaren «esku» dagoela. Eremu horretan EI eta Al-Nusra batera ari dira Hezbollahen eta militarren aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna