Gerrikoa birziklatu dute

Asegarce utzi, eta Garfen ari dira gaur egun Ekaitz Saralegi eta Asier Olaizola. Pilotaren harra barruan, festetako jaialdiak jokatzen dituzte han eta hemen.

Olaizola, aste honetan Leitzan jokatutako partida batean. Atzean, Mikel Goñi, Otxandorena eta Pascual. I. ZABALETA / ARP.
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Amaierak beti dira zailak. Eta beti eragiten dute tristura. Hala gertatu zitzaion Ekaitz Saralegiri (Amezketa, Gipuzkoa, 1979), hamalau urtez pilotari profesionala izan eta otsailean Asegarcek kontratua berritu ez zionean. «Berriz pilotarik ez ukitzea erabaki nuen, ez nuen jarraitzeko gogorik». Baina ate bat ixtean beste bat irekitzen da: «Berehala, Garfekoek deitu zidaten. Festetako partida batzuk jokatzeko aukera eman zidaten, eta animatu egin nintzen». Garfen, gainera, lagunak zituen: Mikel Goñi, Iñaki Otxandorena... eta Asier Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1975). Olaizola iaz iritsi zen Garfera.

Asegarcetik Garfera aldea nabaria dela aitortu dute biek. Olaizolak honela deskribatu du: «Erakustaldi partidak jokatzen ditugu, festetakoak-eta, herriko pilotariekin nahasita». Lagunartean aritzen dira, eta partidetan presiorik ez dutela azpimarratu dute. «Profesionalen presiorik ez dugu. Partida ikusgarriak jokatzen saiatzen gara, eta irabazi edo galdu ez du axola; ez dugu ezer jokoan», esan du Olaizolak.

Partidak lasaiagoak dira, baina bidaiak, luzeagoak. Garfek Erriberan eta Errioxan jokatzen du gehienbat. Lana dela eta, Olaizola etxetik gertu ari da, baina duela egun batzuk, esaterako, Guadalajaran —Espainia, 400 kilometroko bidaia— izan zen. Saralegi berriz, hara eta hona dabil: berdin-berdin jokatzen du Sorian zein Aian. Baina partida guztiak ez dira berdinak: «Gipuzkoa aldean jokatzen ditugun partidak gehiago bizi ditugu. Aurrekoan, Aian, tanto artean trikitia entzun, eta etxean nengoela sentitzen nuen».

Dena den, Errioxako partidetan animo gutxiago jasotzen dutela dio, beste izar bat miresten baitute han: Titin III.a. Upategi batek eta Garfek bultzatutako egitasmoan, eta dagoeneko 45 urte dituen arren, Errioxako herri askotan ari da jokatzen, eta Saralegi du maiz arerio. Oraindik jende asko mugitzen du: «Jende asko etortzen da. Denek animatzen dute Titin, eta gainerakoek haren itzalean ibili behar!». Dena den, pilotaleku guztietan izaten dute giro ona. Honela dio Olaizolak: «Erriberan, frontoia bete egiten da. Kanpoan, berriz, jendeak ez du askorik ulertzen pilota, baina ikusteko gogoz egoten dira».

Kontuak kontu, zaleak haiek ikusteko gogoz gerturatzen dira. «Oraindik erakargarri gara jendearentzat; agian datorren urtean ez, beste batzuk botako dituzte eta», azaldu du Saralegik. Olaizolak telebistaren garrantzia erantsi dio azalpenari: «Telebistan ikusi bazaituzte, asko eskertzen dizute profesionalek jokatzen ez duten herrietan aritzea».

Krisia asko nabaritu dute udalek, eta Aspek eta Asegarcek antolatutako jaialdietarako dirurik ez duten herrientzat aukera ona dira. «Afizionatuekin nahasita, Garfek prezio onean eskaintzen ditu jaialdiak», dio Olaizolak. Saralegirentzat aukera ona da Garfe, baina ez du uste enpresa handientzat lehia denik: «Aspe eta Asegarceren prezioak handiak dira, eta batzuek ordaindu ditzakete, eta beste batzuek, ez».

 Asegarcen zeudenean halako bi partida jokatzen dituzte, baina ez dira maila berekoak. Saralegi, zintzo: «Partidak eta pilotak ez dira berdinak. Asegarcerekin ez nuke jasango hainbeste jokatzea». Dena ez da uda, ordea. Jada begiratu diote etorkizunari, eta Saralegi ziur dago lana topatzean pilota utziko duela: «Aste guztia lanean eta asteburua handik hona, oso zaila da». Olaizolak , berriz, ez du utzi nahi: «Afizioz ari naiz, eta, fisikoa ongi dagoen bitartean, jarraituko dut».

Olaizola eta Beroiz, finalera

Olaizola eta Beroizek irabazi zuten atzo Zarautz Hiria torneoko lehen finalerdia. Bengoetxea eta Untoriak lanak eman zizkieten, eta sarri parean joan baziren ere, 22-16ko emaitzarekin amaitu zen partida. Bigarren finalerdia, berriz, gaur jokatuko da, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Hor, Irujo eta Barriola Altuna III.a eta Zubietaren aurka ariko dira, nor baino nor gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.