Gerdau taldeak ez die bere asmoen berri eman UGT, CCOO eta USOri

Atzoko batzarrean ere sindikatuek ez dute lortu ahalezko salmentaren informaziorik.ELA eta LAB egon ez arren, gaia mahairatu dute

Gerdau taldearen Basauriko lantegia, Euskal Herriko planta nagusia. LUIS TEJIDO / EFE.
xabier martin
2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Enpresa hitzarmenaren jarraipen batzarra zen, baina atzokoan ere CCOO, UGT eta USO sindikatuek Gerdau multinazionalak euskal lantegiak salduko ote dituen jakin izan nahi zuten. Alferrik. Brasilgo taldeak isil-isilik jarraitzen du, eta atzokoa batzar egokia ez zela esanez izkin egin zioten sindikatuei galderari. Ez alferrik, ELA eta LABeko ordezkaririk ez zegoen bilera horretan. Beste sindikatuek ez zuten kontuan eduki hori, eta ustezko salmentaren albisteak sorrarazi duen urduritasuna agerian utzita, zuzendaritzari informazioa argitzeko eskatu zioten lan itunari buruzko bileran. Mahaian sindikatu denak ez zeudela erantzun zuen zuzendaritzak.

Ezezkoari erantzuteko, UGTk alderdi politikoekin eta erakundeekin batzartuko dela iragarri zuen; haien bidez, multinazionalak lantegien inguruan dituen asmoak jakin nahi du. Baina erakundeek garbi esan dute ez dakitela Gerdauren asmoa zein den, ez dakitela egia ote den salmenta saioa. Eusko Jaurlaritzak «egoera lehenbailehen argitzeko» eskatu dio konpainiari. Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak ohartarazi du, txarrenean ere, Gerdauk lantegiak saltzeko asmoa balu Jaurlaritzak «neurriak» hartuko lituzkeela. Tapiaren esanetan, salmentarik balego, «erosle bat bilatu beharko litzateke». Inork ez du segurutzat jo salmenta oraindik, ez da enpresak ere, baina brasildarrek altzairutegiaren euskal adarra salduko duenaren ustea oso zabaldua dago langileen artean.

Aurreko astean hautsi zuen Gerdauk bere isiltasuna, lehen aldiz, salmentaren albistea argitaratu zenetik. Brasilgo Higiezinen Balioen Batzordeak egindako galderari erantzunez, Sidenorren salmentari buruzko erabakirik ez duela esan zuen. Azaldu zuen konpainiak sarri aztertzen dituela bere «aktiboak hobetzeko dituen aukerak, negoziorako, operazioetarako eta akziodunentzako onurak handitzeko helburu estrategikoarekin». Eta erantsi zuen horregatik erabiltzen dituela, sarritan, «inbertsio bankuen eta enpresa espezializatuen aholkularitza zerbitzuak, aukera horiek identifikatzeko».

Ehunka langile, zain

Sidenor konpainiaren oinordekoak dira Gerdauk Euskal Herrian dituen lantegiak. 2005. urtean erosi zuen Gerdauk Sidenor. Gaur egun, sei lantoki ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handiena Basaurin dago (egoitza nagusia), eta beste bana du Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Horrekin batera, altzairu arina ekoizten du Legution (Araba), eta Soraluzen (Gipuzkoa). Azkenik, txatarra biltzen du Legazpin (Gipuzkoa). Ustezko salmentak Espainian dituen lantegiei ere eragingo lieke. Guztien artean, 2.250 langile dira; Basaurin, 900 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.