Asteazken beltzena kalean

Macriren gobernuko lehen greba egin dute Argentinan. Eta historian emakumeek egindako aurrenekoa ere. Lucia Perezen hilketa basatia salatu dute milaka lagunek.

Indarkeria matxista salatzeko protesta, herenegun iluntzean, Buenos Airesen. DAVID FERNANDEZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Buenos Airesen, beltzez jantzita, aterkiak eskuetan, euri azpian, milaka eta milaka lagun kalera atera dira urteko asteazken beltzenean. Aurretik Mauricio Macriren gobernuko lehenbiziko greba nazionalarekin bat egin zuten herritarrek, herrialdeko historian emakumeek egindako lehenbizikoan. Lucia Perezen hilketa basatia hautsak harrotu ditu Argentinan. Mar del Platan hil zuten iragan urriaren 8an. 16 urterekin.

Feminizidio andanaren artean beste bat da; izan ere, asaldagarriak dira hildako emakumeen kopuruak. Urri osoan hemeretzi emakume hil dituzte; batez beste, heriotza bat eguneko. Lucia Perez nerabea, esaterako, drogatu eta bortxatu egin zuten, eta paldo batean sartu, oinazez hiltzera behartzeraino. Haren kasuak abiarazi du emakumeen mugimendu bizia; gero eta gehiago dira errealitate beltz honi aurre egiteko prest daudenak, eta gaiaren inguruan jarrera bat harrarazi die eragile politiko askori. Hainbat emakume taldek eta disidente sexualen elkartek antolatu zuten greba, Ni una menos, Vivas nos queremos y Nosotras paramos aldarri hartuta; beren eginkizunetan ordubeteko greba egin zuten eguerdian; iluntzean, berriz, mobilizazio bat egin zuten Buenos Airesen. Argentinako 138 hiritan ere martxak egin zituzten, baita Latinoamerikako beste hainbat herrialdetan ere.

Solek bere lankideekin batera parte hartu zuen eguerdiko geldialdian, baita arratsaldeko manifestazioan ere. «Gure bulegoan, ehun eta koska gara, eta horietatik 80 emakumeak; greba egin dugu, kalera irten gara, eta kalea itxi dugu». Pedrorentzat, berriz, aukera bat izan da ekimena «behingoz planto egin, eta naturaltzat hartzeari uzteko emakumeen eta pertsonen aldaera feminizatu guztien kontrako indarkeria, baita hari ez ikusiarena egiteari uzteko ere». Gizonezko antipatriarkalen batzar nazionaletan parte hartzen du, eta uste osoa du grebaren eraginkortasunean, «sistema kapitalistaren ekoizpen nagusiari erasaten baitio; eta sistema horrek, hain zuzen ere, ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenari erasaten diotenean bakarrik erantzuten du».

Azken urte hauetan gero eta eztabaidatuagoa da genero indarkeriaren auzia, eta agendan ere gero eta maizago sartzen dituzte, besteak beste, disidentzia sexualen, abortuaren eta patriarkatuaren berezko desberdintasunen inguruko arazoak eta eztabaidak; hala eta guztiz ere, heriotza horien inguruko auziak halakoak eragin dituzten kausetatik garbiturik daudenean bakarrik masifikatzen dira. Indarkeria matxista sustatzen duen azpijoko ekonomikoa, berriz, erresistentzia ugari sortzen duen eztabaidagai larria da oraindik ere.

Emakumeak kopuruetan

Argentinan, batez beste, %9,3 da langabezia; emakumeena, berriz, %10,5. Emakumeek egiten dituzte ordaindu gabeak diren etxeko lanen %76. Lan prekarioetan, soldaten aldea %30etik %40ra igotzen da, gizonezkoekin alderatuz gero. Soldata baten truke lan egiten duten emakumeen %20k etxeko lanak egiten dihardute. Gainerakoan, gehienbat, irakasle eta erizain jarduten dute emakumeek; lanbide funtsezkoak izanagatik, hierarkiaz gabetuak dira. Seme-alabak izandakoan, emakumeak arduratzen dira haiek zaintzeaz, eta jarduera tasa jaitsi egiten da, %54tik %39ra. Motzak izan ohi dituzte amatasun baimenak, eta estatuak ez du toki hutsik bermatzen haurtzaindegietan.

Herrialdeko zentral sindikal nagusiek deialdiaren berri eman behar izan zuten. Aurretik, baina, etengabe eskatu zaie greba nazional batera deitzeko, Macriren gobernuaren doikuntza neurriei kontra egiteko asmoz. Langileen bi zentralek (CTA eta ATE) eta hainbat gremiok neurri batzuekiko atxikimendua azaldu zuten, eta zentral sindikal nagusiak (CGT) —Ni Una Menos taldekoekin bildu eta gero— bere babesa adierazi zuen, baita hitzeman ere babestu egingo zituela grebarekiko atxikimendua azaldu zuten pertsonak, neurri hura babesteagatik kikilduak, jazarriak baldin baziren edota soldata murrizten baldin bazieten ere.

Kontraesanak

Deialdiak berebiziko garrantzia izan du, eta haien aldera lerratzera behartu du jendea, bai gaiaren zailtasunak zeharo kezkatuta dauzkan eta auzian lehenbailehen esku hartzeko premia ikusten dutenak, bai beren babesa ematera interpelatuak izan direnak; baina, egunez egun, elkarren alderantzizko bidean lan egiten dute. Egun hauetan, deialdiaren berri izan orduko, telebistako aurkezle askok eta askok babestu dute deialdia, hunkiturik, nahiz eta telebistako beren eguneroko jardunean emakumea gauza bihurturik ageri duten pantailan. Aste batzuk lehenago, hedabide horiexetan, ez zuten jakinarazi emakume batzuk bilduak zirela eta 12.000 pertsona ere elkartu zituztela manifestazio batean; aitzitik, paretetan hainbat pintaketa agertu zirela eta poliziarekin istiluak izan zituztela bakarrik aipatu zuten, ikaraturik, parte hartzaileak deabrutzeraino.

Beste horrenbeste esan daiteke indarkeria matxista prebenitzeko, zigortzeko eta errotik erauzteko politiken alde egin beharko luketenez ere. Batetik, beren errefusa azaldu ohi dute gero eta ugariagoak diren indarkeriazko ekintzen aurrean; bestetik, baina, kendu egiten dituzte sexu hezkuntza integralerako programak, eta uko egiten diote protesta babesteari, atzo Diputatuen Ganberan gobernuko alderdiarekin gertatu zen moduan. Atzo jakin zen, halaber, parlamentuko ekinaldian ez zutela sartu irizpen bat, genero indarkerian espezializaturiko Unitate Fiskal bat jaso behar zuena. Jakiteko dago nahita izan zen, edo deskuidu bat; nolanahi ere, bata zein bestea izan, agerikoa da ez dutela inolako interesik gai horretan.

Hala eta guztiz ere, atzo mobilizatu zirenetako gehienen ustez, baita aurreko egunetan sare sozialetan beren iritzia hedatu dutenen ustez ere, zerbaiten hasiera da. Solen ustez, zerbait garrantzitsua da, transbertsala delako eta askotariko eskaerak dakartzalako. «Orain, heriotza baten inguruan azaldu da indarkeriaren auzia, baina garrantzitsua da horren dimentsio ekonomikoa ikusaraztea, horixe baita gehien ukatzen dena; nolanahi ere, zerbait iraultzailea da, nik uste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.