Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Mayk ia bi heren murriztu nahi du Erresuma Batuko immigranteen kopurua

Publizitatea

Mundua

Mayk ia bi heren murriztu nahi du Erresuma Batuko immigranteen kopurua

Ekainaren 8ko hauteskunde orokorretarako programa aurkeztu du lehen ministroak. Laboristek migrazio lege «justuak» proposatu dituzte
Theresa May eta haren alderdiaren aurkako protesta egin zuten atzo Halifaxen.
Argazkia: NIGEL RODDIS / EFE

2017-05-19 / Ander Perez Zala

Brexit-aren alde bozkatu zutenen arrazoietako bat immigrazioa izan zen, eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak kontuan hartu du datu hori ekainaren 8ko hauteskundeetarako programa osatzean. EB Europako Batasuna uzteko negoziazioetarako eta immigrazioari loturiko hainbat marra gorri zehaztu ditu Alderdi Kontserbadoreak, hiru aste barru egingo diren bozetan gehiengo osoa sendotzeko. Proposamen eta helburu asko jakinarazi dituzte, baina adierazgarrienetako bat immigrante kopuruari buruzkoa da: egun 273.000 sartzen dira erresumara, eta Mayk 100.000 baino gutxiagora jaitsi nahi du tasa, ia bi heren. 1997an izan zen azken aldiz erresumara sartu zirenen kopurua 100.000 baino txikiagoa.

Murrizketa hori ez ezik, EBko kide ez diren estatuetako langileak kontratatzeko bikoitza ordaintzea ere proposatu du; jomugan jarri ditu, gehienbat, Europa ekialdetik doazenak. Langile bakoitzeko 2.338 euro ordaindu beharko dute enpresek urtero, kontserbadoreek bozak irabaziz gero —lortutako dirua langile britainiarren formakuntzara bideratuko dute—. Neurriek kritika handiak jaso dituzte, zaila izango delako helburu horiek betetzea ekonomia okertu gabe; enpresari askok behin eta berriz adierazi dute atzerriko langileen esku dagoela beren iraupena. Galduko litzatekeen produktibitatea eta gaitasunak 7.000 milioi euroko kostua izango luke urtero Erresuma Batuko ekonomian, Aurrekontuen Erantzukizunerako Bulegoaren arabera.

Mayk ahalik eta boto gehien lortu nahi du egun duen gehiengo osoa zabaltzeko, eta, horretarako, UKIP Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdiko boto emaileak limurtu beharko ditu. Ez hori bakarrik: Alderdi Laboristako boto emaileei begira ere jarri da, programan aurkeztu dituen neurri sozialen bidez. Kontserbadoreen manifestuaren arabera, «hobea» da EBtik ateratzea akordiorik gabe, akordio «txar» batekin baino. Aldi berean, «harreman berezi eta sakona» lortu nahi du Mayk EBrekin, betiere merkatu bateratutik eta aduana batasunetik kanpo. Horrez gain, Erresuma Batuko lehen ministroak bost «erronka nagusi» finkatu ditu brexit ondoko garairako: ekonomiaren garapenari eustea; brexit ordenatua eta kohesio nazionala lortzea; «meritokrazia handi» bat eraikitzea; zahartutako gizartea tratatzea; eta etengabe eraldatzen ari den teknologiara egokitzea.

Laboristen programa

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruaren iritziz, «beteko ez diren hitzemateekin eta porrotekin» osatu du programa Alderdi Kontserbadoreak. Hain zuzen ere, buruzagi laboristak asteartean aurkeztu zuen alderdiaren programa, Gehiengoarentzat, ez gutxiengoarentzat izenekoa, nahiz eta aurretik ezagutarazi zen edukiaren parte bat.

Immigrazioaren kudeaketa «arrazoizkoa» izatea proposatu du Corbynek, helburu eta zifrarik zehaztu gabe: «Immigrazioa lege justuak egingo ditugu. Ez diegu errurik botako ekonomia gaizki badoa». Brexit-ari dagokionez, kontserbadoreek ez bezala, laboristek merkatu bateratuan eta aduanen batasunean jarraitzearen alde egingo dute, EBrekin akordio bat lortzearekin batera.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak